ITZULI MANIFESTAZIORA

February 7th, 2014

images-1

BERRIA egunkariko A CAPELLA zutabean 2014/01/23an argitaratu bezala

Esperimentu bat egin zuten zientziaren arau zorrotzei jarraituz. Galdera unibertsal bati erantzutea zuten helburu: Zergatik egiten digu min denoi zenbait soinuk? Zergatik aztoratzen gaitu, adibidez, arbel gainean azazkalekin marrakatzeak? Laster hasi ziren ezusteko ondorioak azaleratzen. Soinu horrek aspaldiko garaietan bizilagun (edo senide) izan genituen (edo zuzenean izan ginen) makako tximinokumearen negarraren antz haundia omen du. Itxura batean, barregarria dirudi. Sinesgarria ote egunero milaka soinu zurgatu, pairatu eta usatu arren, oraindik makakokumeak beldurtzea? Hain oinarrizkoak ote gara? Hain animalia? Ez gaitezen nahasi. Ez da tximinoa beldurtzen gaituena, soinua baizik. Soinu jakin batzuk, modu eta forma jakin bateko soinuek beldurtzen gaituzte. Ez dute zertan disonanteak izan horretarako, aski dute ezegonkorrak izatea. Ezegonkortasunak aztoratzen gaitu belarri bidez. Hori dio Zientziak, eta hori dute antzeko, hain zuzen, makakokumearen eta arbelaren garraxiek. Ezegonkorrak, aldakorrak dira. Musika gehiena ez bezala. Hitzaldi gehienak ez bezala, ahots gehienak ez bezala, oihuak ez bezala.

Gogorra da inori isiltzeko agintzea. Berdin dio isildu beharrekoa alaba, bikotea, laguna, ikaslea, solaskidea, jarraitzailea edo manifestaria izatea. Isilarazteak, zarata eginarazteak ez bezala, zentsuratzea suposatzen du. Denok isilarazi gaituzte noiz edo noiz, eta, nik behintzat, isilaraztea gustatu zaionik ez dut ezagutu oraindik.

Gogorra behar du oihu egin nahi duen inori isiltzeko agintzea. Berdin dio nori. Aginduak, ordea, zurrunak dira, ez dira ezegonkorrak, aldakorrak. Efektiboak, deserosoak, gorrotagarriak izan daitezke, baina ez dute hainbesteko beldurra sortzen. Denok isilarazi gaituzte noiz edo noiz, eta ez gara isildu.

Ia bi aste pasatu dira, eta ez dakit oraindik ze manifestazio den eraginkorrago, isila edo zaratatsua. Baina imajina dezaket zein den ezegonkorrago, zeinek beldurtzen duen gehiago. Imajina dezakezu arbelak marrakatu nahi dituzten makakokumeen kontzertu isil bat?

Xabier Erkizia

Leave a Reply