NORBEGIAKO KONTUAK (eta II)

July 8th, 2009

selbu

(…aurretik dator) Jaialdiko bigarren (eta azken) egunak ere lainoa, euria eta hotza ekarri zizkigun. Ekipoak soinu hobexeagoa zuen, eta hasi ziren berriz ere kontzertuak. Zinez maitatu genuen Jan M. Iversenen emanaldia, baita No Context inprobisazio hirukote ingelesarena ere. Geure txanda iritsi zen gero (Tüsüri, Xedh eta Tzesne & Paralux, bakoitzak bere kontzertua egin zuen), eta Animal Machine lagunak itxi zuen jaialdia.
Jaialdi ondorengo eguna ere Selbun igaro genuen, eta pasiatzeko aprobetxatu genuen gehienbat. Iluntze aldera (ejem, iluntzea) inprobisazio bat egin genuen Kjetil, Animal Machine, Carlos, Hector, nik eta Arnfinnen asmakizuna den eta bakarrik jotzen duen Tribu Paniks instrumentuak. Pure Datako patch bat eta erresonantzia berezia zuen egur eta erretxin sintetikoz eraikitako instrumentu bat dira Tribu Paniks, bere inguruko zaratak jaso eta manipulatuta itzultzen dituena. Denon arteko nahasketak ez zuen ordea ongiegi funtzionatu. Zarata anabasa baino ez genuen egin, eta afaria prest zegoela entzutea nahikoa izan zen zentzu gehiegi ez zuen lan hura uzteko.
Hurrengo goizean utzi genuen Selbu, eta Stavangerren egin behar genuen hurrengo geldialdia. Eguerdi aldera iritsi ginen, eta hiria ikusteko eta bazkaltzeko ordu gutxi batzuk eduki ostean, soinu proba egitera joan behar izan genuen Tou Scene zentrura. Ikusi eta berehala alderatu genuen Donostiako Tabakalerarekin. Kultur zentru erraldoi bilakatzeko bidean zen eraikin industrial zaharra da hau ere (garagardoa egiten zuten), 2014a arte guztiz amaituko ez dutena eta aurreko bizitzaren arrasto batzuk mantenduaz berritzen ari direna. Gure kontzertuko afixa ikusi genuen: “Eksperimentell musikk fra Baskerland�. Gurekin batera ziren kartelean Iversen eta Bjerga bikotea eta No Context ingelesak (bai Iversen bai No Context gurekin ziren Stoy Pa Landet jaialdian ere).
Ateak irekita eta barruan inor ez zela topatu genuen Tou Scene. Erakiniaren bazterrak begiratzeko aprobetxatu genuen, emanaldiaren antolatzaile zen Sindre heldu arte. Probak egin eta konturatzerako jotzeko ordua zen dagoeneko. Iversen/Bjerga bikoteak gehiago entzuteko gogoekin utzi gintuen saio laburra egin zuen, lurrean zabaldutako aparatu guzti haiekin, eta No contextekoek kontzertu amaiera oso interesgarria egin zuten, hiruek elkarrekin ordu asko jo dituztela agerian utziz. Mikel Xedh ez zen Xedh izan, Miguel Ã?ngel García baizik, eta ezizen horren azpian landu ohi ez dituen erregistro ixilagoak erakutsi zizkigun. Tzesne eta Paraluxek “Bardenas” lan berria estreinatu zuten, seguraski laister Euskal Herrian ere ikusi eta entzuteko aukera izango duguna. Eta nirea… beste norbaitek komentatu dezala.
Bi emanaldi horiek besterik ez genituenez Norbegia osoan, soinu gaiak utzi eta turista hutsak izan ahal izan genuen momentu hartatik aurrera. Hurrengo egunean bertan Oslora joan eta batere kontzerturik edo soinu probarik egin beharrik gabe ikusi genuen hiria lasai asko.
Eta iruditzen zait turista huts bihurtu ginen momentu horretatik aurrera amaitzen dela kronika hau ere.

Eskerrik asko biran lagundu gaituzten guztiei, Aunebakeen-eko jendeari, Tou Scenekoei, gurekin batera izan diren beste musikariei, kontzertuak entzutera hurbildu den jendeari, eta zuri, kronika hau irakurtzen ari zaren horri.

oslo

Oier Iruretagoiena.

Argazkiak: Tzesne & Paralux

Leave a Reply