euskal SGAE bat???

AntiCopyright eta Copyleft izenekoei buruzko eztabaida izan genuen hemen duela zenbait hilabete. Beste blog batzuetan, ordea, EuskalSGAE bat sortzeko aukeraz ari dira batzuk. Joseba Tapiak Bazkan (http://www.bazka.info/) eta bere Blogean (WWW.JOSEBATAPIA.COM) horretaz dituen zalantzak plazaratu ditu, baita SGAEk ekarri dizkion buruhausteak eta arazoak ere. Egokia iruditu zait hemen azaltzea Tapiaren testua zuok ere irakurtzeko:

EZ NAGO SEGURU EUSKAL SGAE BAT NAHI DUDAN

Joseba Tapia

Badirudi azken bolada honetan idazleok kezkatuta zaudetela CEDRO bezalako erakundeez, egunkarietan irakurri izan dut horrelakorik eta Bazkan bertan ere jasoa daukazue gogoeta-gai bezala, Hiztegia atalean. Horregatik, idazlea ez banaiz ere antzeko pentsamendutan nabilenez, barruan dabilkidana botatzea pentsatu dut. Ez dakit gogoetarako balioko dizuen, baina kantariok gutxitan azaltzen ditugu geure laneko kontuak eta, besterik ez bada, egoera baten erakusgarri izan liteke.

Hirugarren diskoa grabatzen ari ginela (Dultzemeneoa, 1992) oraindik ez geunden alta emanda SGAEn. Baina ba omen zegoen diru bat guretzat hortik eta geuk jaso ezean beste norbaiti emango ziotela entzunda sartu ginen arrastoan.

Sociedad General de Autores y Editores horrek musika arloan egile garen guztion eskubideak kudeatzen ditu: musikagileonak, egokitzaileenak, letragileenak, interpreteenak… Elkarte hori zerga-biltzailea dela esan genezake, gure kanturen bat irratietan edo telebistetan ematen den aldiro hainbesteko bat kentzen du, eta guri koxka bat ematen digu, hainbesteko bat musikariari, hainbesteko bat letragileari; kontzertua edo erromeria daukagunean guk non dugun abisatu, jotakoaren zerrenda osatu eta horrela banatzen du dirua ostera, antolatzaileei hainbesteko bat kenduz sarreraren arabera etabar. Tabernek ere ordaindu behar izaten diote SGAEri.

Hala ere, batetik guretzat konplikatuegia zenez (artistok ez dugu papeleorako balio) eta bestetik Madrilen egin beharreko gestioak zirela-eta (alta eman gabeko hainbat kanturena, beste urteetan kobratu gabe utzitakoak…), editore bat aurkeztu ziguten disketxean, Euskal Herriko artista gehienen eskubideak kudeatzen zituena, orduan behintzat. Miguel Campos zuen eta du izena, eta berarekin sinatu genituen paperek diotenez gure eskubideen jabe da kantu askoren zati batean (%15 zen orduan, baina bizi osorako). Hasieran ez zegoen berarentzako titulurik, gaur editorea esaten diegu intermediario horiei. Gizon abila da Miguel Campos, auzi asko irabazi ditu: berak jo zuen ETBren aurka musikarion izenean, 60 ordu baino gehiago zeuzkan Goenkale sailean emitituak deklaratu gabe. Dena euskal musika, ETB euskal kulturaren alde.

Gure disketxeak ez zuen gehiegi maite tartekolari hau, baina berria zen afera eta behartuak zeuden (diskoak ekoizteko SGAEren zigilua behar dute). Denborak aurrera egin ahala, editore lan horretan sar zitezkeela konturaturik, disketxeak berak hasi ziren bitarteko lanetan, diruaren suman.

Garai batean artistak berak erabakitzen zuen nork egingo zuen kantuen eta doinuen eskubideen gestioa: beste norbaitek edota artistak berak (batez ere SGAEk Euskal Herrian ordezkaritzak sortu zituenez geroztik). Gerora ordea, disketxeak kontratuan obligazio modura markatzen hasiak dira. Alegia, diskoa beraiekin aterako baduzu, kontratuan bertan sinatu behar duzu zure eskubideen kudeaketa disketxeak egingo duela.

* * *

Polita da Hiru Truku taldean ezagutu genuena.

