EZ DUGU ERREMEDIORIK
Tuesday, May 8th, 2012BERRIA egunkariak 2012ko apirilaren 26ean BI AHOTSETARA iritzi sailean argitaratu bezala:
Noizean behin halako lerroburu bat argitaratzen dute. Izan daiteke Europako espazio agentziatik datorrena, edo NASAtik, edo unibertsitate anglosaxoi bateko zientzialari talde batengandik. Baina tarteka, urtean behin edo, gure eguzki sistemako planetaren batean, edo planetaren baten ilargiren batean entzundako soinuak ematen dizkigute aditzera. Ez dut uste, are guttiago garai hauetan, halako berrien edo soinuen zain dagoen belarri aunitz topatuko dutenik, ez bada behintzat, futbolaren orro gero eta ozenagoek egiten duten bezala, gure eguneroko ezinegonak eta urduritasunak momentu batez distraitzeko helburuarekin. Baina oraindik halakorik entzun ez duenarentzat, erran dezagun espazioko soinu horiek ez direla bereziki kantatzeko edo dantza egiteko aproposenak. Ez-eta lasai lasai autoan, etxean edo ipodean jartzeko musikak ere. Eta ez dutela zientzia fikziozko filmetako soinu banden antz handirik.
Baina espazioarekin zerikusia duen edozerk bezala, nekez ezagutuko ditugun leku horien hotsak entzuteak halako jakin-min eta lilura berezi bat sortzen digu. Oraindik ezezaguna, birjina eta garbia (isila?) den lekuarekiko miresmen berezi moduko bat. Behatz puntekin ukitzeko urrunegi eta zinemaren bidez amestu ditugun estralurtarrekin topo egiteko hurbilegi.
Berriki Southamptoneko unibertsitateko zientzialari talde batek Martitzeko, Venuseko eta Saturnoko ilargietako soinuak erreproduzitzea lortu omen du, lekuan lekuko baldintza zehatzekin. Aurkikuntzaren arduradunek urrunago jarri dute belarria: musika espazioan jotzea komenigarria litzateke, honen ezaugarriak hobeki ezagutzeko. Eta txiste txar bat balitz bezala, proposamenarekin dator, gainera, zientzialaria: Martitzera joatekoak diren hurrengo astronautei han jo ahal izango dituzten musika tresnak eramateko eskatu beharko litzaieke.
Espaziora jaurtitzen dugun zabor eta txatarra galaktiko guztia sortzen ari den arazoa nahikoa ez balitz, eta gure mundua zarataz nahikoa bete ondotik, has gaitezen espazioa ere zarataz betetzen. Gortu, barkatu, konkistatu dezagun hura ere.
Xabier Erkizia