LIBURUA

Izenburua: Noise & Capitalism (Zarata eta kapitalismoa)
Argitalpena: Arteleku Audiolab (Kritika saila), Donostia (Gipuzkoa), Espainia.
Argitalpen data: 2009ko iraila
Hizkuntza: Ingelesera (gaztelerazko eta euskarazko itzulpenak 2010ean argitaratuko dira)
ISBN: 978-84-7908-622-1

Kolaboratzaileak: Ray Brassier, Emma Hedditch, Matthew Hyland, Anthony Iles, Sara Kaaman, Mattin, Nina Power, Edwin Prévost, Bruce Russell, Matthieu Saladin, Howard Slater, Csaba Toth, Ben Watson.
Editoreak: Mattin & Anthony Iles

AURKEZPENA:

“Zarata” hitzak ez dio izena soilik ematen inorena ez den lur-esparruari, ikerketa elektro-akustikoaren, inprobisazio librearen, esperimentu abangoardistaren eta soinu artearen artean dagoen horri; are interesgarriagoa da, izan ere, generoen arteko ohiz kanpoko interferentzia-guneei buruzkoa da: post-punkaren eta free jazzaren artean; musique concrète-aren eta folkaren artean; konposizio estokastikoaren eta art brut-aren artean. – Ray Brassier

Zarata eta kapitalismoa liburua bizitzen ari garen egoera ulertzeko tresna bat da, kapitalismoak gure praktikak eta subjektibotasunak zehazten dituen modua ikusteko. Gaur egungo alienazioa ikertzen du, inprobisazio eta zarata praktikek une emantzipatzaileak eduki edo eragin ditzaketen jakiteko asmoz; aldi berean, praktika horiek aipatu uneak luza ditzaketen harreman sozial batzuk nola erakusten dituzten ere aztertzen du.

Gure musika sortzean inguratzen gaituzten baldintzek guk musika egiteko dugun moduan eragina baldin badute, saia gaitezen orduan horien bitartez sentitzen, horiek ahalik eta gehien ulertzen eta, ondoren, saia gaitezen baldintza horiek aldatzen.

Kapitalismoa gure zentzumenez jabetu bada eta “arretaren ekonomia” baten zerbitzura jarri baditu, berreskura ditzagun bada gure zentzumenak, gure sentitzeko gaitasuna, gure hartze-ahalmenak: has dezagun gerra mintzetik!

Hizkera alienatua zarata da, baina zaratak bestelako aukerak izan litzake, batek daki, diskurtsiboak baino afektiboagoak, dogmatikoak baino enigmatikoagoak.

Zarata eta inprobisazioa arrisku praktikak dira, “hauskor bihurtzen” direnak. Baina arriskuok erantzukizun sozial bat dakarte, “gezurrezko askatasunetik” haratago eraman gaitzakeena, desadostasunaren batasunetan sartuz.

Zeharka apaindutako kritika akademikoaren, gehiegi espezializatutako merkatu nitxoen eta intelektualen aurkako eskapistaz betetako sotoen artean esekita gaude. Azken finean, “gu guztiok dugu barnean Franco, Churchill edo Roosevelt bat…”, baina liburu hau ez dute ez buruek ez jeneralek idatzi. Hemen, izendatu ez diren praktikagileek, nahiz eta interesgarriak izan, nolabait, gaur egungo baldintzen bidez pentsatzeko moduak autoteorizatzen dituzte, musika zailtzeko eta bulkada aurikularrak asetzeko eta nahita maltzurrak diren moduetara irekitzeko.