[HAMAIKA10] XABIER ERKIZIA: [Spam detect]

December 16th, 2008

spam detect erkizia

Umetan, tripako mina banuen, anaiek ziria sartzeko eta amorrarazteko esan ohi zidaten: “Ah, ba jo buruarekin mahaia, eta buruko minarekin ahaztuko zaizu tripakoa”. Lagun batek ere duela gutxi kontatzen zidan, arazo handi bat burutik kendu ezinik ibilia zela, harik eta arazo oraindik ere handiagoa azaldu eta lehena erabat ahaztu zuen arte. Estualdi ederrean gizona. Eta kontsolatzeko, hara non ez zaidan bururatzen niri ezer hobeagorik, “okerrago izan zitekeen” esatea baino.
Arazoa zuen Xabier Erkiziak ere, eta arazo horretan oinarrituta arazo handiagoa sortu du. Spama baino spam spamagoa egin du, bere posta elektronikoan egunero jasotzen duen zabor mezu mordo oldarkorra soinu bihurtuz eta lan are oldarkorragoa lortuaz. Diska jarri, eta belarrian min egiten dit, kaskoekin entzuten badut malkoak ateratzen dizkit, tentuz ibili behar dut soinu ekipoa hondatuko ez ote didan, katua zoratuta dabil eta erdia entzun aurretik buruko mina jartzen dit, eta ez dakit edo buruaz mahaia jo behar dudan, edo geratzen zaidan beste erdia entzutearekin nahikoa izango dudan daukadan mina ahazteko. Ordea, fisiologikoki oldarkorra izanda ere, lan ederra da, eta alde masokista azaleratuz, zentzuekin (sufrituaz) gozatu liteke. Formalki lan aberatsa da oso, eta diskako piezak ez dira ideiaren ilustrazio hutsak, berez sostengatzen diren konposizioak baizik. Eduki ideologikoek ere leku garrantzitsua dute hala ere, eta hori litzateke nafarraren diskografiara dakarren berritasun nagusiena. Pentsa genezake, 2004an argitaratutako Entresol lanarekin formalki nolabaiteko maisutasuna lortu ondoren, bidean aurrera egiteko erronka berriak jarri behar izan dizkiola Erkiziak bere buruari, eta ideia edo mezua lantzea izan da erronka kasu honetan. Alde hori da hain zuzen diska honetan zalantzak sortzen dizkidana. Zergatik dator CD batean eta zergatik saltzen da diska postu batean? Spama ez da desiratua, eta diska bat erostea, ekintza desiratu bat da. Zikloa guztiz ixteko, ez al litzateke egokiena spam bezala zabaltzea? E-mailez, edo kalean jarriaz, irratiz emitituaz…eguneroko informazio bonbardaketara batu eta jendeak benetan eskatu gabe entzun dezan? Spamaren salaketa da, edo goraipamena? Edo errealitate bat erakutsi besterik ez du egin nahi, exageratuaz argi uzteko zelako bonbardaketan bizi garen? Salaketa izatekotan, zilegi da horretarako spam gehiago sortzea?
Horiek diska honen entzunaldiek burura ekartzen dizkidaten galdera eta iruzkinak. Gaizki esanak barkatu, eta ongi esanak kontutan hartu.

Oier Iruretagoiena.

4 Responses to “[HAMAIKA10] XABIER ERKIZIA: [Spam detect]”

  1. Xabier Erkizia Says:

    Aupa OIer,

    lehenik eta behin eskerrik asko diska entzuteagatik eta diskari buruz idazten denbora pasatzeagatik. Zinez gustuko ditut zure hitzak baita mahai gainean jartzen dituzun galderak ere, azken finean galdera horiek baitira diskak seinalatu nahi dituenak. SPAM-aren arazoak hain zuzen ez du soilik NOLA entzuten dugun edo irakurtzen duguna seinalatzen, baizik ZERGATIK, eta zergatik horri begira hasizkero gure buruaren kontraerranetaz konturatu gara. Soinuarekin eta entzumenarekin ere antzeko zeozer gertatzen da: Zarataz kexu gara baina zarata “erosi” egiten dugu nolabait….autoen zarataz kexu gara baina denak ibili izan gara edo ibiltzen gara autoan, tabernetako edo pub-etako zaraten bolumenaz kexu gara baina denak sartu izan gara noizbait halakoren batean.. edo ez? eta gainera ordaindu egiten dugu “zarata” hori. Baita ongi ordaindu ere! Interneten ere antzeko zeozer gertatzen da. Zenbat konexio ordu ergel ordaintzen ditugu? Internet gure “errealitate” berria bada, nolatan ordaintzen dugu errealitate hori?
    Azkenean salaketa oro da (eta luzapenez adierazpen oro izan daiteke) zarata, hala nahi edo ez nahi izan. Ez baita bidaltzailea hori erabakitzen duena jasotzailea baizik. Norberak erabakitzen du beraz zer den informazio baliagarria eta zein ez. Hortaz galdera ez da iada zer den ona edo zer ez, baizik ba al dakigu ona dena ona ez denarekin alderatzen? ba al dakigu bata bertzearekin desberdintzen??
    Horixe da hain zuzen lan honen helburua, galdera horiek sortzea, eta bistan denez kasu batzuetan behintzat lortu du. Milesker.

