PIDGIN#3

September 27th, 2007

pidgin.jpg

[hamaika8] v/a: Lancemos, irresponsables, los dados + PIDGIN#3 (2007)

Gatza talde-izate-elkarteak bertze batez harritu gaitu. Pasa berri den ertz jaialdian aurkeztu zuen bere azken artefaktu poetiko arriskutsua, beharbada orain arteko arriskutsuena, PIDGIN poema kuadernoen hirugarren alearekin. “Poesiak denon artean egina behar du” izenburuarekin olerkien muturrak gustuko dituen fanzine honek, bertze batez hitza modu plastikoan erabili, moldatu eta eraldatu daitekela erakutsi digu, oraingoan nagusiki bi modutan: idatziz eta entzunez. Poesia hizki eta poesia soinu. Beltzaren beltza azal bezala duen idatzizkoan Juan Manuel Uria, Ali Truta, Mattin, Isidro Lucien Ducasse eta bertzainbaten lanak topatzen ditugu; “Lancemos, irresponsables los dados” edo entzunezko atalean, cd-an alegia, zerrenda aise luzeagoa da, nahiz eta badiren bi ataletan topatuko ditugunak ere.
Seguruaski “Lancemos…” orain arte lurraldeotan sortu den soinuzko olerkiari, soinu poesiari, eskainitako lehen bilduma diska da. Eta horrek bakarrik aunitz erran beharko luke. Honek ez du erran nahi aurrekaririk ez dagoenik, hor ditugu errate baterako Joxan Artzeren bakarkako saiakerak, baina zinez eskertzekoa da gaur egun ere norbaitek halako saiakera (kulturalki nahiz komertzialki) “arriskutsu” bat egitea.
Halako hutsune baten aurrean jokatzeko erronka harturik, emaitza, 30 bat lanekin, olerkigintza eta soinugintza tamaina berean nahasten dituen entsalada ikaragarri bat da. Momentuka kaotiko, zatika “ero”tiko eta apurka errotiko (Maialen, hau zurea da). Partehartzaileen zerrenda ia amaitezina da: Carlos Mabusel, Katalina Mijango, Juanma Uria, Löty negarti, Esther Ferrer, Ibonrg, Ali Truta and the Plutonians, Bladimir Viquez, Ornitorrinkus (Maialen Lujanbio, Judith Montero), Gaizka Sarasola, Ramon Churruca…. eta ezizenekin gorderik bertze zenbait. Ahots inprobisazioak, onomatopeia poetikoak, zarata lirikoak, telefono bidezko olerkiak, isilune narratiboak… hitz eta hits, huts eta putz…
Hau dena garai bateko “sobre sorpresa” haien gisara, sobre batean sarturik (cda eta aldizkaria) eta zenbait opari gehiagorekin. Gustuen gainetik, beharrezkoa da lan hau.

[www.gatza.org] [www.hamaika.org]

One Response to “PIDGIN#3”

  1. audiolab » Blog Archive » POEMATIKA Says:

    [...] zuen “Lancemos, irresponsables los dados” soinu-poesien bilduma paregaberako (irakurri aipamena) grabatutako “Hi haiz apaiz” baina baita “Texture” bezalako poesia bisualak [...]

Leave a Reply