Entzulearen eskubideei buruz (V)
February 8th, 2010Xabier Erkiziak BERRIA egunkariko “A cappella” atalean 2010eko urtarrilaren 28an argitaratutako artikulua. Artikulua egunkari beraren blog honetan topa daiteke.
Historiak agintari ero eta gehiegikerizale modura aurkeztu digun Neron enperadore erromatarrak antzerki edo musika emanaldiren bat antzeztu behar zuenean ehunka soldadu eramaten omen zituen berekin, bere gustura irri edo txalo egin zezaten. Horrela arrakasta ziurra zuen beti, eta porroterako lekurik ez. Agian erromatarraren praktiketan inspirazioa topatuz, XVIII. mendean Frantzian sortu zen La Claque instituzioak eta claqueur txalogilearen ofizioak urrunago eraman zuten erositako entzuleriaren ideia, ikuskizunetan txalo egiteko lana berezko arte bihurtuz.
La Claqueren funtzionamendua orkestrarenaren nahiko antzekoa izan ohi zen. Txalogileen zuzendariak orkestra zuzendariarekin, konpositorearekin, operako arduradunarekin edo, azken finean, kontratatzen zuenarekin interpretatu beharreko obra zehatz-mehatz aztertzen zuen, momentu bakoitzean entzuleriaren aldetik erreakzio jakin bat edo bertzea lortu ahal izateko. Nagusiki ikusleriaren txaloak bilatzen bazituzten ere, negarrak, sorpresa adierazpenak edo bertzelako erreakzioak ere sorrarazteko abilezia zuten txalogileek.
Emanaldia hasi aitzinetik claqueur-ak aretoko leku estrategikoetan kokatzen ziren, eta ikuskizuna hasterakoan zuzendariaren aginduak jarraitzen zituzten. Denborarekin horrenbertzekoa bihurtu zen haien boterea ezen, dokumentatutako kasu batzuen arabera, La Claquek berak kontratatu ezean, operak zapuzteko mehatxuak egiten baitzituzten.
Zorionez, gaur egun ez dugu ezagutzen txalogile profesionalik. Antzekotasunak bilatzen hasita, telebistako ikuskizunetan ikusleei nola jokatu agintzen dieten errejidoreak topatuko ditugu, ikusleen nolabaiteko orkestra zuzendariak -kameraren gibelean ezkutaturik, hori bai-. Eta badirudi guk ere gure etxeko sofan egon arren arazo handirik gabe onartzen dugula zuzendaritza hori eta pantailako irribarre eta poztasunak gure egiten ditugula.
Berdin gertatzen ote da musikarekin? Zergatik ez ote dago claqueur-ik kontzertuetan? Benetan entzule ikasiagoak garelako edo akaso denak bihurtu garelako soldatapeko txalo jotzaile? Zorionez oraindik badaude, zenbait kontzertutan, egoera zalantzagarriak, txalo errazaren balio susmagarria zalantzan jartzen dutenak eta entzule eta musikarien arteko erlazioak ere kili-kolo jar ditzaketenak. Azken finean, musikariak nahiz entzuleak gizatiarrago erakusten dizkigutenak. Hain da erraza txalo egitea…