    x

  2. Oier Iruretagoiena Says:

    Spamaz kexatzeko spama sortzearen zilegitasunaz egindako galdera ongi erantzunda geratu da. Diozun moduan, denok gara zarata/spam sortzaile. Denak gara kexu baina aldi berean guk geuk sortutakoaz gara kexu. Buruarekin mahaiari ematen diogu, minaz kexatu, eta berriz buruarekin mahaiari ematen diogu. Denok egiten dugu zuk diska honetan egin duzuna.
    Baina haritik tiraka jarraitzearren…
    Zarata erosi egiten dugu, spama erosi egiten dugu, eta zaila da ona dena ona ez denarekin ezberdintzea. Baina zalantzak ditut, disko euskarrian eta Xabier Erkizia izenarekin sinatuta dagoen momentutik (eta diska postu batean Tzesne eta Mattinen ondoan) benetan spama ote den lan hau. Xabier Erkiziaren disko bat erosten duenak badaki aurretik nor den, badaki ez dela dantzarako musika alaia, badaki beste zerbait dela, eta jakingo du baloratzen eta gozatzen. Esan bezala, lan ederra eta gozagarria iruditzen bait zait niri. Sufritu egiten dut, bai, baina gozatu ere bai, adibidez Zbigniew Karkowskiren zuzenekoak gozatu eta sufritzen ditudan bezala. Diska erosten duenak diskan datorren hori da hain zuzen desiratzen duena, badaki diska ona izango dela, Xabier Erkiziak soinu pieza onak egiten dituelako. Esan nahi dudana da, oso errez aurreikusi litekeela dena. Spam bihurtuko litzateke benetan “engainuren” bat balego. Ez dakit, karibeko hondartza baten irudia balu azalean, edo Joxe Ripiau eta Caetano Velosoren diskoen alboan salduko balitz, edo egilearen izena gabe diskoaren titulua bakarrik balu. Orduan errazago eman liteke Xabier Erkizia nor ote den ideiarik ez duen batek diska erosi eta lan honekin aurkitzea. Egoera horretan bai, spam bihurtu liteke diska hau, spama erosi du erosle horrek. Diozun moduan, hartzaileak erabakitzen du zarata edo spama den edo ez, eta niretzat, “bertze musiken” zalea naizen aldetik, ez da spama. Hamaika zigiluaren edo Arto Artian banatzailearen berri izan dezaketen pertsonak nire antzekoak dira gehien-gehienak.
    Iruditzen zait benetan spam izateko beste era bateko zabalkundea beharko lukeela.

  3. xabier erkizia Says:

    Ados egon gaitezke aipatzen dituzun zenbait gauzetan, baina:
    - Zuk XE izena ezagutzun duzun bezala, jende gehienak ez du ezagutzen zer egiten duen ere, beraz soilik zirkulu oso ttiki batean balio du izenaren kontu horrek. Diska zirkulu hortara zuzenduta dagoela? ba, baliteke, baina ez kontzeptualki… beharbada argitaratzeko orduan ditugun mugek (ekonomikoak nagusiki) hori pentsatzera eramaten gaituzte, baina halaere uste dut diskaren azla ikusi dezaketen guzien artean gehiago izanen direla SPAM DETECT ulertzen dutenak nere izena baino….
    - Eta barrenerago joanez, zalantza haundiak ditut aipatzen dituzun zenbait gauzen inguruan, adibidez “soinu pieza onak egiten dituelako” edo “(erosten duenak) badaki ez dela dantzarako musika alaia, badaki beste zerbait dela, eta jakingo du baloratzen eta gozatzen”… zalantza haundiak sortzen dizkidate bi esaldiok eta gehiago erranen nuke ez nago ados, edo hobe, ez nuke ados egon beharko!! jajaja Nik neunek ez dakit nere lana identifikatzen duten arrastoak zein diren, eta adibide bat emateagatik orain arte argitaratutako lanak begiratzen hasizkero konturatuko zara “dantzarako musika alaia” ere topatuko duzula…tira, beharbada ez hain alaia, baina dantzarako beharbada bai..jajaja

    baina, nahiz eta gauza guziekin ados ez egon, ulertzen dut zer erran nahi duzun. Eta horrek spam-a nola jasotzen dugun arazoarekin ere badu erlaziorik. Alde batetik spam-a publizitatea izateaz gain iruzurra ere bada, alegia aunitzetan iristen zaizkigun ezagunak diren pertsonen emailak baina azkenean spam mezuak direnak, alegia mezu “izkutuak”, iruzurrak… eta hori ere kontutan hartu behar da, nagusiki lehen aipatu dituzun kontu horiengatik, espektatibengatik alegia…. eta zentzu hortan uste dut zalantza sortzeko adina ematen duela lanak. beharbada entzun aitzinetik gehiago entuzn ondotik baino, baina spam-a ere horrela izan ohi da!
    Zuk zure esperientziaz spam ez dela onartu baduzu, bikain! pozten naiz erabaki hori hartu izanaz (nagusiki zuk hartu duzulako, zure erantzunkizunez), baina izanen dira ere viagra mezuak errezelo haundiz gordetzen dituztenak, edo iruzurrak sinetsiko dituztenak, ezta? jajajaja….

  4. xabi Says:

    uau… beharbada gehieg azeleratu dut aitzineko emailean…
    soberan, soberan…

Leave a Reply