Atzoko BERRIA egunkariaren alean ageri zen Xabier Erkiziak “Entzulearen eskubideei buruz” iritzi artikulu sailaren bigarren atala, orain hemen itsasten duguna, Berriaren baimenarekin. Post honen amaieran sail honen lehen artikulura ere salto egin daiteke.
Entzuleen eskubideei buruz (II)
Mila zortziehun eta berrogeita hamahiruan gertatu zen seguruenik historian lehen aldiz, edo hala gelditu zen artxibaturik behintzat. Entzule batek musikariak salatu zituen, haiek egindako interpretazio txarrak sortutako kalteengatik. Thadee Tyszkiewicz kondeak izan zuen horretarako ausardia Parisko Opera edo, garai hartan deitzen zen bezala, Musikaren Akademia Inperiala epailearen aitzinera eraman zuenean, Weber-en Der Freischutz lanaren interpretazioak eragin zizkion kalteengatik ordainak eskatzeko.
Kondeak horrenbertze maite zuen lana izanik, ezin izan zuen ontzat hartu urte batzuk lehenago François Henri Joseph Blazek egindako moldaketa, Operaren eta moldatzailearen iritziz, garaiko Frantziako entzuleen gustuetara egokitua, eta iraindua sentitu zen.
Epaiketak jurisprudentzia sortu gabe, -azkenean kasua bertan behera geratu zen eta Tyszkiewicz ordaindu behar izan zituen epaiketaren gastuak-, nagusiki garaiko egunkarietan polemika sortzeko bertzerik ez zuen balio izan. Baina lortu zuen zer edo zer: Geroztik Parisko Operak -ordurako bazituen bertzelako plagio salaketak, eta haien ondorioz ez sobera ospe ona- errespetu handiagoa erakutsi zien konposatzaileen jatorrizko lanei.
Kontraerran berezia. Entzule batek bere entzumenaren kontrako kaltea salatzeko emandako pausoa, azkenean obraren originaltasuna, eta ondorioz entzulearen subjektibitatea -entzunez berrinterpretatzeko gaitasuna- nolabait kondenatzeko balio izan zuen. Dena den, zaila da konde apalduak zer defendatzen zuen zehazki jakitea: Weberren obraren jatorrizko bertsioarenganako errespetua edo bere belarriek gordetzen zuten memoriaren errekonozimendua. Alegia,bere entzuletasuna edo entzuteko modua defendatzeko eskubidea.
Eta gezurra badirudi ere 200 urte ondotik ez gaude aunitz urrunago. Sorkuntzek bere (ustezko) originaltasuna defendatuko duten legeak eta haiek kudeatzeko mekanismoak badituzte, egileek ere bai, baina entzuleok ez dugu lortu aldi berean aktiboa eta pasiboa -nahitaezkoa, ekidinezina den heinean- den entzutearen ekintzak erakartzen duen edonolako erantzukizun eta eskubide defendatzeko modurik.
Are gehiago, oraindik ez dakigu zehazki halako eskubiderik ote dugun ere. Gehienez gehiegizko zarataren aitzinean gure osasun egoera ziurtatzeko adina ematen duten lege sorta dugu. Baina hain oinarrizkoak diren eskubide hauek praktikan nola jorratzen diren ikusirik, zer erran dezakegu gainerakoari buruz?
Xabier Erkizia
Entzuleen eskubideei buruz (I)
Entzuleen eskubideei buruz (II)