ARDILARRUZ MOZORROTURIKO OTSOA

[gaur BERRIA egunkarian]

Myspace.com webguneak eragin izugarria lortu du musikaren banaketaren alorrean azken urteetan. Interneten ustezko demokratizazioaren beste adibide bat da.

XABIER ERKIZIA

Musikaren industriak inoiz bizi izan duen astinaldi gogorrenaren errudun izan zen Internet; hura sortu zela hainbat urte pasatu ondotik sarea musika banatzeko egitura eraginkorrena eta zabalduena bihurtu da mundu osoan. Eta horrelakoetan gertatu ohi den bezala, ustez erabiltzaileei onura besterik ematen ez dieten egiturak baina azpitik bestelako helburuak dituztenak ezagutzen hasi gara: Interneteko otsoak.

Oinarrizko ideia aski sinplea da Myspace webgunearen kasuan erraterako: ezer ordaindu gabe, espazio jakin bat eskaintzen dio erabiltzaile orori bere gustuko informazioa, irudiak, musika edo bideoak zintzilikatzeko. Erabiltzaileak ez du programazioari buruz ezer jakin beharrik horrelako webgune bat mantentzeko, eta gainera orri bakoitza erraz pertsonalizatzeko aukera du. Interneten ustezko demokratizazioaren beste adibide garbi bat da, baina atzean pentsa daitekeena baino arazo konplexuagoa gordetzen du.

MYSPACEREN HISTORIA. Myspace.com webgunea 1998an sortu zen artxibo digitalak trukatzeko helburuarekin. Hasiera batean, ordea, ez zuen arrakastarik lortu, eta sortu eta hiru urtera bertan behera utzi zuten sortzaileek. 2001ean informazio eta azpiegitura guztia Intermix Media enpresari saldu zioten.

2003an berriz, blogek eta antzeko webgune pertsonalek sarean sortu zuten sukarra jarraituz, gaur egun ezagutzen dugun Myspace.com aurkeztu zuen jabe berriak, eta guztiz bertzelako erantzuna jaso. Fox Interactive Mediak (Fox erraldoiaren enpresa digitala) izugarrizko dirutza ordaindu zuen gune horren truke, hain izan zen ona harrera: 580 milioi dolar izan zen kopurua hain zuzen.

Rupert Murdoch Foxeko arduradunak argi ikusi zuen egitasmo horren potentziala eta gaur egun duen arrakasta ikusirik apustu bikaina egin zuela onartzea zilegi da.

Myspaceko arduradunek webgune horietan informazioa eta argazkiak ezik, musika zintzilikatzeko aukera ere gehitu zutenean hasi zen dena aldatzen. Bat-batean webgune horiek mundu osoko musikariendako promozio tresna ikaragarriak bihurtu ziren eta orri pertsonalez gain, musika taldeen guneak etengabe ugaltzen hasi ziren.

Myspace.com-en orririk ez duen talderik aurkitzea gero eta zailagoa da gaur egun, eta fenomeno horren aurretik lanean ari ziren artisten artean antzeko espaziorik dutenen kopurua altua bada, talde edo kantari berrien artean ez dago kolorerik. Lehen kalkuluen arabera, sortzen diren talde, bakarlari edo bestelako musikarien erdiek baino gehiagok zintzilikatzen dute beren musika myspace.com-en.

Estatistikek argi eta garbi erekusten dute: Murdochen webguneak 60 milioi erabiltzaile baino gehiago ditu, eta batez bertze eguneko 250.000 erabiltzaile gehiago lotzen du bere sarera. AEBetan bisita gehien duen webgunea da eta Interneten egiten diren bisita guztien %4,5 jasotzen ditu, gorako joerarekin gainera.

ARCTIC MONKEYSEN KASUA. 2004. urtean gaur jada izugarri famatua den Arctic Monkeys musika taldeak bere myspace webgunea sortu zuen, eta bertan bere kantuak zintzilikatuz izugarrizko arrakasta lortu zuenean etorri zen egitasmo horren gorakada handiena. Gaztetxoz osatutako talde horrek iraultza sortu zuen ordu arte Internet begi zeharka ikusten zuen musikaren industrian.

Egun batetik bertzera, euren kantuak debalde banatzetik, disko bakarra argitaratu eta historiako disko salmenta kopuru handienetakoak lortu zituzten, esaterako The Beatlesen mailako taldeen kopuruak gaindituz. Lehen aldiz Interneteko deskargek diskoen salmentan eragin onuragarria izan zezaketela argi eta garbi erakutsi zuen talde ingelesak.

Inor gutxik daki, ordea, zer etorri zen ondotik. Horrelako arrakastaren aurrean Myspaceko arduradunek taldea auzitara eraman zuten, haiek jakin gabe kantuak webgunera- tzean eskubideak eman baitzizkioten enpresa digitalari.

KONTRATUARI LOTUTA. Myspace.com-eko erabiltzaile orok, bere webgunea martxan jartzen duenean kontratu bat sinatzen du webgunearen jabearekin, alegia Foxekin. Kontratu horren arabera, webgune horietan zintzilikatzen den dokumentu ororen eskubideak -berdin testua, argazkiak, bideoak edo musika izan- Fox Interactive Mediaren esku gelditzen dira. Pentsa bada, myspace orrialde bakoitzean batez bertze bizpahiru kantu topatzen baditugu Foxek mundu osoko zenbat kanturen eskubideak gordetzen dituen poltsikoan egunero.

Baina Myspace ez da gisako adibide bakarra. Blogger edo Flicker moduko zerbitzuek erabiltzaile bakoitzari zintzilikatutako informazioaren gaineko eskubideak nahi bezala kudeatzeko aukera ematen duten bitartean, MSN spaces, Pure Volume, Facebook edo Youtube moduko beste plataformek eskubideei buruzko politika gogorrak mantentzen dituzte. MSNspacek erraterako, bere kontratuan doan eskainitako espazioan zintzilikatutako edozer nahi bezala erabiltzeko eskubidea ematen dio bere jabeari, alegia Microsofti.

Interneten etorkizuna nolakoa izanen den eztabaidatzen ari den bitartean beldurgarria da lehen bistadizoan erabilgarriak edo lagungarriak izan daitezkeen webgune horien egile eskubideei buruzko politika, eta oraindik izango dituen eraginak jakitea zaila bada ere, adi egotea komeni da. Norbaitek pentsatu al du zer gertatuko litzatekeen Interneteko enpresa horiek mundu osoan argitaratzen den musikaren ehuneko handi baten jabe bakarrak bihurtuko balira?

Leave a Reply