Erritualak

November 23rd, 2010

Berria egunkariak  2010eko urriaren 7an A CAPELLA atalean argitaratu bezala:

Erritualak

Inork ez du zalantzarik jarriko zinemaren musikak oro har gure oroitzapenetan eta musikaren memoria kolektiboan izan duen eta oraindik ere baduen eragin nabarmena. Alfred Hitchcockek Psycho (1960) filmean Marion Crane akabatzeko erabili zituen biolin labankadak edo Steven Spielbergen marrazo erraldoiaren bizkar gaineko hegala ur gainera ateratzen zen aldioro entzuten diren staccato ahaztezinak dira horren adibide. Musika horiek, eta hauekin batera hemen aipatzen hasiz gero luzeegi emango liguketen beste hainbestek, aspaldi utzi zioten musika izateari, gure memorian zulo sakon bat egin eta han gelditzea erabaki zuten soinuzko fosil moduko batzuk bihurtzeko. Geroztik, ezin dugu biolinik gabeko marrazorik imajinatu, ez behintzat pantaila aurrean, ezta estridentziarik gabeko labankadarik ere. Hain dira sendoak ikus-entzunezko erreferentzia horiek, sortzen dituzten harreman bitxiek gure imajinazioa modu ikaragarrian baldintzatzen dute.

Stanley Kubrick zinemagilea maisua izan zen horretan. Erraterako, The Shinning (1980) edo espainolez El resplandor maisulanean, eszena bakoitzak behar zuen deserosotasun eta tentsio maila sortzeko, Gyorgy Ligetiren, Bela Bartoken eta nagusiki Krzysztof Pendereckiren konposizioak aukeratu zituen. Dagoeneko bizitza propioa zuten konposizioak ziren denak, baina Kubrickek eta luzapenez Jack Nicholsonek bere egin zituzten. Aurretik bertzelako filmek egindako irudi eta musikaren arteko loturak muturrera eramanez, Kubrickek musika jarri zion beldurraren imajinario modernoari, musika hotz, tenkatu, zorrotz eta konplexuak erabilita.

K.J. Donnellyk The Spectre of Sound liburuan onartzen du oro har filmetarako musikak erlazio zuzena gordetzen duela zenbait musika erlijiozkorekin. Alegia, filmetakoa ez dela soilik musika, forma erritualizatu jakin bat baizik. Erritu eta funtzio jakin baterako pentsatu eta egindako musika. Beraz, akatsik egin ezin duena, eta boterea errepresentatzea helburu duena. Eta ez dabil urrun. Ezingo dugu ukatu antzekotasun garbiak daudela edozein mezatan apaiza aldarera goitzen denean edo hileta elizkizun bat izaten denean organoarekin jotzen den musikaren eta filmetan pertsonaia jakin baten presentzia azpimarratzeko entzuten dugunaren artean. Biek, bakoitzak bere errituan, musikak manipulatzeko duen gaitasuna erabiltzen baitute, betiere, ikuskizunaren mesedetan.

Xabier Erkizia

Leave a Reply