[lk032] DO: pertsona / JOSEBA IRAZOKI: Dosi

October 30th, 2007

pert.jpg

[lk032] DO: pertsona (Lucky kitchen, 2007)
JOSEBA IRAZOKI: dosi (Brown interior music, 2007)

Joseba Irazoki musikariaren aurpegi anitzetako bat da DO. Orain artean bere alderdi esperimentalena erakutsi izan du izen horren bidez, eta orain arte diot, berriki argia ikusi duen “Pertsona” izeneko diskan, musikan ikusmira desberdinak bilatzen ditugun “zarataralariok” behin eta berriz erabiltzen dugun ditxosozko adjetibo hori, esperimental, zalantzan jartzen duelako neurri batean. Azken diskaok iritsi arte DO eta Joseba Irazoki, pertsona beraren bi aupegi baziren, orain zaila da jakitea non hasten den bata eta non bukatzen den bertzea. Egia da Irazokiren alderdi guzti horien artean egitasmoak eta proiektuak desberdindu dituen ezaugarri nagusia (Mengele quartet, On Benito, Do, Joseba Irazoki, Onddo…) ahotsaren erabilera izan dela. Eta zentzu honetan DOren lan berri honek ez du nahasmenik sortzen, ez baitu apenas ahotsik (tartean apalen bat aditzen bada ere). Musika entzunerakoan aldiz bakarka argitaratutako bertze doinu elektrikoago eta elektronikoagoen beharrean, iparramerikako musika herrikoiaren zainak lurrazpitik atera ditu, bertzelako abangoardiako pretentsio haundirik gabe. Baina zenbateraino axola du horrek? Zer den esperimentala eta zer ez den eztabaidatzeak zentzurik badu, seguruaski bide okerretik joango ginateke. Josebaren adibidea, zentzu hortan, interesgarria bihurtzen ari da. Esperimentazioa goxotasunarekin ez dela borrokatzen erakusten baitu bere musikak, eta bertzetik, folk musikak abangoardia deritzanaren aurrean (oraindik esistitzen bada horrelako zeozer) errateko aunitz duela errepikatzen digu etengabe.
Pertsona, nagusiki gitarra hutsez egindako diska ederra da. Erdi-inprobisatutako gitarra marrazkiekin osatutako Olatuetan (creative sources, 2006) diskan egin zuen bezala (orduan Derek Bailey eta Robbie Basho omendu zituen) bertze gitarrajole haundi bat buruan izan duela nabari zaio Irazokiri. John Fahey. Orain urte gutti zendu zen gitarrajole iparramerikar bikain bezain polemikoak egin bezala, ustez hain banaduak dauden bi munduren artean, modernitatea eta tradizioa, zubi berriak eraikitzen ditu sokak astinduz. Fingerpicking estiloko teknika bikain menderatuz eta bere eginez, “pertsona”k Josebaren diskografia osatzen duten disken artean gora jotzen du.
Ia aldiberean, eta musikari honen produkzio erritmo arina bromazkoa ez dela egiaztatuz, topatzen dugu “dosi” lana. Brown interior music disketxeak berriz ere bogan dagoela dirudien kasetean argitaratua eta lehen aipatu estrategia antzekoei jarraituz, diska honek, iparramerikako musikaren bertze adar bat, hillbillya hartzen du eskutan eta ariketa baten gisara DOren mundura ekartzen. Bertze diskaren aldean zakarragoa egiten da entzunaldia (seguruaski soinu kalitatearengatik, edo jakitera nola dauden nere kasete erreproduktorearen kabezalak) eta beharbada bata bertzearen ondotik enzundakoan ez du lortzen hari itzal egiterik. Baina bertze pausu sendo bat suposatzen du irazokiren iparramerikako folkaren ariketa errebisionistan.

X.Erkizia

[joseba irazoki ms]

One Response to “[lk032] DO: pertsona / JOSEBA IRAZOKI: Dosi”

  1. matx Says:

    Eskerrik asko infoagatik. Aspaldi naukan bera ikusteko gogua, eta gaur Bartzelonan ikusiko dudanez info bila ibili naiz.

Leave a Reply