LAU MINUTU XIRUKA
Thursday, May 19th, 2011Berria egunkariak 2011ko maiatzaren 5ean A CAPELLA atalean argitaratu bezala:
Eritasun moduko bat izanen da. Bertzela ez dago ulertzerik nola pasa daitezkeen hainbertze urte 4 minutu eta 30 segundo pasatxoko isiltasun bat behin eta berriz entzuten, eta aldioro gauza berriak topatzen. Eritasuna beharko du, eta kronikoa gainera, ez baitago John Cage, eta bereziki haren pieza isila, aipatzen ez duen musika historia libururik. Nik neronek ere onartu behar dut txoko honetan maiz aipatu izan dudala, eta batzuetan haren ideiekin nekatzeko arriskua sumatu izan badut ere, denborarekin beti agertzen dela entzutera behartzen nauen haren isiltasunen bat. Beharbada izango da bere 4 minutu pasako Tacet (latinez, eragindako isiltasuna) hark benetan zarata zuelako helburu. Etengabe aldatzen den zarata. Berdin musikaren mundu akademikoan edo formalean, nahiz entzuleen artean. Baina Tacet hartatik 60 urte pasa dira dagoeneko. Eta isiltasunak adiera, balio eta izaera desberdinak ditu gaur eta hemen.
Datu ofizialek (isilarazteko bertze teknika paregabeak ere) diote munduko bigarren herrialde zaratatsuenean bizi garela. Euskaldunok ere, gure diskrezio famarekin, zaratarekin exorzizatzen ditugu gure isiltasunak. Beharbada horregatik gustatzen zaizkigu hainbertze zalapartak, txarangak, karrikabueltak eta bertzelako burrunbak sortzeko gai diren egoerak.
Berriki, Gotaine-Iribarnen ospatu zen Xiru festibalaren 22. ekitaldian halako zer edo zer ikusi eta entzun ahal izan genuen han bildutakoek. Jeremi Garatek eta berekin jo zuten musikariek Cageren obren aukeraketa bat interpretatu zuten Gotaineko eskenatokian. Tartean, nola ez, lau minutu eta hogeita hamahiru Segundo.
Baina hango isiltasunaren kontrastea nabaria izan zen auditorium ofizialetan entzun ahal izan diren saiakeren aldean. Hiriburuetako auditoriumetan, entzuleak, anitzetan intelektual itxurak eginez, soilik pieza sonatua banatzen duten hiru mugimenduen arteko etenaldietan (isiltasunen isiltasunetan?) egiten du eztul. Gotainen ez. Han barre egin zuen entzuleak, zalaparta, oihuren bat ere, zaratatxo urduriak, irribarre lotsatiak… Baina inguru haietan behin ere izan den edonork jakinen du dagoeneko, bertakoek ez dutela eskenatokiaren beharrik isiltasuna zer den jakiteko.
Behin batez Cageri berari galdetu omen zioten ea zer irudituko zitzaion bere piezan jendea ez balitz isilik geldituko. Berak, xiberotar baten gisara, erantzun zuen: «Bertzerik gabe, entzungo nuke».
Lau minutu eta erdi motz gelditzen zaizkio isiltasunarekin bizi denari.
Xabier Erkizia