Pello Zabala: tak-tzen-tok-tonk-tzink zozoak
Pello Zabalak gaurko BERRIA egunkariko zutabean
11 minutu txalapartan
Dasadan lehenik, atzo ez bezala, gaur, han beheko errekondo urdurundikoan bedere, zozo baten jarduna entzun eta gozatu dudala; eta baita, arrats ilunkaran, goragoko beste lagun batena ere. Bi zozo baditut, beraz, bihar agurtu beharrekoen listan. Baina, gaurko txalaparta kontzertua, 11 minutukoa, txora txora utzi nauena, okilarena izan da. Hura gozamena!
Lasai, konta diezazuedan patxadan.
Oreka TX talde artistetan artista dela kontu jakina da: baina, gaur goizeko nire txalapartari partikularrak ez zuen batere inbiriarik. Hura zen emana, hura! Eta ez 3 oholetan, keba! 7 tonutatik gora atera ditu, eta bat metalizatua ere bai! Eta ez makila parea oholjokan saiatuta, bestela baizik…
Makal lerden pare edo bikote bat zuen bere gosarimahain. Beheko aldetik bizirik daude makalok, hosto pinportatxoak leherzorian. Baina lauzpabost metro gora, gerria ihartuta eta adarrak galduta. Erdiko zugatz tantai ohikoan, metroerdiz azpiko adarmutturrak zituen alde orotara. Makal gerripean hasi eta gora ta gora, bost sei mokokazo tak-tak-tak-tak-tak gardenaskoak entzuten nituen bidean behera nentorrela. Eguzki errainutan garbi, hantxe ziharduen, xalto parea gora eta tak-tak-tak takatazo itzelak emanez.
Noiztik behin xalto adarmotx batera, eta tonu altuagoa askozaz; jo berriro eta, tarteka, hartxo luzexka ateratzen zuen mokoan zintzilik… lepoa atzerakatuz, agudo zihoan zintzurrean barrura.
Halako batean, 30 zentimetro inguru luze zituen adartxoan hasi da eta, guztiz soinu metalizatua atera dio; jo berriro tzen-tzen-tzen-tzen ta berriro eta, pitzatua nonbait adartxo hori. Han saiatu da eta bi mokadu atera ditu.
Hurrena, gerrian behera, atzeraka ere artista baita gure txalapartaria, eta hor tok-tok-tok-tok-tok, soinu puztu gizenagoan jardun da al di batean: saioak mokadu potzoloagoa merezi izan dio. Salto hurrena beste adarpuntta flakoxtago batera: horkoa ja makila-tonua zen, oktabaz goititua. Ez du saririk atera eta adar gordinxeagora jo du: tonk-tonk-tonk-tonk… azkar utzi du gordina, barru trinkotxoa antzeman dio nonbait… beste adar kako batera, eta hau ere pitzatua: oraingoan tzink-tzink-tzink-tzink, erredoble pitzatu metalezkoa gogotik… Kostata, baina lortu du hor ere beste mokadu eder bat.
Hortik aurrera, adarño pitzatuetan saiatu da, harik eta tonu ezberdinen joku aberats baten ostean, hegada airosoz ospa egin eta gorabegira txoratuta utzi nauen artio. Erlojuak esan dit 11 minutu bete dituela kontzertu txalapartero bariatuan…