SOINUZKO KANOIAK @ Anjel Lertxundi
October 8th, 2009[Anjel Lertxundik BERRIA egunkarian idazten duen "Hitz beste" zutabean atzo argitaratua]
Manifestazio bat dator, oihuari oihu, agintariei batere atseginak ez zaizkien errebindikazioekin. Polizia irten zaie bidera. Disolbatzeko. Manifestariek aurrera segitzen dute beren bidean. Poliziek furgoneta baten gainean daukaten pantailatxo bat jiratzen dute manifestarien aldera. Kaskotxo sofistikatu batzuekin beren belarriak babestu eta gero, botoitxo bati sakatzen diote. Sekulako soinu sarkor, min, desatsegina emititzen hasten da pantaila: aizto bat bezain zorrotz sartzen da manifestarien belarri barruan, dardarka jartzeraino bertako hezurtxoak. Manifestariek, erotzeko zorian, ez dute korrika hasi beste erremediorik.
Ez da zientzia fikzioa: situazio horixe bizi izan dute orain gutxi Pittsburgh-eko kaleetan G-20aren kontra saiatu diren manifestariek. Soinuzko kanoiak deitzen diete, eta abantaila bat dute poliziaren esanetan: kanoion tiroek ez dute markarik uzten.
Abisatuta gaude.
Anjel Lertxundi.
October 8th, 2009 at 3:32 pm
Erlazionatuta: http://www.kaosenlared.net/noticia/video-mas-informacion-sobre-canon-sonico-para-revoltosos
October 8th, 2009 at 3:53 pm
Kuriosoa benetan, Pittsburghekoak piztu duena. Ni dakidala LRAD dispositiboak Seattleko (Black Block-ak sortu zirenekoak, ateri kontuak!) manifestarien kontra erabili ziren publikoki lehen aldiz, eta geroztik pentsa zenbat aldiz erabili izan den, beti ere iparramerikan… Beharbada berritasun nagusiena LRAD eta antzeko arma sonikoak AEB, Israel edo Palestinea ez den bertze herrialdetan erabiltzen hasi direla da. Hondurasen Zelayaren aldeko manifestarien kontra erabili dute berriki.
Baina horrelakoetan gertatzen den bezala, irtenbidea ere topatu diote barrikaden bertze aldekoek: moto kaskoak.