ITZULI ZUZENEKORA

November 27th, 2013

2013ko azaroaren 14an BERRIA egunkariko A Capella zutabean agertu bezala:
Askok aipatzen dute: “diskoa behera doa, baina zuzenekoak izango dira salbazioa”. Bada, oro har, ez dut uste halakorik gertatuko denik. Dena den, gero eta gehiago kostatzen zait orokorki hitz egitea. Gure egoera inoiz baino hobea dela sentitzen dugu musikari batzuek, eta beste batzuek ez dute biderik aurkitzen, baina hori beti izan da horrela, eta oso zaila da zergatiak jakitea.
Gutxitan, baina zorionez oraindik batzuetan, musikariren baten hitzak entzuteak edo irakurtzeak badu halako efektu analgesikoa sortzeko gaitasuna. Ez dakit, mistikotasunean erori gabe, hitz sendagarriak direla erratea zilegi den eta ez dakit migraina guztiz sendatzeko balio duten, baina burukomina baretzeko behintzat bai. Ruper Ordorikari ebatsitakoak dira.

Zuzenekoak musika salbatuko duela entzuteak halako burukomina sortzen dit aspaldian. Akaso, musikak salbazioa beharko balu bezala hitzegiten dutenek sortzen didate burukomina. Diskoen salmentak maldan behera hasi zirenean, eta haren aitzinean ezarritako politika komertzial eta legalen zalantzagarritasunak nolabait musikari ofizioaren ondradutasuna ere zalantzan jarri zuenetik, zuzenekoa, ez soilik ofiziaren salbazio, baizik musikari-artisauaren benetakotasuna berreskuratzeko tresna bezala saldu digute. Halakoak entzuterakoan, zuzenekoa, garai latz hauetan gizartearen aitzinean musikari edo artista izateak suposatzen duen ustezko luxua justifikatzeko modua baino ez dela iruditu izan zait beti. Eta ez da hala, inoiz ez da izan. Halaere, susmoa dut geroztik zuzenekoak barra-barra ugaritu direla leku guztietan. Egunkarietako agendek ez dutela nahikoa orri, ezta guk nahiko belarri, eguneroko emanaldi guztiak zerrendatzeko eta entzuteko. Seguruaski musikaren historia osoan inoiz ez da gaur bezainbertze zuzeneko emanaldirik antolatu, ezta jo ere. Baldintzak ordea, ez dira sobera aldatu, ez badira txarrera joan. Musikariok zuzenekoak salbatuko gintuen promesak ez du inor salbatu. Ez du burukominak baretzeko ere balio.

<strong>Xabier Erkizia</strong>

Leave a Reply