MUSIKARI IZATEAREN ARAZOAK

January 6th, 2012

1

Berria egunkariak 2012ko urtarrilaren 5ean BI AHOTSETARA iritzi atalean argitaratu bezala:

Ez dira oso maiz topatzen egun gutxiren bueltan hain modu berezi eta antagonikoan gurutzatzen diren bi berri. Batek Kataluniako piano jotzaile batek bizilagunari ordaindu beharreko isunaren istorioa kontatzen du. Lau urtez eta zortzi orduz egunero pianoaren musika (artikuluaren arabera pianoaren zarata) sufritu eta gero, aski dela pentsatu du bizilagunak, eta kalte-ordainak eskatu dizkio dagoeneko bizilagun ohi duen pianistari. Musikaren munduan karrera egin nahi duen bizilagunen bat dutenek dakite kontu hau zein serioa izatera irits daitekeen. Arazoa ez da soilik etengabe musika entzuteak suposatzen duen tormentua, etengabe errepikatzen den musika pieza (edo zati) berak sortzen duen nekea baizik. Epaileak arrazoi eman dio entzuleari, eta kalte-ordainak eskatu dizkio musikariari eta haren gurasoei. Musikariak bere lanbidea izugarri exijentea dela argudiatuz defendatu du bere burua.

Bigarren berriak egunero 24 urtez eta zortzi orduz musika egitea lanbide izan duen musikariaren eskari profesionala kontatzen du. Hainbertze orduz bere lanabes izan duen tronboiak eta lan egiten zuen orkestrak batez beste sortzen duten 80 dezibeleko bolumenak —metro gutxi batzuetara pasatzen den autoak edo ontzi garbitzaile batek sortzen duenaren parekoa— eragindako osasun kalteen ordainak eskatzen ditu. Musikaren munduan karrera egin nahi dutenek ongi dakite kontu hau zein serioa izatera irits daitekeen, arazoa ez baita etengabe musika jotzeak suposatzen duen tormentua, hainbertze ematen dizun horrek hainbertze kentzen dizula jakiteak suposatzen duen trantzea onartzea baizik. Aseguru etxea kexu da, gorreria ezin delako hain erraz probatu, baina epaileak gaixotasun profesionala onartu dio entzuleari, eta kalte-ordainak eskatu dizkio aseguruari. Musikariak ez du argudiatu bere lanbidea exijentea denik.

Bi kasuetan legeak entzulea onartu du biktima moduan, eta musika jo du erruduntzat. Musikariaren patua izango da orduan biktima eta borrero izatea aldi berean.

Xabier Erkizia

Leave a Reply