BERRIA egunkariak 2012ko martxoaren 15ean BI AHOTSETARA iritzi sailean argitaratu bezala:
Disney konpainiak ez du ideia hoberik izan Joy Division post-punk talde ingeles mitikoaren Unknown pleasures (Factory Records, 1979) lanaren azaleko irudi ezaguna bere sinbolo unibertsala den Mickey Mousekin nahastea baino. Kamisetan jarri dute emaitza. Salgai, jakina. Orain urte gutxi, Nike markak ere, batere baimenik gabe, Minor Threat hardcore taldearen lehen diskoaren azala erabili zuen bere iragarkietan. Betiko kontua da. Zalaparta pixka bat atera, eztabaida piztu, debaldeko publizitatea lortu eta lixto: objektu edo irudi polemikoa merkatutik atera baino lehen saldutako ale gutxi horiek eBay bidez bildumazale obsesibo edo aberatsenen espekulazioen bazka bihurtzen dira. Garai hauetarako estrategia perfektua da. Gaizki edo ongi, baina hitz egin dezatela nitaz premisaren bertsio korporatiboa. Basatiena. Punkiena, nahi bada.
Badirudi punkak oraindik baduela barrua ukitzen digun zerbait, eta min egiten digu denborak —40 urte beteko ditu laster, izenak behintzat— nola desitxuratu eta berrerabili duen ikusteak. Utopia frustratuaren nostalgia pizten digu. Gure bizitzak inoiz baino kontrolik zorrotzenaren morrontzapean bizi ditugun garaiotan, nork ez luke nahi —batzuetan behintzat— lotsagabe, zakar eta harro agertu? Nork ez du karrikara irten eta «No future!»oihukatzeko gogorik noizbait izan? Nork ez du eduki plastikozko irudi distiratsuz asetako garai hauetan zatar agertzeko tentaziorik?
70etik hona, punk musikak ia hamarkadaro bizi izan ditu revival-ak eta berpizteak. Puristek —honetan ere badaude— postaleko punk deitu izan diete errebisio horiei; bertze anitzentzat, berriz, horiek dira edo izan dira ezagutu dituzten punk mugimendu bakarrak. Gehienetan, ordea, zoritxarrez, ikuspegi estetikotik soilik, ahaztuta bere garaian punkak oparitu zigun gauzarik ederrena filosofia izan zela. Agindutako arau eta mugetatik at erabakiak hartzeko gaitasun irreberentea, askea. Zaude… Disneyk edo Nikek egin duten bezala?
Tira, Do it yourself eta Just do it ez daude hain urrun ere.
Xabier Erkizia