EZBEHARRAREN EDERRA

December 15th, 2011

Berria egunkariak 2011ko abenduaren 8an BI AHOTSETARA iritzi atalean argitaratu bezala:

Arratsalde batez pasiatzen ari zela izan zen. Basoko txoriena eta haizeak mugitzen zituen hostoenarekin batera. Eritasunak makaldua, Ibiltzeko artea idaztera bultzatuko zuten ibilaldi haietako batean entzun zuen Henry David Thoreauk lehendabizikoz telegrafoaren kableek sortutako musika. «Ze pentsatuko ote dute orain arte zuhaitzen kirrikak baino entzuten ez dituzten txoriek eta animaliek basoan barrena joaterakoan? Kableen dardara hauek euren musika bihurtuko ote dituzte? (…) Haizearen musika honetan baritonoak daude, tonu garai zorrotzak, musika eolikoa da. Inoiz entzun dudan musikarik ederrena. Eta ez zuen Morse jaunak asmatu».

Indian Orissa eskualdearen hego-ekialdean eta Andhra Pradeshen hegoaldean bizi dira Jhonda tribukoak. Adivasi bezala ere ezagunak dira. Thoreau bere ibilaldiak egiten ariko zen garai beretsuan, ingelesek irratia eraman zuten bertara, Jhondarrek munduaren berri izan zezaten, edo seguruago euren erabakien berri jaso zezaten. Jhondarrek, ordea, beharbada ingelesa ez zutelako menderatzen, edo beharbada ingelesen ahotik entzun beharrekoak ez zituztelako intereseko, bertze zerbait entzun zioten irratiari. Mezuak eta aginduak ez ziren zerbait. Eta segidan topatu zizkioten erabilpen berriak zarata arraro bezain harrigarriak sortzen zituen kutxari. Musika egiteko erabili zuten. Egun, Jhondatarren folk musikarako tresna bat gehiago da irratia —eta irratiak sortzen duen zarata estatikoa—, danborra edo ahotsa diren bezala. Eta beraien musikak arraroa dirudi, ia estralurtarra, arrotza baina ederra aldi berean. Beharbada Thoreauk telegrafo kableena entzun eta berak imajinatu zituen animaliek entzuten zutenaren antzekoa.

Zaila daukate ortodoxia zaleek. Antzuak dira biolentziara kondenatutako beraien zuzentasun saioak. Asmakizunik ederrenak ezbeharrez jaiotzen dira. Halabeharrez. Ustekabean. Ezusteko akatsek egiten dituzte ezberdin, haiek egiten dituzte eder.

Xabier Erkizia

Leave a Reply