Soinumapa @ Berlin: kronika

July 13th, 2008

tuned1.jpg

Berlinen izan ginen, “hiri afinatua”-n.
Afinatua, gonbidatzen gintuen ekitaldiaren izenagatik, hiri beraren soinu inguru bereziarengatik eta luxuzko gidari lanak egin zizkigun mattinek desafinatzeko tarterik utzi ez zigulako.
Horrelakoetan maiz gertatzen den bezala ez da nahiko denborarik horrenbertze gauza entzun, ikusi eta bizitzeko beraz aukeratzera beharturik ibili ginen. Kontutan hartu behar dugu momentu honetan (edo joan zen asteburuan behintzat) hirian dozenaka eta dozenaka ekitaldi interesgarri gertatu zirela, bai Tuned City jaialdiaren barne baina baita handik kanpo ere.

1. eguna
Jaialdiaren egitarauari dagokionez, ostiralean iritsi bezain laister Soinumapa zuzeneko emanaldi modura aurkeztea egokitu zitzaigun. Hasiera batean gaba hartako egitarau osoa (6 emanaldi) kanpoan gertatzekoa bazen ere, aitzineko eta ondoko egunetan apenas ikusiko genuen euriak berea bota zuen, ekitaldi osoa pabilioi industrial huts batera pasaz. Zinez leku berezia. Gure imajinarioan 80ko hamarkadako Berlineko industriagune haiek nahitaez gogora ekartzen zituen, baina berezitasun batekin: sabai guzia egurrezkoa eta berri-berria zen. Nahiko irudi surreala egia errateko. Gerora jakin genuen udala eraikina berritzen hasi omen zela baina bertan behera utzi zuela lana (eta arraroa badirudi ere laister kenduko ziotela sabai dotorea!). Modu batera edo bertzera itxura batean leku egokia zirudien halako emanaldi baterako. Pabilioiaren erdian etzateko ohe elastiko ikaragarri bat jarri zuen antolakuntzak, atzekaldean musikari nahiz bisitarientzako jantoki eta ostatu koxkorra, eta soinu ekipoa ere ez zen nolanahikoa. Gabeko ekitaldia, nahiz Tuned City-ren egitarauan barnean egon, Rinus van Alebeek-ek zuzentzen duen Das Kleine Field recording festival-ek antolatu zuen. Rinusek, kontzertu guztiak loturik, etenik gabe, egiteko eskatu zigun parte hartzaile guzioi, eta hasieran hizlari bezala aukeztu bazuten ere, ez zuen hitzik egin eta Harold Schellinxekin batera pabilioan zehar pixkat mugitzera mugatu zen, gainean zeramatzaten cassette batzu erreproduzitzen zituzten bitartean. Egoera (sala ikaragarri haundia, euria kanpoan, jendea etengabe hitz egiten) ez zen beharbada horrelako ekitaldi batentzako egokiena baina rinusen arauak zuzen zuzen mantenduz hasi ziren kontzertuak bata bertzearen ondotik. hauen artean aipagarriak izan ziren Richard Francis-en emanaldi hipnotikoa (serioegi beharbada?) eta Lasse Marc Riek-en kontzertu koloretsua, ekitaldiari amaiera eman ziona. Gure emanaldia komentatzea ez dakit zilegi den (beharbada hori beste batzuk egin beharko lukete) baina aipatu bezala soinumapa.net egitasmoko artxiboak erabili genituen iturri bakar modura eta bi anplifikadore ttiki gehi ekipo nagusia entzungailu gisara. Egoera zail xamarra izan arren gustura egindakoarekin.

