Bertze batez Azkoitiko Matadeixek Bebarruko jardunek izeneko bestaldi interesgarria eskaintzen digu, hirugarrena bukatzen ari zaigun 2007ko urte honetan. Nagusiki kontzertuak (Ruper Ordorika, Fernalia, Mini y los Txikis, Angeldust…) eta zine emanaldiak (Last days, The devil and Daniel Johnston, Niger….) euskal herriko autojestioaren ereduetako bat izaten jarraitzen duen kultur espazio bikain honetan. Azaroaren 4tik 13ra.
egitaraua:
Azaroak 4, igandea, 20’00 . 10€
kontzertua: Ruper Ordorika
Txantxikua bigarren aldiz dator matadeire, ihaz AHTren kontrako festan izan eta gero. Formatu akustikoan, kontrabajuaz lagunduta. 150 sarrera bakarrik daudenez (100 aulki izango dira) hobe azkar eskuratzea (Azpeitiko
Txarrantxan eta Azkoitiko Atraskua, Zurt eta Xakelan)
Azaroak 10, zapatua, 22’00 .
kontzertua: Fernalia + Mini y los Txikis
Fernalia ikustera joan eta Autoaren jarraipen bat espero baduzu, harridura ikur bat agertuko da marrazturik zure
aurpegian. Aurrez besterik jakin gabe, arte fernaliar saio baten menpe erortzea, Schucko patentedun entxufe batean mingaina sartzearen adinakoa da. Koloretako txilindro-zanpagailu erakargarriak dena txikitzen du etenik gabeko jirabiran; atzean erritmoan doazen makinekin, alkandora belusatuzko bi beharginek soinuzko jostailuak kolpatzen dituzte errukirik gabe. Entzuten dena, alanbrez jositako oihalezko post(k)rock jaia da. Arnasa ebakitzeko prestaturiko metal eta industria doinuak. Fernalia zuzenean lehen aldiz jasotzeak mailatuak sor ditzake, baina ziur bigarren bizipen batek biraoak orrokatzea eragin dezakeela.
Akauzazte taldean urteetan ibili eta bere kabuz zenbait pieza osatu ondoren, deitura berri honekin Oier Etxeberria bakarlariak kolaborazio ezberdinei ateak irekitzen dizkio oraingoan. Bilboko kantutegiari eskainitako omenaldiaren barruan kokatua, estreinakoz joko du(te) azkoitiko matadeixen. Los Txikis 1956an sortutako bilbotar taldea dugu, eta gaurregungo partaideak Angel Barrena (lehen tenorea eta kitarra), Jesús Alonso (2. tenorea), Alejandro Bernal
(baxu ta kitarra elektrikoak), Moisés Bañuelos (akordeoia) eta Txutxi Muerza (ahots baritonoa eta pandereta) dira. Azken hauxe da taldean denbora gehien damarrena, 1960tik dabilenez. Ibilbide luze honetan asko jo dute zuzenean; Bizkaitik hasi eta Espainian eta Frantzian zehar, eta baita urrutiago ere, esaterako Ingalaterran, Herbereetan… Ezagunak omen dira Athletik de Bilbaori eskainitako beren abestiak; “Athletik txapeldun” izeneko diskotik 100.000 ale saldu omen zituzten. Beren grabaketarik berriena, “Euskadi dulce aldea” deitzen da.
Azaroak 11, igandea, 18’15
zine doblea: “Last Days� (Gus Van Sant, 2005)
Blake famaren pisua, norbere eginbeharrak eta isolamendu sentimendu sakona pairatzen dituen artista barnerakoia da. Blake basoan galduko da zuhaitz txundigarriez harriturik, non iturburu bat aurkituko duen. Hurrengo goizean bere etxera itzuliko da, jauregi elegante baina zaindu gabea. Jende asko dabil bere bila bere lagunak zeinek berarengatik zerbait nahi dutenean bakarrik maite duten, bere disketxeko zuzendariak, ikertzaile pribatu bat ere – berak ez du nahi ordea aurkitua izaterik. Bere azkenengo orduetako behelainoan, Blakek basoan bilatzen du bere azken kantarako inspirazioa. Azkenik irtenbide bat aurkituko dio bere biziminari. Kurt Cobain-en bizitzaren azkenengo egunetan oinarritutako pelikula da. Nahiz eta arrakasta ezagutu, abeslariaren bakardadea eta atsekabetasuna azaltzen da, bere sormen paisaia, bere gertuko harremanen nondik norakoak eta bere hauskortasuna.
