DONOSTIKLUBA 07
October 4th, 2007Bigarren urtez ospatuko da (ospatzen ari da dagoeneko) Donostian Donostikluba jaialdia. Iaz aipatu genuen nolabait Elektronikaldia zenaren oinordekoa hartuz sortutako jaialdi honek, bere aurrekariaren aldean, bide berri bati ekin ziola, izena, formatua baita kontzeptua bera ere nolabait aldatuz. Eta zentzu horretan aurtengo edizioak ere antzeko ildotik jarraitu nahi du, elektronikaren mundu zabala erakusteko helburua alde batera utzi (bertzetik gaur egun ezinezko helburua, praktikoki grabatutako musika oro baita neurri haundi batean elektroniko edo dijital behintzat) eta klubeko musikari arreta jarriz. Itxura batean aldaketa horrek haundiegia ez badirudi ere (oraindik ere entzule askorentzat musika elektroniko oro da dantzagarri edo klubeko), desberdintasun haundiak daude bi ideien aldean. Eta ez bereziki soilik klubetik kanpo geldi daitezken musika proposamenengatik, klubaren barruan gurutzatu ahal diren hainbat musika eta “egiteko modu” desberdin erakusteko aukerengatik baizik.
Zentzu horretan Donostikluba jaialdiak antolatu duen egitarauak klub-aren ateen barnekaldean gertatu daitezken egoera zenbait bizitzeko aukera eskaintzen du. Pop doinuetatik, dantza bihurrietara, technora edo dub musikara, klubean ere ikuspegi zabala daudela erakutsiz. Dagoeneko zenbait ekitaldi gertatu dira (berandu gabiltza…) baina oraindik bada zer entzun Donostiklubaren egitarauan. Hain zuzen heldu den asteburu honetan DUB musikari eginen dio lekua jaialdiak, Donostiako REVOLUTIONARY BROTHERS bikote bikainarekin eta DADDY Grekin. Hurrengo egunean, hilaren 5ean, LIVE CLUB gaua ospatuko da DELCO eta THE SUNDAY DRIVERS taldeekin eta azkenik hilaren 6an DONOSTIKLUBA GAUA, MENDETZ, PETER HOOK, DJ AMABLE eta GRUPO EXPERTOS SOL Y NIEVE proposamenekin.
Pasa diren ekitaldiei buruz hemen topatuko duzu pop gaueko kronika (“.”, Tulsa, Deluxe eta teenage fan club taldeko bi kiderekin) eta bideoren bat.
Donostia elektronikoa
Jaialdiarekin paraleloan eta lehen Elektronikaldia jaialdiak abiatutako bide beretik jarraituz, Donostia elektronikoa lehiaketaren irabazleekin bilduma argitaratu du aurten ere jaialdiak. Diskaren argitalpenaren aurkezpen modura bertan parte hartu duten musikari eta talde gipuzkoarrek kontzertu bana eskaini zuten pasa den irailaren 15ean Jareño kontzeru aretoan. Bertan izan ziren zuzenean Mischa Canibal, Biconnection, L’Enfant terrible eta Ben Hamed. Hauei gehitu behar zaizkie cdan bai baina zuzenean egon ez ziren Ope Loeb, Cepuntobandish, Fairlight eta krell, nahiz eta hauek bertze dj besta batean parte hartu zuten (irakurri kronikak, hemen eta hemen).
(argazkiak: donostikluba)