2. eguna

Talking Drums installation

Behar bezala deskantsatu eta Tuned City-ren egitarauari zuku pixkat ateratzeko eguna zen. Horrenbeste gauza aukeran izanik instalazioak bisitatzeko erabakia hartu genuen. Ordutegi eta kokapenarengatik espazio ikusgarrian (garai bateko ur deposito ikaragarria eta laberintikoa) bi entzun/ikusteko aukera izan genuen: Aernoudt Jacobs-en Echolocation eta Ulrich Eller-en Talking Drums. Azkenak, hasiera batean behintzat itxura eta soinu kuriosoa zeukan: Maila desberdinetako gela borobil batean 32 bat bateria kaja, zutabe eta paretetan zintzilik eta aleatorioki jotzen. Kaja hauetako bakoitzak entzungailu bat zuen barrenean, hain zuzen kaja soinuak erreproduzitzen zituena, efektu fantasmagoriko antzeko bat sortuz. Ez dakit ordea gu han izan ginen momentuan alfer xamar topatu genuen instalazioa edo hala zen normalean, baina lehenengo 30 segunduetatik aitzin ez zigun gauza haundirik erran. Halaere, Echolocation-ekin gertatzen zen bezala oihartzunez betetako espazioak paper garrantzitsua jokatu zuen instalazioari itxura berezi bat emateko. Itxura hartzen diot espazio horretan edonolako instalazio batek lortuko lukela funtzionatzea.
Echolocation installation
Echolocation-en kasua bertzelakoa da. Xaguzaharren soinu bidezko kokapen sistema imitatuz harrizko labirintu ilun ikaragarrri hartan sartzera gonbidatzen dute atean, bakoitzak tronpetadun mp3 irakurgailu bat eskutan hartuz. Makina hauen zaratek paretekin egiten dute topo ilunpean kokatzen lagunduz. Esperientzia hori, depositoko korridoreetan bidaiatzen dabiltzan bertzelako soinu bereziekin nahasten da giro ilun eta misteriotsu bat sortuz. Hain zuzen automatak gogoratuz eta misterio haundiago bat emanez, tartean automatikoki biraka hasten diren beste entzungailu arraro batzuk daude. Berezia.
Zoritxarrez (edo zorionez) denbora segidan pasa zitzaigun instalazio hauetan eta Brandon Labelle-n beste lan bat ikusteko gogoak bagenituen ere, bazen garaia Cakes & Coffee records izeneko lokalera agertzeko, han egin behar baikenuen Berlineko bigarren emanaldia, oraingoan Tuned City-tik kanpo baina oraindik Das Kleine jaialdiaren barne.
Bezperan Rinusek, bere antolatu eta aurkezteko moduaren intentzio erakustaldi bat egin bazuen, dendakoa iada intentzio deklarazio antzeko bat izan zen. Orain arte ikusi eta ezagutu dudan aldioro (gogoan dut oraindik Mogamboko azken emanaldia) horrela izaten baitu gustuko Rinus-ek. Gauzak bere kabuz gerta daitezela gustatzen zaio. Eta hala gertatu ziren. Harold Schellinx cassettezaleak bere found tapes edo aurkitutako kaseteen erakusketatxo bat jarri zuen galeriako gela bakarrean, karrikan topatutako zintak editatzen eta erakusten zebilen bitartean; denbora edo egitarau jakinen beharrik gabe, baina gelditu gabe. Zöe Irvine lagunaren Magnetic Migration Music egitasmo ederra ekarri zidan gogora. Halako batean madrilen bizi den Ben Roberts iparramerikarra hasi zen bere telefonoetako erantzungailuei buruzko lanaren azalpenak ematen. Berlineko bisitaldia aprobetxatuz Roberts-ek bertako bigarren eskuko merkatuan topatutako kaseteak erabili zituen erakustaldi analogiko-elektriko berezi bat egiteko. Bertzelako intentzio edo pretentzio haundirik gabe lan desberdina, atsegina eta entzuteko modukoa da berea, ezagutu ahal izan genuenarengatik Ben bera bezala.

daskleine1.jpg
Gure aurkezpena aldiz, oraindik informalagoa izan zen: Hasiera batean irratiak erabili genituen soinumapako artxiboak transmititzeko eta erakusteko baina eguraldi bikaina aprobetxatzeko edo, azkenean Rinusekin (eta bertaratutako guztiekin) audiolab-en egitasmoei, hauen artean noski soinumapari, ideiei, artelekuri eta beste kontuei buruz solastuz pasa genuen arratsaldea galeriako atean, karrika erdian. Hartara Oierrek ere ordenagailua eta amplifikadorea atera zituen elkarrizketari halako soinu banda jarriz. Kontzertua edo hitzaldia baino, irratsaio inprobisatua deitu genion denok, eta egia erran bikain pasa genuen han bilutako guztiok. Aunitzetan ekitaldi informalak eraginkorragoak izan ohi dira ofizialak eta arduratsuak baino, eta seguruenik hala izan zen gure kasuan ere.