Gure lehenengo bi diskoak Madrilgo zigilu batek argitaratu zituen, Nuevos Medios izenekoarekin, guri hala komeni. Beraiek kudeatu behar zituzten SGAErekikoak, inposaketa zen, eta gure eskubideen %40a eskatu ziguten. Izutu egin nintzen, eta Miguel Camposi deitu nion, Tapia eta Leturiaren editoreari alegia, eta hark baietz, %50a ere eska zezaketela.

Ni izutuago, jakina: mesedea egiten ari zitzaizkigun!

Esan dudan moduan, euskal disketxeek laster jakin zuten pagotxaren berri, eta handik gutxira ezarri zuten baldintza bezala beren kontratuetan atal hau: diskoa ekoitzi ez ezik, artistaren eskubideak beraiek kudeatzea nahi eta nahi ez, eta editore lan horregatik %20a eta %30a eskatu izan dute beraientzat. Ez nintzateke harrituko handiagoak eskatuko balituzte.

Euskal kultura edo azpiegitura kulturala sendotzeko dela esaten dute. Aberriaren alde alegia. Baina sekulan ez digute esaten zein proiektu zehatz gauzatu behar den zerga horren bitartez.

Erne, idazleok: egunen batean salmenten %10tik behera kobratuko duzue, eta zeuen liburu bati buruzko hitzaldiarengatik edo irakurle-kluben batean egindako solasaldiarengatik kobratzen duzuenaren hainbesteko bat kenduko dizue editorialak!

* * *

Zertan egiten du gure alde SGAE horrek?

Jende askok erabiltzen du musika bere negozioetan artistari ezer ordaindu gabe: tabernariek, diskotekek, ezkontza-jatetxeek, disketxeek, irratiek, telebistek, herriko festek… Esango didazue catcheta ordaintzearekin nahikoa egiten dutela. Bai eta ez. Askotan eskasak izaten dira gure jornalak, eta irabazi handiak direnean antolatzaileak ez ditu artistarekin partekatzen: gu beti gabiltza ehunekotan galeretarako, baina irabaziak daudenean fijora aldatzen gaituzte. Promozio enpresek eta musika-eragileek ez dute beren lana ondo egiten (publizitatea, promozioa…), eta kaltetua artista da beti. Bestalde, musika grabatua ere galanki erabiltzen da artistak inolako onurarik jaso gabe.

Utzikeria horren erdian SGAEk sari bat exijitzen die artistaren eskubideak eskuratu asmoz, bada zerbait. Gero hiru likidazio egiten dizkigu urtean barrena, han eta hemen (baita munduan barrena ere) gure musika ustiatzeagatik kobratu duenarekin. Ez da bazterrean uzteko dirua, musikari emana bizi denarentzat.

Noski, haserre handiak sortzen ditu SGAEri ordaindu behar horrek, boikota ere egin nahi izan zaio. Behin baino gehiagotan entzun dut espainiarra delako egin behar zaiola boikota. Baina artistok (eta baita kantu letrak egiten dituzten idazleek ere) behar dugu SGAE, urtean zehar pairatzen ditugun eskasiak eta pulamenturik ezak nolabait konpentsatzeko. Eta baita gure musika munduan barrena (planeta osoa kontrolatzen ez badu ere) musu truke erabil ez dezaten.

* * *

SGAE horrek zertan egiten du oker?

SGAEk baimen berezi bat sinatua du telebista autonomikoekin. Telebistaren beraren promoziorako baimenik eskatu gabe eta dirurik ordaindu gabe erabil dezakete edozein musika (hori, antza denez, Goenkale sailaren antzekoetan emititu zituzten musiken ordainketaren truke eskuratu zuten FORTA delako telebista-elkatekoek). Hori, egileoi inolako kontsultarik egin gabe sinatu zuen SGAEk.

Duela urte bete ETBk esketx lotsagarri bat sortu zuen (gehienak halakoxeak dira) bere buruaren promoziorako andaluz bat barregarri erabiliz Euskal Herrian. Tapia eta Leturiaren azken diskoko musika zati bat erabili zuten: alferrik izan ziren gure deiak eta protesta publikoak. Eskerrak PPkoei! Denuntziatu egin zuten esketx arrazista hura, eta kendu egin behar izan zuten. Baina kaltea egina zegoen, maila guztietan. Kendu zuten eta kito, giza-eskubideei egin zieten trufa ordaindu behar izan gabe.

