COPYRIGHT

August 28th, 2012

JOSU JIMENEZ MAIAri ebatsitakoa 2012ko abuztuaren 28ko BERRIAtik.

Uda, Nafarroa Garaian, eta bi guardia zibil sartu dira taberna batera, uniformez. Trago bana hartzen ari direla, guardia zibiletako batek erreparatu dio txanpon makina batean itsatsitako pegatinari. Eranskailu arrunt bat da, edozein herritako jaietan ikusten diren horietakoa, jadanik klasiko bihurtua: ikurrina, herriaren izenarekin batera.

Eranskailu hori dela eta, guardia zibil batek tabernako zerbitzariari salaketa jarriko diola egin dio mehatxu, bandera hori Pais Vasco-rena delako, eta Nafarroan legezkoa ez omen delako. Jarraian, baina, argudioaren pisu eskasaz oharturik edo, guardia zibilak berak eman du pisuzko arrazoia: pegatina ez da legezkoa, ez daukalako copyright-ik. Eztabaida antzu baten ondoren, azkenik, guardia zibila, azazkal batekin ibili da txanpon makinatik paperezko pegatina txikia kentzen. Balentria eginda eta pegatina urratuta, joan egin dira, tabernaria aho bete sumin utzita.

Gaur egun, txanpon makinan pegatina ikurrindun bakarra ez dago; bi daude. Gainera, biek dute, boligrafoz idatziak, copyright hitza eta © ikurra, eta horretaz galdetzen duen edozein bezerori artez kontatzen dio tabernariak pasadizoa, niri kontatu didan gisa berean.

Antza, Benemeritak talde berezi bat sortu du, nonbait, Copyright komandoa dei daitekeena, barregarri gelditzeko ez ezik herriko jaietan zer kontaturik emateko ere, copyright-ik gabeko ikurrina, arrano beltz, eta koroarik gabeko nafar banderen peskizan aritzeko gertu, erridikuluaren mugaren mugan.

Leave a Reply