Basquecamp-en izan ginen

June 18th, 2008

basquecamp_ukberri.jpg

Orain dela bi aste bitarte ez nintzen behin ere barcamp batean egon eta seguruenik han bildu ginen gehienak ere ez. Beharbada pixar bat nabarituko zen, hasieran denak lotsati ibili bait ginen, baina topaketaren moderadore lanak bete zituen Patxi Gaztelumendik ez zuen lan gehiegi egin behar izan dena martxan jartzeko. Gogoan dut aspaldian interneten aditua den ezagun batek nola aipatu zidan euskal herrian sareko egitasmo interesgarrienak euskarazkoak zirela, eta lehengoan entzundakoarengatik (berriz) arrazoia eman behar diot. Tagzania, wiki-koadernoak edo Ahotsak bezalako web-egitasmo irekiak, Appleberri, Teketen edo Larrabetzu.org bezalako blogak, edo Ukberri, hitza, Herrikolore komunikabide herrikoiak dira horren erakusgarri, eta oraindik askoz gehiago bada, eta askoz gehiago ezagutu ahal izan genuen basquecampean. Horien artean kontutan hartzeko bi aplikazio-gune ireki: Mashup azkarrak egiteko Yahoo Pipes eta oraindik ziur behin baino gehiagotan aipatuko dugun OpenStreetMaps. Guk soinumapa eraman genuen topaketara.
Lehenbiziko Basquecamp honek elkar ezagutu eta aurkezteko aukera eman zigun, interneteko egitasmo askori aurpegia, izena eta ahotsa jartzeko aukera eta ondorioz teklatuari eragiten dioten pertsona anonimoekin sareaz gain, elkarbizitzeko bertze modu bat. Ez da gutti. Sarea lanerako tresna ederra dela errateak ez liguke garaiotan harritu beharko baina horrelako topaketak beharrezkoak direla erratera ausartuko nintzake, sare humanoak sortzea sare birtualak sortzea bezain garrantzitsua edo garrantzitsuagoa delakoan bainago. Are gehiago, indibidualizaziorako joera duten garaiotan.

Seguruenik, basquecamp hau hasiera besterik ez da izan, eta orain elkarren artean lagundu eta lanik edo egitasmorik aitzinerat ateitzeko moduak bilatzen hastea da erronka. Merezi izan zuen proba egiteak eta ziur mereziko duela proba gehiago egiteak ere. Azken finean basquecamp hau bi hitzetan deskribatu beharko bagenu laborategi irekia erabiliko genuke, eta zer da laborategi bat probarik gabe? Hurrengo pausua basquecamp-etik basquelab-era….

Xabi Erkizia

argazkia: ukberri flicker

Leave a Reply