Entzulearen eskubideei buruz (6)

March 19th, 2010

Xabi Erkizia (Berria egunkariaren A cappella zutabean argitaratutako artikulua)

“Musikak erail zuen gaztea”, hala aurkeztu zuten zenbait egunkari ingelesek, baina komunikabide nagusiek hain gustuko duten sentsazionalismo errazetik urrun, kasu honek errealitatetik gehiago du fikziotik baino.

Joan zen irailaren erdialdean, Tom Reid 19 urteko gazteak Londres hiriburuko klub batean pasatu zuen gaua, lagunartean. Musika ikaragarri ozen omen zegoen. Reidek berak lagunei -eta haiek ondotik komunikabideei- kontatutakoaren arabera, hasieran bizigarria ere gertatu zitzaion gehiegizko bolumenak eragindako dardara, geroago kilikagarria zen hori beldurgarri eta azkenean arriskutsu bihurtu zen arte. «Baxua eragiten ari zaidala uste dut, gaizki sentitzen naiz, bihotza arinegi ari zait ponpaka». Erraz, errazegia litzateke pentsatzea adin horretako gazte batek musikaz gain bertzelako arrazoiak izanen zituela halako sintomak edukitzeko, baina gerora eginen zizkioten analisietan ez zen alkoholik edo drogarik kontsumitu zuelako arrastorik jaso. Are gehiago, ondotik eginen zioten autopsiak argi utzi zuen musika (mota nahiz bolumena) izan zela Reidi bihotzeko bat-bateko arritmia sortu eta ondorioz heriotza eragin ziona.

Kontuz, ez gaitezen nahasi, ez baita komeni bat-batean alarmak piztea. Baina itxura batean gehiegikeria badirudi ere, halako kasuek agerian uzten dute musikak eta orokorrean soinuak gure gorputzetan sor ditzakeen ondorioak uste baino latzagoak edo behintzat zuzenagoak direla. Are gehiago, zientifikoki ondorioztatu izan da soinua edonor akabatzeko moduko tresna eraginkorra izan daitekeela. Soinu jakin batek sor dezakeen energia akustikoa gure gorputzaren zirrikituetatik -ez soilik belarrietatik- sartu eta tenperatura jakin batera berotzen denean, energia horren mailaren arabera, gure barne organoak likido bihurtzeko ahalmena du soinuak. Eta berriz ere zientzia fikzioaren munduan sartzen garela badirudi ere, ezin dugu ahantzi munduko zenbait gatazka gunetan egunero erabiltzen direla azkenaldian gero eta agerikoagoak diren arma akustikoak – paradoxikoki, ageriko aztarnarik uzten ez dutenak-, eta egunero erabiltzen dela soinua, eta bereziki musika, pertsonak psikologikoki oldartzeko. Eta horrelakoak pairatzen dituztenek ere badituzte belarriak, ez soilik gorrak, baita mutuak ere.

Leave a Reply