ERTZ08 Lehen 3 egunak: Kronika
September 16th, 2008Huts egin ezinezko urteroko zita da Ertz. Nekez galduko dugu Berako kultur etxeari hartu diogun “kariñoa”, eta 9. edizio honetan ere, Endarlatzan barrena abiatu ginen, belarriak prest. Ohi baino publiko gutxiago beharbada, baina zegoena, entzuteko gogoz.
1. eguna
Stéphane Garin eta Syvestre Gobart hasi ziren, Polonia eta Frantziako bigarren mundu gerrako konzentrazio eremuetako irudi eta soinu erregistroekin egindako ikusentzunezko baten proiekzioarekin. Leku hauen egungo egoera erakutsi ziguten, eta irudi eta soinu batzuk oso ederrak izanda ere, ez nituen gehienetan oso ongi ezkontzen bi aldeak, eta hainbeste etenek ez zidaten sartzen utzi. Faltan bota nituen kontrasteak, edo erritmo mekaniko eta monotonoa apurtuko zuten elementuak. Gainera, Stéphanek grabazio gehienei ateratzen zizkien soinu baxu garbiek nekatu egin ninduten azkenerako. Soinu baxuen betekada antzeko bat izan nuen (Euskaltzaindiak dio: Soinu baxuak, gaztelerazko “sonidos graves”).
AMM izan ziren bigarrenak, eta izugarri gozatu nuen emanadia egin zuten. Tinbreen edertasun, zehaztasun eta aberastasunari, anplifikaziorik gabe jotzearen xarma eta naturaltasuna gehitzen zitzaizkion, eta kontzertuan zehar behin baino gehiagotan (emozioagatik edo) irribarre eginarazi zidaten. Irudipena izan nuen, ez ote zen Prèvost iniziatiba hartzen zuena, eta Tilbury honen atzetik jarraika zebilena. Hala ere, emanaldiaren ostean inguruko jendearekin hitz egin ostean, denek biak elkarreraginean ikusi zituztela eta nire irudipena nirea bakarrik izan zela dirudi.
Xedh-en txanda iritsi zen hurrena. Ezizen honen azpian ezkutatzen den Miguel A. Garcia berak (txantxetan, noski) bere emanaldia “heavy metal” bezala definitu bazuen ere, nik nahiago nuke “zaplasteko” deitu, edo hitz jokuak baliatuz, “belarrondoko”. Bat baino gehiago eman bait zizkigun, eta eder askoak gainera. Nire alde masokista deskubritu nuen, eta inongo momentuan belarriak estaltzeko beharrik gabe, gustura jaso nituen frekuentzia mingarriak. Are gehiago, gutxiegi zela iruditzen zitzaidan, eta askotan pentsatu nuen ez ote zen “itzalia” entzuten, distira faltan edo. Distira eta min gehiago nahi nuen. Horixe bada, ederki gozatu nuela.
Xedh-ek amaitu eta berehala, Charles Hayward eszenatokira igo eta bere emanaldirako gauza batzuk probatzen hasi zen: Bateriari kolpeak ematen eta soinu elektronikoak disparatzen. Eta konturatu nintzen, izugarri, baina izugarri molestatzen zidala. Xedh eta gero, ez nuen ixiltasuna baizik entzun nahi. Behera jaitsi nintzen, ia horrela belarriek atseden hartzen zuten.
Haywardena ere aski gozagarria izan zen. Alaia, bizia, umoretsua, birtuosoa… Momenturen bat azpimarratzekotan, bi maraka eta ahotsarekin egindakoa litzateke hori. AMM-rekin bezala, irribarrea atera zitzaidan ostera, baina hau ez zen emozioagatik izan.
2.eguna
Jean Luc Guionnetek eman zion hasiera bigarren egunari, Altzateko elizan organo elektriko batekin egindako kontzertuarekin. Bat-batean sartu eta ateratako soinuak, etendura askokoak, erabili zituen. Zaila egiten zait kontzertuaz beraz ezer esatea, ez bait dakit Guionnet gustura geratu ote zen edo besterik gabe ahal zuena egin ote zuen. Berako parrokiako organoa erabiltzen utzi ez ziotenean, Altzateko elizako organo elektriko txiki harekin konformatu behar izan zuen, eta miresgarria izan zen nola jakin zuen eskuartean zuenari etekina ateratzen.
Bizarraren formatu berria entzuteko parada izan genuen gero. Anplifikaziorik gabe, eta lurrean jarritako alfonbra batean zeuden hamaika instrumentu eta objeturekin, gustura entzun genuen emanaldia egin zuten. Biak ala biak instrumentista oso onak dira (beharbada kasu honetan beren ohiko musika tresnekin ez bazeuden ere), eta horri gehitzen badiogu jotzearen jotzeaz duten bata bestearen ezagutza, emaitzak ona behar du.
