BERGMAN eta ANTONIONI

July 31st, 2007

bergmanantonioni.jpg

Ez dakit patuak horrela erabaki duen edo bertzerik gabe zoriak (benetan esistituko ote da?) gidaturik gertatu den, baina egun bakarrean historiako bi zinemagile haundiren heriotzaren berri jaso dugu. Uztailaren 30a beraz historiara pasako da, bertze gauzen artean Michelangelo Antonioni eta Ingmar Bergman joan ziren eguna bezala. Zinema hizkuntza eta tresna bezala bere egin zuen zinemagile belaunaldi haundi baten ordezkari ahanztezinak ziren italiarra eta suediarra. Hala erakusten dute zorionez azken urteotan (behingoz) dvdan (zine pantailan ikusteko aukeren ezean) argitaraturik ikusi ahal izan ditugun Antonioniren “Il deserto rosso”, “La Notte” edo Bergmanen “Fresas salvajes” eta “Persona” filme ikaragarriak. Aipatutako lanok halaere ibilbide luze eta sendo baten adibideak bertzerik ez dira, bi zuzendariek lan mordoa (Bergmanek 62 film zuzendu zituen, Antonionik 35) egin baitzuten beraien bizitzen zehar.

sjff_01_img0382.jpg 02.jpg

Gizon eta emakumeen bakardadea izan zuten hizpide bi zuzendariek, bakoitzak bere modura, bere aurrean pasatzen ikusi zuten gizarte posmodernoaren trauma eta arazoak aztertu eta islatzeko asmoz. Baita lortu ere. Isiltasuna eta zarata, konplizitatea eta gorrotoa, inkomunikazioa eta sentiberatasuna izan ziren beraien filmeen protagonista nekaezinak. Eta ezaugarri horiek berak izan ziren bi artista hauen lana maitatua bezain gorrotatua bihurtu zutenak. Ertzetatik begiratzen eta lan egiten duten sortzaile guztiekin gertatu ohi den bezala, ez dago ia tarteko sentipenik. Muturretik muturretara begira dagoen objetiboa da beraiena.
94 urterekin itzali da Antonioniren begirada, Italiako Ferraran eta 89rekin Bergmanena bere izkutuko gordelekuan.
Zinemaren nazioarteko entziklopediak lehenengo bi hizkietan baditu hil-osteko bi sarrera gehiago.

xabier erkizia

Wikipedia: Ingmar Bergman :: IMdb: Ingmar Bergman ::
Wikipedia: Michelangelo Antonioni :: IMdb: Michelangelo Antonioni

Leave a Reply