Berria egunkariak 2010eko irailean A CAPELLA atalean argitaratu bezala:
Urritasunaren gorreria
Onement kopia bakarrak argitaratzen dituen diskoetxea da. 2006an sortu zuen Sylvain Chaveau musikari eta konposatzaile lapurtarrak musika lanei margolanei ezartzen diegun estatus bera emateko intentzioarekin.
Haren hitzetan, mihise bat ezin da, musikarekin gertatzen den bezala, bikoiztu. Margo bat saltzen denean soilik erosleak izaten du koadroa, eta margolariak berak ere ez du hura ikusteko aukerarik normalean. Urritasun hori da, Chaveauren ustez, margoak duen indarraren ezaugarri nagusietako bat.
Hartara, musika margoaren estatus berean ezartzeko merkatu balio sistema berbera aplikatzea aski dela ondoriozta daiteke diskoetxe honen filosofiaren arabera, nahiz eta halako ariketa musikaren izaeraren kontrakoa izan.
Artearen merkatua beti oinarritu izan da urritasunean eta esklusibitatean. Komunikabideetan arteari eta bereziki arte enkanteen munduari eskaintzen zaizkion artikuluetan dantzatzen diren diru kopuru lotsagarriei erreparatzea bertzerik ez dago. Gero eta esklusiboago eta urriago, gero eta garestiago eta ondorioz garrantzitsuagoa dirudi artelanak. Edo hori da behintzat bere burua erregulatzen duen merkatu horrek etengabe azpimarratzen duen mezua.
Musikak aldiz, artearen merkatuaren arauen aldean, kontrako bidean topatzen du arrakasta. Gero eta entzuleria handiagoa eduki, gero eta balio ekonomiko handiagoa lortzen du. Zergatik orduan margoaren pare jarri? Ariketa kritiko bezala? Ariketa formal bezala? Eta are gehiago, posible litzateke halakorik imajinatzea musikaren industria eredu klasikoaren gainbeherarik gabe? Horiek dira, hain zuzen, Chaveauk proposatzen duen ariketaren zalantza handi eta kezkagarrienak, eta momentuz erantzunik gabekoak.
Onement diskoetxeak jada kopia bakarreko bortz disko eman ditu argitara, denak musikari esperimentalenak, alegia, soinu-artea etiketak sorturiko fenomeno bereziari esker, gaztetxe batean bezain erraz entzun daitezkeenak edozein museo garaikidetan. Beharbada fenomeno horren ondorioz, hainbertze saio ezberdin, ezusteko eta probokatzailetara ohitu den musika esperimentalaren eszenan inork ez du zalantzan jarri diskoetxe honen ariketa. Inork ez du kritikatu. Akaso musikari aunitz arte merkatuaren logika horrekin ados dagoelako, edo bertzerik gabe, gor.
Xabier Erkizia