SOINUZKO KANOIAK @ Anjel Lertxundi
Thursday, October 8th, 2009[Anjel Lertxundik BERRIA egunkarian idazten duen "Hitz beste" zutabean atzo argitaratua]
Manifestazio bat dator, oihuari oihu, agintariei batere atseginak ez zaizkien errebindikazioekin. Polizia irten zaie bidera. Disolbatzeko. Manifestariek aurrera segitzen dute beren bidean. Poliziek furgoneta baten gainean daukaten pantailatxo bat jiratzen dute manifestarien aldera. Kaskotxo sofistikatu batzuekin beren belarriak babestu eta gero, botoitxo bati sakatzen diote. Sekulako soinu sarkor, min, desatsegina emititzen hasten da pantaila: aizto bat bezain zorrotz sartzen da manifestarien belarri barruan, dardarka jartzeraino bertako hezurtxoak. Manifestariek, erotzeko zorian, ez dute korrika hasi beste erremediorik.
Ez da zientzia fikzioa: situazio horixe bizi izan dute orain gutxi Pittsburgh-eko kaleetan G-20aren kontra saiatu diren manifestariek. Soinuzko kanoiak deitzen diete, eta abantaila bat dute poliziaren esanetan: kanoion tiroek ez dute markarik uzten.
Abisatuta gaude.
Anjel Lertxundi.