Ennio como violeta (tanto monta monta tanto) etorri ziren gero, eta gustura entzun genuen hau ere. Stèphane Garin eta Maitane Sebastianek osatutako bikotearen lehen kotzertuetako bat izan zen, oker ez banago, baina Le Garazi Philantrophik(e) orkestra edo 0 ensemble bezalako taldeetan egindako ibilbidean pilatutako esperientzia nabarmen ikusi zen. Hain zuzen, bi talde hauek gogorazi zizkigun euren kontzertuak, baita Pascal Comelade bezalako musikariak ere.
3.eguna
Donostiako Artelekun egin zen jaialdiaren 3.eguna, eta Jean Luc Guionnetek eman zion oraingoan ere hasiera, zur eta lur utzi gintuen saxofoi kontzertu ikaragarri batekin. Birtuosismo erakustaldi bat izateaz gain, ederra izan zen emaitza ere. Gauza bera elektronikarekin egin balu, kontzertu ederra izango zen berdin. Elektronikarena jarri dut adibide bezala, baina ez da txorakeria ere! Begiak estali balizkigute, eta pare bat momentu salbuetsita, nork esan saxofoi bat zenik entzuten ari ginena! Espazioaren erresonantziari ere jokua ateratzen jakin zuen. Akustika lehorreko leku baten asko galduko zuen kontzertu harek. Artelekuko erakustaretoaren reverb-ak Gionneti lagundu zion, eta Gionnetek Artelekuko erakustaretoaren reverb-ari lagundu zion.
Guionnet & Bizarra hirukoteak ere emanaldi gozagarria egin zuen. Bizarrak ohiko formatuan jo zuen oraingoan (bateria + tronpeta + laptop/objetu batzuk), eta ziotenagatik, baliteke hau izatea formatu “zaharrean” egindako azken kontzertua. Irudiak ukitu komiko bat bazuen, neure irudirako: Bizarrako Mikel Etxegarai eta Iban Urizar beti mugimenduan zebiltzan, jotzeko erdi makurtuta jarriz askotan. Gionnet berriz, pixkat atzerago eta maila bat altuago, erdi-erdian, bizkarra tente-tente eta geldi-geldi, aulki baten eserita. Bere aurpegiko espresioek bakarrik ematen ziguten egiten ari zen ahaleginaren berri. Lehen hamar minutuetan berotzea kostatu zitzaien beharbada, baina hortik aurrera hiruak oso bateratuta ikusi genituen, eta momentu oso on batzuk utzi zizkiguten.
Eta hori izan da Ertzen bederatzigarren edizio honen lehen hiru egunek eman dutena. Oraindik Artelekuko tailerra, tailer amaierako kontzertua 0 ensemblerekin eta Subsonics dokumentalen proiekzioak falta dira, baita Hazparneko Ttattola gaztetxeko zatia ere, hiru emanaldi egingo direlarik han. Baina galdu izanaren penarekin geratu beharko dut nik. Ahal duzuenok, gozatu! (Eta kronikaren bat egin)
Oier Iruretagoiena.
September 16th, 2008 at 11:40 pm
Milesker Oier kronista lana egiteagatik!
aunitz eskertzen dugu!!
Aurten iaz bezainbertze jende izan dugu jaialdian, eta igandean erraterako iaz baino gehiago, beraz antolatzaile garen heinean arrunt kontent gaudela onartu behar dugu. gainera emanaldien kalitate altua azpimarratuko nahiko genuke, aipatu dituzun horietatik hasita. Guionnet-en 3 emanaldiak erraterako bikainak izan ziren eta nahiz ederki erran duzun bezala elizako kontzertuan moldaketa batzuk egin behar izan genituen kontzerturako egoera egokiena sortzeko, azkenean Guionnet bera ere aski kontent gelditu zen emanaldiarekin. Ez gelditzeko moduan!! ikaragarrizko indarra, profesionaltasuna eta kalitatea erakutsi du frantsesak aurtengoan. Nik pertsonalki zuk erabili duzun birtuosismoa etengabeko bilaketa eta jakinminarengatik aldatuko nuke. Hori musikari puska! Ea laister dugun berriz ere gure artean.
Zure kronikari gehitzeko “Sonar Ciudades” filmearen emanaldia aipatuko nuke, ikaragarri egoera berezia izan baitzen. Kultur etxean bilutako (nagusiki) herritarrek umore haundiz hartu zuten Iriondoren filma, grazia haundia egin zien batzuei lagunak etabar ikustea zinema pantailan… erran bezala, egoera ederra izan zen. Eta azkenik Bizarrari dagokionez, onartu behar dut, nere ustetan, bai Berako set akustikoa nahiz Guionnetekin egin zuten emanaldia orain arte bikoteari entzun dizkiodan emanaldi hoberenak izan zirela.
azkenik, zure kronikaren sarreran aipatu duzun moduan, aipamen berezi bat egin nahiko dizuegu entzuleei (zuri barne jakina!) antolakuntzatik. Aurtengo esperientzia zinez eredugarria izan da, errespetu osoz, musikarekin gozatzeko jarrera paregabearekin eta giro bikainean egoteko prest dagoen entzulegoa izateak ez du preziorik. Milesker beraz zuei!
xabi