Edu Lartzaguren kazetariak gaur (2010-5-7) Berria egunkarian KK Null noise musikariari egindako elkarrizketa egun hauetan (gaur gabez Azkoitiko Matadeixen) Euskal herrian egiten ari den emanaldien kari.
Kazuyuki Kishino ‘KK Null’. Musikaria
Japoniako musika industrialaren eta noise mugimenduaren aitetako bat da musikari beteranoa. Azkoitian joko du gaur, Matadeixen. Tabata Mitsuru gitarrista psikodelikoarekin partekatuko du oholtza.
«Naturari bere bidea urratzen uztea, hori izan da nire gida bakarra»
Kazuyuki Kishino (Tokyo, 1961) musikaria Japoniako eta munduko noise mugimenduaren aitzindarietako bat da, Merzbow eta Keiji Hainorekin batera. Hainbat tresna jotzen ditu, eta gitarrarekin hasi zen inprobisazioaren munduan. John Zorn zein Fred Frithekin egin izan du lan, eta denera 100 disko inguru argitaratu ditu. Azken urteotan, kutsu elektronikoagoa eman die bere zuzeneko emanaldiei, besteak beste, berak asmaturiko Nullsonic gailuarekin. Aurrez grabaturiko oinarrien gainean, soinu efektuak erabiltzen ditu zuzenean, eta bere ahotsarekin sortzen du gainerakoa. Soinu-zarata emanaldi bortitza egingo du gaur, 22:30ean, Matadeixen (Azkoitia, Gipuzkoa), Tabata Mitsuru gitarra jotzailearekin.
Japonian bonba atomikoek utzitako suntsipen paiasaiatik sortu zen butoh filosofiatik sortu zen noise mugimendua ere?
Jende askok gaizki ulertu du: uste dute nik butoh dantza ikasi nuela, baina ez da horrela. Japoniako butoh dantzari Min Tanakak antolaturiko mintegian ikasi nuen, hori egia da, baina hor ez duzu dantzarik ikasten. Dena den, onartu behar dut esperientzia horrek sakonki erakutsi zidan hautsi ezinezko lotura dagoela gorputz eta gogoaren artean, eta nire sormena, lana eta emanaldiak iradoki zituela.
Zeni Geva hirukotearekin «hard core progresiboa» asmatu zenuen. Gaur KK Null egitasmoarekin bakarrik arituko zara. Zerk gidatu du zure eboluzioa?
Naturari bere bidea urratzen uztea, hau da, nire sena pentsatu gabe jarraitzea, hori izan da nire gida bakarra.
Bakarkako lan asko egin duzu, baina beste batzuekin ere asko egin duzu lan, Z’Ev, Alexei Borisov, Jon Rose, eta Cabaret Voltaireko Chris Watsonekin, esaterako. Hobe bakarrik, ala lagunduta?
Bakarrik nabilenean nahi dudana egiten dut, eta dena neure ideia eta sorkuntza da, eta emaitza soilik neure erantzukizuna. Taldean edo elkarlanean nabilenean erabat bestelakoa da lan prozesua: talde lana da, eta ez dago esaterik zer aterako den kimika horretatik. Bakarrik jotzea eta beste batzuekin aritzea, biak maite ditut. Ezberdina da, besterik ez, eta egia esan ezin dut esan zein dudan nahiago.
Halako musika underground egiteko, nahiko lanpetuta zabiltza. Zeintzuk dira hurrengo egitasmoak?
Ekainaren amaieran eta uztailaren hasieran Australian ibiliko da KK Null, hainbat hiritan egitekoa den Liquid Architecture jaialdian. Horrez gain, Zeni Geva taldearekin Australian bira egingo dugu irailean. Azaroaren amaieran, Frantziako Tazcorp dantza konpainiarekin arituko naiz lanean. Beraz, Frantzian egongo naiz hiruzpalau astez, pieza berriak sortzen haien Asfixia lan berrirako. Entseatuko dugu zuzenean aritzeko. 2011ko apirilean estreinatuko dugu. Bitartean, pieza gehiago sortzen ari naiz hurrengo diskorako, baita Zeni Gevarentzat ere.
Tabata Mitsuru gitarra jotzailearekin etorri zara Euskal Herrira. Norbera bere aldetik arituko zarete gaur Azkoitian, ala elkarlanean?
KK Null bakarka arituko da Cosmic noise ikuskizunarekin. Gero, Tabata arituko da bere gitarra psikodelikoarekin inprobisatzen. Eta, amaitzeko, bion arteko emanaldia egingo dugu. Soinu kimika sortuko da.