PSILOCYBENEA
October 3rd, 2008Heldu den larunbatean (urriaren 4ean) irekiko ditu bere ateak ofizialki Hondarribiko Psilocybenea musika areto berriak. Eta musika diot (ez soilik kontzertu) Psilocybenea, hasiera batean behintzat, ez baita bertze kafe antzoki edo bertzelako areto komertzial bat gehiago, musikaren eta kulturaren sorkuntzari eskainitako leiho berri bat baizik. Hori da behintzat hasiera batean usaitu daitekena zuzenean ez enpresari baizik sortzaileen ekimenetik heldu den egitasmo hontatik. Azken hamarkadetan Hondarribi musika interesgarri aunitzen iturri eta sorburu izan dela errateak, ez du halako berritasunik suposatu behar, ez luke hala izan beharko behintzat. Hamaika egitasmo, talde, grabaketa, kontzertu, jaialdi eta bertzelako soinuren bilgune ezagutu ditugu bertan, kasu gehienetan musikariek beraiek antolatutakoak. Eta zentzu hortan Hondarribian musikaren inguruan sortutako dinamika bertze lekuentzako eredugarria izan dela erran daiteke. Hortaz Psylocibenea bezalako egitasmo bateri puntak ateratzen hasizkero, beharbada berandu iritsi dela besterik ezin dugu erran. Ez gaitezen nahasi, ez baitut inolaz ere erran nahi “beranduegi”. Kulturaren munduan aunitzetan (gehiegi beharbada) gertatzen den moduan instituzio publikoak kultur dinamikak baino zenbait pausu atzerago ibili ohi dira, alegia berandu, eta kasu aunitzetan beranduegi ere. Zorionez hondarribian, dagoeneko hamaika soinu eta musika interesgarriren testigu izan bada ere, bada zer entzun eta bada sortzaile nahiko halako egitasmo haundi eta arriskatu bati (gaur egun kontzertu areto bat irekitzeak arriskurik ez duela baiezta dezakenak altxa dezala eskua) aurre egiteko. Eta hain xuxen horregatik, musikarien ekimena delako, ikuskizunaren kultura zabarrari aurre egin eta bertzelako kultur modeloak badaudela eta egon behar dutela erakusteko lekua behar du izan Psilocybeneak. Tolosako Bonberenearen edo Azkoitiko Matadeixeren bidea jarraituz (nahiz bakoitzak bere nortasuna propioa duen) gauzak bertze modura egin daitekelaren adibidea izan behar luke.
Ez luke zentzurik bertze modu batera.
Hala bada, ongietorri.
X. Erkizia
October 4th, 2008 at 10:34 am
Kultur dinamikak baino gehiago Kultur Dinamitak egiten dituzte boterean dauden pertsonak