SGAEk ez gintuen babestu Euskal Telebistarengandik. Ez zituen gure eskubide moralak zaindu (ekonomikoak salduak zituen lehendik). Eskubide moralak oso garrantzitsuak dira sorkuntza arloan dihardugunontzat. Andaluzak iraintzen diren (hots, gizakia iraintzen den) promo batean ageri da zeure lana, eta ezin duzu deus egin…

* * *

Madrilen egonik, SGAE urrun dago guk ditugun arazoetatik. Gu komunitate txikia gara eta gure kultura kolokan gelditzen da munduko komertzioaren legeak aplikatzen badizkiogu.

Ezin dugu lehiatu. Ez daukagu espainiarrek duten ahalmena ez azpiegituratan ez dirutan. Hemengo jendeak ere produktu espainiarra kontsumitzen du geroz eta gehiago, horrelakoxea da bonbardaketa. Ondorioz, hemengo produktua egunean baino egunean ahulagoa eta eskasagoa da. Ez dira nahikoa urtero SGAEk, goxoki modura, banatzen dituen sariak (euskal kantu onenari saria), gure lana indartzeko eta hedatzeko.

Hemengo SGAE batek hobeto babestuko gintuzke. Baita moralki ere.

Eta euskSGAE bat sortuko bagenu?

* * *

Ez diot traza onik hartzen horri ere.

Ikusten dut beste atal batzuetan nola dabiltzan disketxeak eta promotorak eta bitartekariak eta antolatzaileak (oro har), eta hotzikara datorkit. Horiek dira, izan ere, euskSGAE asmoan berotuta dabiltzanak, artistok baino areago.

Hemengo SGAE batek, bistan da, gehiago kenduko liguke eskubideak kudeatzeagatik, aberriak behar du. Entzuna bainago, niri behintzat min ematen dit belarrian.

Hemengo SGAE batek ere zorrotz (edo Espainiakoak baino zorrotzago) jokatuko luke zerga bilketan, baina sustatuko al luke gazte mugimendua saioak antola ditzan, esaterako?

Ez dut uste, ikusi besterik ez dago kultur dinamizatzaileen jardun pasotista (boikoteatzailea ez esateagatik), eta inor ez da asaldatzen. Artistok bakarrik. Gure eskubideen kudeatzaile nahi duten horiek ez dira asko larritzen. Salbuespenen bat badago, baina horixe da, salbuespena.

Azkenean tarteko bat gehiago izango litzateke euskSGAE hori. Tarteko bat gehiago, alegia, traba.

Traba, euskSGAE horrek jarraipen estuagoa egingo lidakeelako, eta askoz zailagoa nukeelako iruzur egitea.

Iruzur egitea, zergak zuretzat kobratzen dituen erakundeari?

* * *

Nik neuk erabakitzen dut neure kaxeta, eta aldakorra da. Ez dut berdina eskatzen han eta hemen, egokitu egin behar dut egoeretara, ahal dudanean behintzat. Bata zergagarri izango da, bestea ez. Batean profesionala izango naiz, eta bestean profesional adiskidea.

Eta beldur naiz euskSGAE batek (halako zantzuak hartzen dizkiot, ikusiak ikusita) ez lukeela jakingo edo ez lukeela egin nahi izango neuk (eta neuk bezala hainbat artistak) egiten dudan eta dugun kultur-salbuespena.

Lagun idazleek esan didate CEDRO ari zaiela eskean edo eskainian, Interneten dauzkaten testuen eskubideak kudeatzeko: dinamika horretan sartuta, adios edizio digital mordoa. Zertara dator zerga bokazio publikoz sortutakora?

Horixe beraz, oso gustura egiten diedala iruzur madrildarrei: neuk erabakitzen dut nori ken liezaioketen eta nori ez.

Ze, niri ere zerga pasatzen dit neure herriak, eta askotan ados nago.

One Response to “euskal SGAE bat???”

  1. xabierk Says:

    Aupa ibon,

    milesker testua zintzilikatzeagatik. Zinez interesgarria Tapiaren iritzia…
    ze, egia erran, horixe bertzerik ez genuen falta euskSGAE bat!
    Eta hori diodanean, norberak bere lana nahi bezala argitaratzeko, kobratzeko eta banatzeko eskubidea errespetatzen dudala argi utzi nahi dut, beti ere gainerakoak bakean uzten bagaituzte….
    lehen nahiko kateatuak ibiltzen gara, orain kontrol zorrotzagoak sortuko dituzten kate haundiagoak sortzeko…

    alexek behin erran zuena moldatuz: sgaerrikasko, baina nik ez.

Leave a Reply