HIRUGARREN BELARRIA

[Puglia+221

ERTZ Bertze musiken 12. jaialdiak aurkezten du:

HIRUGARREN BELARRIA

Entzumenari buruzko jardunaldiak (1. zatia)
Hizlariak: Carmen Pardo, Ramón Andrés, Marta García Quiñones, Arantxa Iturbe, Patziku Perurena

Irailaren 13, 14 eta 15
ARTELEKU, Donostia-San Sebastián (Gipuzkoa)

PDFa deskargatu

Hizkuntza saihesten duten moduetan artikulaturik, hainbat soinu gertakizunek geure lekutik ateratzeko gaitasun berezia dute. Beraz, ez da harritzekoa adierazpen hauetako hainbat mundu sinboliko, politiko eta sakratuarekin lotuak izatea.

Murray Schafer konposatzaile eta irakasleak “Zarata sakratua” deitu izan die egunerokotasunarekin hautsi eta onartutako arau guzien gainetik sortzen diren soinu horiei. Behin gizakiaren eskuhartzetik kanpo, zarata hauek boterearen adierazpide bihurtuko lirateke. Horren adibide Jainkoek eragindako trumoiak eta tximistak edo apezen ezkil eta danborrak. Schaferrek, ideia bera egokitzen du gaur egungo teknolojiara: sakratua eta ukiezina den zarata horrek, tresneria modernoetan eta zibilizazio sekularrean ere bere lekua egin duela argudiatuz.

Garai honetan kontuan izan beharrekoa da sakratutasunak beste makinaria batzuekin izan dezakeen zerikusia: adostasun sozialarekin, esaterako. Gizabanako modernoa eta bere barne-munduaren garapenean isolamendu akustikoak berebiziko garrantzia izan du (norberarentzako liburuaren irakurketatik i-pod-era). Hauek jendetzaren zarataren aurrean zein eraginkorrak izan daitezkeen argi ageri zaigu gaur. Agustin García Calvok, gaztelerazko hitz jokoaz baliatuz Medios de formación de masas/ Fedabide deitzen dituenez ari gara. Edo bide berean, Guy Debord-ek Espektakuluaren Gizartea, eta berriki Giorgio Agambenek Carl Schmitten irakurketa eginez “arrakastaren forma modernoa” bezala definitzen duen iritzi publikoaz. Beraz hemen, inguruan dagoen jendetzaren oihua, edo komunikazio prozeduren joan-etorria sintonia berberaren osagai dira: ereserkiak, kantatak, aurrez grabatutako barreak, txaloaldiak, kantu arrakastatsuak, mantrak, oihuak…

2011n hasi eta 2012an jarraituko duen mintegi hau, soinuak, sentimendu bakarrak eta errepikaezinak sortzeko duen gaitasunetik abiatu nahi dugu. Eta bide horri jarraituz eztabaida, argitalpen, entzunaldi eta erakusketez osatuz joango da. Egitasmo honen bidez entzumenaren funtzio politikoa eta errituala aztertu nahi dugu, demokratiko eta demagogikoa. Edo nahi bada, soinuak giza-taldeak batzeko duen gaitasun “sakratua”.

EGITARAUA:
2011/09/13 > 19:00
Jardunaldien aurkezpena Oier Etxeberriaren eskutik
Hitzaldia – Carmen Pardo: Soinuzko masajeak burbuila globalean

2011/09/14 > 19:00
Hitzaldia – Ramón Andrés: Entzumenari, soinuari eta izpirituari buruz
Hitzaldia – Marta García Quiñones: Musikaren entzumena, arretaren eta memoriaren artean”

2011/09/15 > 19:00
Hitzaldia – Arantxa Iturbe: Behin. Zuretzat. Orain
Patziku Perurenarekin solasean: Ixo, lurra aditzen ikasi artio!
Hitzaldien ondoren eta ERTZ jaialdiaren egitarauaren barne, Ferran Fages musikariak kontzertua eskainiko du “Radi d’Or” laneko zatiak oinarri hartuz.

Aldiberean eta jardunaldiek irauten duten bitartean Sonoscop-Orquesta del Caos egitasmoaren Gorreriaren artxiboak izeneko lan bilduma kontsultarako egongo da Artelekun.

…………

HIRUGARREN BELARRIA Oier Etxeberriak eta Xabier Erkiziak elkarlanean sortutako egitasmoa da.

+ info: www.ertza.net / blogs.arteleku.net

“Iru belarri-mota bereizi oi ditugu: 1) ageri dan aragizko belarri au; 2) irudimenaren belarria, ta 3) adimenarena edo zentzu ispiritualena esaten zaiona. (…) Lenengoarekin musika zoragarria entzuten da. (…) Bigarren belarria, irudimenarena, lanean jartzen da bere oroimena edo gogoramena piztuz. Zango-ariña da, ta guztiz ibiltari. (…) Geldiro-geldiro, motelduz motelduz joaten da, adimena bakarrik gelditzen dala, entzundako arri-bizi edo oiartzun edo erantzun erdi-ixil batekin- Ola dijoa ixilduz, osotara itzali dedin arte, soñu, sorgin-soñu ta nolanaiko ots bixiko edo diferenteak. Hirugarren belarria antxen asten da.”

Orixe. Jainkoaren billa.

Leave a Reply