MAGNIZIDIOA

January 23rd, 2012


Berria egunkariak 2012ko urtarrilaren 20an BI AHOTSETARA iritzi atalean argitaratu bezala:

Noizbait gertatu behar zuen. Segurtasun neurri guztiak hartu eta halako egoerak ekiditeko ahalegin eta badaezpadako abisu guztiak emanda ere, goiz edo berandu gertatu behar zuen. Instituzio eta sinbolo aunitzekin pasa den bezala, botere edo handitasun kontua baino gehiago, denbora kontua da. Arauak hausteko eginak daudela errepikatzea gustuko dugunon gozamenerako, beti iristen zaio ukiezina izan denari ahultasunak erakusteko garaia. Bibliak, erraterako, kontatzen du soilik tronpeta hotsak erabiliz bota zituztela aingeruek Jerico hiri itxi eta ukiezineko paretak. Egun, nekez imajinatuko dugu hiri bateko murruak dardarka jartzeko adinako presioa sortzeko gai den soinurik, baina zientzia fikzioaren esparrutik ateraz gero, ohikoagoa da bertzelako soinuzko armak irudikatzea: presio fisikoa eraginez baino gehiago probokazioaren bidez beren boterea erakusten duten armak. Batzuetan, eta hori da soinuaren berezitasun nabarmenetakoa, indarra eta bolumena, edo tamaina eta boterea ez dira eskutik helduta ageri. Soinurik ttikiena ere pentsaezineko triskantza sortzeko gai izan daiteke.

Joan den astean, mobil batek, sakelako telefono batek edo, zehatzago izateko, sakelako telefono baten bozgorailu ñimiñotik ateratako politono batek isildu zuen New Yorkeko orkestra filarmoniko handia. Kronisten arabera, 170 urte luze pasa behar izan dute orkestraren historian lehen aldiz halakorik ikusteko (nahiz bizi luze horren barnean azken urte guttitan baino ez dugun erabili sakelako telefonorik). Orkestra zuzendariak telefonoaren kantua entzun bezala gelditu zuen Mahlerren bederatzigarren sinfoniako azken mugimendua, haserre, eta ez zuen berriz ere orkestra martxan jarri telefonoaren bozgorailu ttiki bezain boteretsua isildu arte. Momentu batez telefonora deitu zuen ezezagunaren lekuan jarri naiz. Enkargu bat, agur soil bat edo maite zaitut goxo bat erran nahian instituzio oso baten ahultasuna agerian utzi zuen deitzailearen tokian.
Goiz edo berandu, denok bihur gaitezke soinuzko magnizida.

Xabier Erkizia


Leave a Reply