Zarata Zabala hik!, edo hük!, jük!

Berria egunkarian Pello Zabalak

Zarata baino hobea

Patziku Perurenaren apo kontuak gogoan, halaxe arrimatu nintzen atzo gaugiro ederrean, nire laguntxoen ingurura: pozik jakin bainuen han, alde banatatik zetorren soinutxoaz, pare bat apotto badela; gutxienez, pentsatu nahi nuke, isilik dagoenik ere izango delakoz, eta onenean, kantuan dabiltzanak baino gehiago. Gandiaga Topagunera zetorren neska-mutiko gazte koadrillak zanpatuak izatetik iaz salbatu nituen pare hura ete dabil hor belarrarte hezean aurten?

Nolanahi ere, gaztetxoak ote diren nabil, atzoko kontzertu saio bare lasaia barneratu ostean. Ezin nuen bost bokaletan bildu soinua: ez zen a, ez e, ezta u ere, o itxi horri ere ez zaio arrimatzen… i duela gertukoena dirudit, baina i itxi samarra ere bai, frantsesen u horren antzerakoa… iparraldeko apotxoren baten odolekoak, agian…

Soinu laburra bukatu bai, motx ta seko amaitzen du, k batek soinua ixten duen antzera. Eta hasierako arranketxoak, berriz, j baten antza ere badu, baina zintzurreratu gabe, ia h ahuldu baten antzadun edo… hik!, edo hük!, jük!… honelako buruhaustez eduki ninduten atzo bi ttikiek tarte luzeantxean; hori baita bestea: gaztetxo direla badirudit, ahotsa guztiz egin gabea dutelako da, ez tiple, ta bai kontralto antzeko ahotsa, eta batere gizendu gabea.

Hamarrak ondo jo arte han ninduten euren jardunetik esegita txintxilik. Hamarrak, esan dut, eta gure dorreko azken kanpaisaioa, atzo behinik behin, temosoa eta bukaera gabea egin zitzaidan, nire entzumena analisi txorrotxean baitnerabilen. Tartean, noski, bestelako zaratak ere bazeuden. Herenegun ez bezala, atzo 16 kotxe kontatu nituen plazoletan, eta 4 nire isilbeharrari enbarazo galanta emanez joan ziren, motor zikinen zaratatzarra zeriela. Alta, kotxe urtedun zaharrantza, marranta betean etorri, plazan jiratu eta motorra eztarria lehertu beharrean agudobetean itzuli zenean: bazen aposturen bat tartean…

Nik ekarri nuen bakea, ia hantxe bertan lo hartzeko tamainakoa zen… ez zidaten porrokatuko zarata guztiek batera ere…

Leave a Reply