DISTIRAREN OIHARTZUNAK
Friday, September 30th, 2011Berria egunkariak 2011ko irailaren 29an BI AHOTSETARA iritzi atalean argitaratu bezala:
Aspaldi erakutsi zigun Yunichiro Tanizakik (1886-1965), Itzalari goresmen egin zion hartan, japoniar etxe tradizionaletako argi-ilunen artea eta horrek ekialdeko kulturetako pentsamoldean izandako eragin handia. Aspaldi ikasi genion ona dela distira handia egiten duen objektu ororekiko deskonfiantza edukitzea, zaratak isiltasuna behar duen bezala, edertasunak itzalak behar dituelako eder izateko. Itsutzen duen distira, liluragarri izan daiteken arren, ez da ederra.
Niri hiriburuetako telebistak itsutu dit eguerdia. Pantailari begira, maiuskulaz idatzitako zinemaren distirak, izarrak aipatze hutsak sortzen digun debaldeko lilurak eta espektakuluak bizirik jarrai dezan entzunarazten dizkiguten lentejuela soinuek ekarri dizkidate gogora Tanizakiren erranak. Baina are gehiago kezkatu naute gerora entzun ditudan mendebaldeko berriek. Industria pisutsuaren sugarrak eta langileen protesten zaratak itzaliz-isilduz eta bertzelako soinu eta argi garbi, diseinatu eta (itxura batean) erosoagoen bidez birjaio zen hiriko agintarien ahotik distiraren defentsa sutsua entzuteak haserretu nau. Kukutzaren barrenean gordetzen ziren urre zaharraren argi-ilunek nonbait ez dute bat egiten garaiek agintzen duten politika distiratsuekin. Ongizatearen izenean zaintzen gaituztenek ez dute ulertu nahi Titaniozko hiri brillantearen erdian dizdiren lilurak itsutzen ez dituen pertsonak ere, hiritarrak, badaudela oraindik.
Gure belarriak krisi hitzarekin etengabe zulatzen dizkiguten egunotan eta erakunde publikoetatik aurrezteko garaia dela eta ideia berritzaileak sortu behar ditugula errepikatzen diguten garaiotan, obszenoak bihurtzen dira lentejuelak eta distira itsugarriak. Baina bereziki, foko handietatik kanpo, saiatuz eta gogo handiz itzal berriak sortzen dituzten espazioenganako errespetu faltak eta horien lanak ezkutatzeko ahaleginak dira lotsagarriak. Tanizakik gogora ekarri zizkigun itzalei so egiteko garaia iritsi da. Ez gaitzatela ez distirek, ezta distiren oihartzunek ere itsutu.
Xabier Erkizia
argazkia: Antony Gomley “Blind light” instalazioa Nat Natek ateritako argazkian.