SOINUAREN DIMENTSIOAK

August 16th, 2007

E_DS(mikelarce).jpg ping3.jpg

Joan den astean bisita berezia egin ahal izan genion 10 bat lagunek Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean aurkitu daiteken SOINU DIMENTSIOA soinu erakusketari. Berezia, nagusiki José Iges (eta Concha Jerez) erakusketako komisarioaren eskutik egin ahal izan genuelako bisitaldia. Hortaz, lehenik eta behin eskerrak eman behar dizkiogu biei erakusketaren nondik norakoak denei azaltzeko egindako saiakerarengatik. Irailaren 15era bitarte zabalik dagoen erakusketa hau 1999. urtean bi komisarioek KM bertan aurkeztu zuten “Hotsaren espazioa, Begiradaren denbora” haren bigarren zati bezala agertzen zaigu (interesa dutenentzat katalogoa oraindik eskura daiteke KMn), helburu desberdinekin ordea. Oraingo honetan soinuak baino, gehienbat soinu arteak ukitzen dituen alor anitzak bildu nahi izan ditu erakusketa honek. Hortarako zenbait lan historiko, Alvin Lucieren “Music for a long thin wire”, Tom Johnsonen “Imaginary music” tarteko eta zenbait lan berri, Manuel Rocha Iturbide mexikarraren “Ping-roll” edo hainbat sari bildu duen Mikel Arce bilbotarraren “*WAV”.
Tartean, besteak beste Alien Productionsen impresora hizlariak, Donatella Landiren hiriko soinumapak, Andres Bossharden globoak, Baudoin Oosterlyncken marrazki-partiturak (erakusketaren irudia da horietako bat) edo Isidoro Valcarcel Medinaren 80ko lan zenbait topatu daitezke. Azkenik nahiko gorderik gelditzen den dokumentazio gelan bertze zenbait artisten lanen bideo interesgarriak daude, Jakob Draminsky, Marc Behrens edo Alfredo Costa Monteiro bezala. Erakusketa osoa (bigarrenez) ikusi/entzun ondotik, beharbada ikusleen eta lanen arteko interakzio modu desberdinen hutsa nabaritzen dela erran daiteke, nahiz eta horrek ez dion zergatik obrei garrantzirik kendu behar, baina bisitariaren ikuspegitik eskertzekoa da. Halaere, hemen behintzat gutxitan izaten dugu horrelakoak bizitzeko aukera eta dugunean eskertu behar da lehenik. Izan ere noiz izanen ote dugu horrelako erakusketa bat alde hauetan berriz gozatzeko aukerarik? batek daki.
Bitartean, laister batean argitaratuko den erakusketaren katalogoak erakusketa nola osatzen duen ikusteko gogoz geratu gara.

Xabier Erkizia

Leave a Reply