3. eguna

Berlineko egun librea Mattinekin denbora pasatzeko lasai hartu genuen. Bere azken argitalpenak entzun genituen, Billy Baoren lan berriari buruz ere, bere diska bildumaren aukeraketa bat ere barra-barra kopiatzeko aukera ez genuen galdu eta ilunabarrean, jatetxe vietnamdar bikain (baina bero!) batean afaldu ondotik, sorpresa modura kasualitatez etxetik hurbil kontzertua emanen zuen lagun bat bisitatu genuen: nor, eta Lucas Abela. Ez dut zalantzarik bere lana ezagutzen dugun guzioi zaila egiten zaigula imajinatzea nola oraindik gizon honek bere hortan jarraitzen duen, baina australiako beirazale harrigarri hau ez da gelditzen. Kontzertuaren lekuak Electronic Church zuen izena eta sarreran San Inazio batek agurtzen zuen sartzen zen edonor (nonbait, areto-galeriatxoko arduradunetako bat jesuita izandakoa omen da). Dozena bat lagun gehienez bertan, (musika elektronikoari errezatzen?) eta bertze australiar bat Abelaren aitzinetik: Robert Curgenven. Bere emanaldiaren lehen zatia entzuterik izan ez genuenok “arraroa” zen zeozer galdu genuela somatu genuen, amaieran entzundako zenbait komentarioengatik (Rob berak barkamena eskatu zuen) baina entzundakoarengatik barkamenik eskatzeko beharrik ez zuela erran dezakegu. CDak, binilozko diska bat, bentiladore bat eta edalontzi bat erabili zituen soinu iturri bezala, australiarrengan ohikoa den elegantziarekin baina apenas sorpresarik gabe. Dena den emanaldi gozagarria izan zen berea. Abela zuzenean ikusi duen edonork eginen du ideia bat ondotik etorri zenaz. Bere musika tresna gogokoena den kristal puska aurpegiaren kontra jarri eta putzaka, ohiuka eta bertzelako mugimendu zatarrak eginez zarata sesioa egin zuen gizonak. Bapatean karrikan topatutako kristal puska haundiago bat (aurrean zuena) buruarekin (!) xehetu eta hura erabiltzen saiatu zen. Alferrik ordea. Ekipamenduak ez zuen behar bezala funtzionatu eta zinez situazio komikoa sortu zen. Zarata ikaragarritik putz soinu erridukuluetara pasa zen kontzertua. Neurri gabeko biolentziatik barregarrira. Eta merezi izan zuen halakorik ikusteak! Aunitzetan serioegitzat hartzen den musika mota honetako emanaldi batean halako momentuak bizitzeak bertze itxura bat ematen dio musika berari.
Zorionez edo zoritxarrez bukaera apoteosiko bat egin zuen Abelak, buruarekin osorik gelditzen zen beira puska haundiena lehertuz. Kristal hautsien gaba… Norbaitek imajina dezake berlineko egonaldi batentzako bukaera hoberik? ;-)

Esker mila: Mattin eta Lisa, Rinus Van Alebeek eta Das Kleine field recording festival, Derek Holzer eta Tuned City, Somaya, Javi Sanchez, Lucas Abela, Cake & Coffee records, San Francisco 67, Wolfgang eta bidean ezagutu ditugun lagunei.

Oire Iruretagoiena & Xabier Erkizia

2 Responses to “Soinumapa @ Berlin: kronika”

  1. audiolab Says:

    http://kleine-frf.blogspot.com/2008/08/4th-of-july-tuned-citizens.html
    on the dkfrf evening at tuned city
    includes some climatical observations

  2. audiolab » Blog Archive » SOUNDBLOG on soinumapa Says:

    [...] hartzerakoan. Rinus Van Alebeek-en eskutik bi ekitaldi berezi izan ziren Berlinekoak bere garaian idatzitako kronikan aipatzen genuen bezala, eta orain hilabete mordoxka bat beranduago Harold-ek, memoria ariketa eder [...]

Leave a Reply