20 urtez MP3ekin

April 26th, 2007

audior.jpg

Gezurra badirudi ere, dagoeneko 20 urte pasa dira Moving Picture Experts Group izeneko taldeak MPEG audio layer 3 soinu-euskarri dijitala, MP3 bezala ezaguna, merkaturatu zuenetik. Dudarik ez dago, asmakizun honek musika dijitalaren mundua (eta orohar mundu dijital osoa) iraultzeko erakutsi duen ahalmena haundia dela eta horren adibide garbiena bi hamarkadatan soinua gorde, entzun eta kontsumitzeko euskarri estandarra bihurtzerakoan erakutsi du. Konpresio sistema honen arrakasta ordea ez da eskaintzen duen soinu kalitatearengatik (jatorrizko dokumentuari informazioa kentzean oinarrituta baitago nagusiki) etorri, sarean nahiz bestelako tresna dijitalen bitartez eramangarritasun, eskuragarritasun eta elkartrukerako eskaintzen dituen erraztasunengatik baizik. Halaere horrek ez luke inor harritu beharko, jakina baita soinurako euskarrien eboluzioa ez dela, inondik ere, kalitatearen araberakoa izan. Thomas Edisonek XIX. mende bukaeran soinuak “enlatatzeko” edo gordetzeko sortu zuen lehen asmakizunetik gaur egungo ipod eta antzeko tresnetera iritsi bitarte, industria teknologikoak erabaki du, bere momentuko interesen arabera, zein euskarri bihurtu estandar. Inoiz ez erabiltzaileak. Hortaz, neurri batean MP3aren arrakastak badu zer erakutsi erabiltzaile eta industriaren arteko erlazio hortan. Hasiera batean inolako promozio kanpainarik gabe (industria hortaz konturatu zen arte) sarean zabaldutako euskarria izanik, musika elkartrukatzeko orduan erakusten dituen abantailak (pisu gutxiago, beraz abiadura gehiago) egin zuten ezagun internauta eta musikazaleen artean. 80ko hamarkadan Grateful Dead taldeko jarraitzaile sutsuek beraien bootleg edo “grabaketa ez-ofizialak” elkartrukatzeko erabiltzen hasi ziren P2P (peer to peer) sareak eta Napster (ez gaur egungo Napster “ofiziala”) bezalako plataforma dijital aitzindariek egin zuten gainerakoa.
Historia ordea ez zen nahi bezain erraza izan eta musikaren industriak RIAAren (AEBetako musikaren industriaren elkarteak) bidez jarritako salaketa gogorren ondorioz, 2001ean epaiketa gogorrei aurre egin behar izan zieten Napster eta antzekoek. Arazoak arazo, gaur oraindik MP3a, geroago Microsoftek plazaratuko zuen WMArekin eta GNU lizentziapean sortu zen (eta sarean abiadura bizian zabaltzen ari den) OGG euskarriarekin batera, musika kontsumitzeko euskarri nagusiena da, oraindik merkatuan indartsu mantentzen den Compact Disc-aren gainetik. Denda digitaletan saltzen da, poliki poliki denda ofizialetan ere, baina nagusiki sarean etengabe elkartrukatzen dira (legalki eta “ez legalki”) mp3 dokumentuak.
Noiz arte?

Xabier Erkizia

Soinu euskarrien historia eta aldaketak ezagutzeko zenbait liburu eta artikulu interesgarri:
- El formato es el reto, Anna Ramos (Zehar #53, 2004) download
- Un siglo de música grabada, Timothy Day (Alianza Música, 2000)
- Sonic Boom: Napster, P2P and the future of music, John Alderman (Fourth State 2002)
- Wikipedia (esp): MP3

Leave a Reply