ITZULI PAPERERA
Friday, November 29th, 2013
2013ko azaroaren 28an BERRIA egunkariko A Capella zutabean agertu bezala:
Aste gutti batzuk pasatu dira. Bi adoleszente, Euskal herriko hiriburu batean. Lasai doaz kalean behera: bat pausu bizi xamarrean, adin hortakoek eraman ohi duten erritmo arraro baina definitu hortan. Laguna, pausu erdi atzerago, lurrera begira eta bere kidearen pausua harrapatu ezinean, arritmian. Kezkatuta, ia larrituta galdetu dio lagunari: internauta zara? Hilabeteak pasatu dira. Europako Software librearen fundazioak facebook-i 3 urteko bizitza eman zion. Urtetan internauta izateko helburua miloika pertsonei ezarri eta gero hura ere desagertuko dela aitzindu ziguten. Batek daki non geratuko diren facebooklarien miloika komentario, irudi, soinu eta konbersazioak. Hainbertze denboraz ezinbertzeko izandakoak eta akaso gure gailuetako nabigatzailearen hurrengo software eguneraketarekin behin betiko galduko direnak.
Urteak pasatu dira. 2004ean Jeff Rothenbergek gure memoria digitalen obsoleszentziaren arriskuaren berri eman zigun. Arazo hau azaltzeko, 2054. urtea irudikatu zuen berak. Bilobak etxeko ganbarako trastoen artean bilaka ari zirela, 2004ean idatzitako eskutitz bat topatu zuten. Haren ondoan CD-ROM bat. Eskutitzak zion CD-ROM hartan aitonaren ondasunak oinordetzan hartzeko sekretua gordetzen zuten dokumentuak zeudela. Biloba internautek, barrenean zegoena irakurri nahi izan zuten, baina ez zuten ezagutu ere egin CDa. Haiek irakurtzeko gailua topatu balute ere, nola lortu hura irakurtzeko softwarea? Nola irakurri dokumentu digital zaharra? Hemendik 50 urtetara irakurgarri izango den bakarra eskutitza izango zela aitzindu zigun Rothenbergek.
Mendeak pasatzen dituzte musikek desagertuta. 15. mendeko musika aunitz hurrengo mendeetako dokumentuak biltzeko karpeten azalak egiteko erabili izan zituzten. Orain gutti arte mendetan isilik egon diren milaka musika topatu izan dituzte paperetan gordeak. Partituretan, eskutitzetan edo karpetetako azaletan.
Ongi pentsatzen hasita, Internauta izatea edo ez, beharbada ez da hain garrantzitsua.
Xabier Erkizia