[larr21] ORKESTRA ZOMBIE

November 8th, 2008

Orkestra zombie

Halloween gaua izan zen duela asko ez dela, eta banpiro odoledale, zombie, hezurdura bizidun eta sorgin itsusi zenbait ikusi genituen gure kaleetan. Gehiagorako ere eman du gaiak: Inketak prentsan, galdezka gure ohitura ote den ba festa hau, ez ote garen oso estatubatuartzen ari. Mendizombie, Mortizia, Deathetxea eta koadrilak, ordea, hil ondoren nazioek berdin dutela dioskute, eta nahikoa izan da hori inkestak irakurtzeari utzi eta euren soinuetara hurbiltzeko konbentzitzeko. Orkestra zombieren diskaren entzunaldia: Halloween gauerako plan ezin hobea.
Erroman hasi zen guztia, duela ia urtebete. Zoko guztietako zombie andana bildu ziren, eta batzuk megafonotik hizketan (belarriak erdi ustelduta dituzte eta ez dute ongi entzuten), besteak mingaina hilkutxan ahaztuta utzi zutelako edo bidean galdu zutelako morse bidez, egun batzuetan izan ziren honi eta besteari buruz hizketan. Baita txilibitua joz eta kantuan ere, Eromako santu eta patinatzaile artean.
Xabier Mortizia zombie jaunak guztia grabatu zuen, eta edizio-nekropsia egin du jasotakoarekin. Eta zinez, nabaria da bere eskua (zain ustelak bistan dituen azkazalik gabeko esku orlegi-urdina), psikofoniak eta psikofonia ez direnak antolatzeko, tratatzeko, aukeratzeko eta panoramizatzeko eran. Emaitzak “Reanimated musical corpseâ€? bezalako altxorrak utzi dizkigu. Beste hamar minutuan luzatuta ere gustora entzungo genukeen txilibitu pieza izugarria (hitzaren zentzu guztietan). Aipatzekoak “Vudu genzanoâ€?, “Drakulâ€? edo “Underground Orfeónâ€? ere; eta “Bada zombie bada!â€? bizi osoan (eta heriotz osoan) entzungo duzuen piezarik bitxiena da.
Zombie sinpatiko hauek entzun nahi badituzu zuk ere (eta prentsako inkestak irakurtzeari utzi), ez duzu Larraskito netlabelaren webgunera jo besterik. Bitartean, lo daude zombiak, baina…noiz arte? Ein?

Oier Iruretagoiena.

3 Responses to “[larr21] ORKESTRA ZOMBIE”

  1. xabi Says:

    aarrrrrgghhh….. hltzeko zorian ez, baina arrunt egosiak ere zomie izandako zenbaiten lurraldean, hemen Ekialdeko Timorren….

    milesker zure kritikarengatik Oier, edo edo eskelarengatik erran beharko nuke?
    goraintziak asiatik…

  2. Oier Iruretagoiena Says:

    Kritika-kritika ere ez da, ikusten denez. Aipamena edo…eskela bai…izan liteke eskela!
    Bestalde, belarri ustelduenak zein bigarren irakurketa izan ditzakeen konturatzen da bat idatzi eta gero. Mendizombie, Mortizia, Deathetxea eta koadrilak belarri fin askoa dute!

  3. Oier Iruretagoiena Says:

    Ah! Agur bero bat Timorreraino!

Leave a Reply