+ 20’15 “Niger, Magic and Ecstasy in the Sahel� (Hisman Mayet, 2005)
Niger, Sorginkeria eta Ekstasia Sahelean. “atzerritar gutxik bidaiatu zuen Nigerrera 2004an; polioa, malaria, sukar horia eta gisakoek etzuten erakargarria egiten nonbait. Urriaren bukaeran lortu nuen bisatuan zioenez, urte horretan 928.na nintzen… bertara joatearen arrazoia Dogondouichi-ko Boritarren posesio errito bat filmatzea bazen ere, Afrikar erara gertaerek norabide berriak hartu zituzten ustekabean, poesia eta ekstasiadun bideetan barneratzeko.� (Hisman Mayet, 2004ko azaroa).
Musika, bizitzaren ospakizun gisa. Uler ote genezake guk, zer den musika Nigerren? 70 minututan, Filmaketa hontan bizitzaren ospakizuna jasotzen da Afrikar Sahelean. Bertako hainbat musika jasotzen da: Kitarra Elektriko Tuaregen trantze-rocka, Bori-en erritu-dantza , Fulani Folka eta beste hainbat musika bizi.
Azaroak12 astelena 20’00
kontzertua: Angel Dust (Philadelphia) + Big Base (Asturias)
Angeldust Philadelphiako hirukote zakar eta ilun bat da, eta hirurak ere beste hainbat proiektuetan aritzen dira:
M Ax Noi Mach eta Rubbeb Raw taldeetan jotzen duen Robert Francisco da bat. Unchained eta Gateway Evening Colours-eko Nate Davis bestea. Jacob Anodine berriz, Canape bere bakarkako proiektua izateaz gainera, Magnet City Kids, Human Adult Band, Buckets and Batteries-en aritzen da.Proiektu hauetarako hainbat e-lotura:
[www.angelfire.com/scifi/mnstrattacks][www.myspace.com/rubbedraw][www.languagerecovery.org] [http://saving.blog-city.com] [www.myspace.com/gatewayeveningcolours]
[www.myspace.com/10940833] [www.myspace.com/magnetcitykids] [www.myspace.com/humanadultband]
Ernesto Avelino asturiarra, edo berdina dena, Big Base bi mehatzari errudunen gisakoa da. Basoko piztiak beldurtzen ditu bere zurrunkez, eta horretan Frankenstein digestioa egiten bezalakoa omen.
Azaroak 13 asteartea 21’30
zinea “The Devil and Daniel Johnston� (Jeff Feuerzeig 2005)
Daniel Johnston AEBetako musikagile eta marrazkigile bitxia da. Unibertso berezi baten jabea, egiten duen musika eta marrazkietan islatzen dena. 80. hamarkadan etxeko garajean grabatu ohi zituen kaseteak oparitzen zizkien garai hartan berak lan egiten zuen McDonaldsera hurbiltzen zirenei. Gero, ezagun egingo zen Kurt Cobain, Yo la tengo edo Flaming Lips-eko musikariek berarenganako miresmena agertu zutenean… Super 8-an eginiko filmazio amateur narratibo-parodikoak, bere komikienganako zaletasunaren eraginpean egindako ehundaka marrazki eta zinta magnetikoetan eginiko barne hausnarketa eta desoreken grabazioetatik abiatuta, Daniel
Johnston-en abenturen fisiko eta mentalen kronologia osatzen du Feuerzeig-ek. Danielen buru-ezintasunak alde batetara utzita, bere bizitza eta lanari eginiko omenaldia.