HERIOTZAREN DEIA
Thursday, February 21st, 2008Joan den astean Agoitzen izan ginen, Itoitzeko urtegiaren magalean. Nafarroako gobernuak urtegia xehetzeko kasuan erabiliko luken emerjentzia sistemaren probak egin behar zituen astelehenean eta bertara hurbildu ginen jakinminak gidatuta. Sirena eta alarmen inguruan gordetzen dugun memoriaren zati haundi bat gudazko filmetakoak dira, eta jakinmina biztu zigun gaur egun horrelako alarma batek zer nolako forma izanen duen jakiteak.
Proba eguerdian, punttuan, zen hastekoa eta ordu bat lehenago iritsi ginen nondik eta nola entzun/grabatu asmatzeko. Herrian sartu bezain laister herrikoetxeko bozina-entzungailu batek eman zigun ongietorria musika klasikoan (!) bustitako udal jakinarazpenarekin: “Minutu gutxi barru hasiko dira emerjentziazko saiakerak”. Irri egin genuen, ironia ederra heriotzaren entsegu batentzako. Ederki, argi dago, herrian zehar gisa honetako entzungailu gehiago dagoenez herri osoan zehar zabalduko zen deia. Antzeko moduan gertatuko zela pentsatu zuten herriko plazan bildutako komunikabide, aktibista ekologiko eta bizilagunek eta han bildu ginen denok, bakoitza plazako eskina batean.
Hamabiak jo zituzten ezkilek, eta bizilagunek, urduri, herriko etxeko entzungailuetara begiratu zuten. Telebistako kamarek ere bai. Baina ezer ez, etzen sirenarik entzuten handik. Horrela lau bat minutuz. Halako batean hasi zen entzuten sirena antzeko soinu grabe bat. Ez da plazako entzungailuetatik heldu, urrunean dabil, eta larria baino, soinu goxoa du. Oier etzebilen gaizki berria eman zuenen blogean, Barber-en kontzertu bat dirudi emerjentzia larria baino. Posible al da? Hasiera bertzerik ez al zen? gehiago, ozenago entzunen ote zen?
Eta erantzunen ezean noski, kexak entzuten hasi ziren. Lehenbizi bizilagunak, gero gainerako guziak, azpian sirenen sinfoniak jarraitzen zuen bitartean.
Hasi bezala isildu ziren sirenak. Eta handik gutxira bizilagunak ere. Aunitzek ez zuten solastu ere egin nahi, hitz nahiko bazuten gordeta baina beraientzako gorde zituzten. Haserre.
Hurrengo egunean egunkari baten titular batek zion: “Itoizko emerjentziazko planak soilik heriotzaren berri emateko balio du” Eta seguruaski ez dabil gaizki titularra, baina bai berria. Sirenarik behar al da ekidin ezin den heriotza sahiesteko? Bada nahiko arrazoi haserretzeko.
> soinumapa: “Larrialdietako seinalea” (Iñigo Telletxea)
Audio clip: Adobe Flash Player (version 9 or above) is required to play this audio clip. Download the latest version here. You also need to have JavaScript enabled in your browser.
> soinumapa: “Larrialdietako seinalea” (Xabier Erkizia)
Audio clip: Adobe Flash Player (version 9 or above) is required to play this audio clip. Download the latest version here. You also need to have JavaScript enabled in your browser.
X. Erkizia