Entzuleen eskubideei buruz (IV)
February 1st, 2010Xabier Erkiziak BERRIA egunkariko “A cappella” atalean 2009ko abenduaren 24ean argitaratutako artikulua. Artikulua egunkari beraren blog honetan topa daiteke.
Artikuluaren lerroburuak kolpetik pizten du arreta: ikusle batek jazz musikari bat salatu du, jazza ez jotzeagatik. Larry Ochs saxofoi jotzaile iparramerikarrak, Drumming Core taldearekin, Siguenzan (Guadalajara) urtero antolatzen den jazz jaialdiari bukaera eman zion orain aste batzuk. Kontzertua hasi eta gutxira, entzule batek aulkitik altxatu eta aretoko sarrera gunerako bidea hartu zuen, dirua bueltan eskatzeko. Bere argudioa, argia bezain harrigarria: hura ez omen zen jazza, musika garaikidea baizik, eta medikuak aginduta musika mota hori entzutea debekatua zuen gizonak, psikologikoki sortzen dizkion arazoengatik. Sarrerako arduradunen harridura ez zen txikiagoa izan eta, noski, eztabaidan lotu ziren. Bitartean kontzertuak aitzinera jarraitu zuen. Entzule amorratuak, bere eskubideak defendatzeko, Guardia Zibilari deitu zion; antolatzaileek, berriz, kultur zinegotziari eta alkateari berari, baina dena alferrik, ez batek ez bertzeak ez zion arrazoirik eman nahi izan ondokoari. Entzuleak eta Guardia Zibilak (!) ez zuten zalantzarik beraien argudio estetikoak defendatzeko: hura ez zen jazz musika. Bukaeran, ezer ere lortu gabe baina medikua eta guardia alde edukitzeak ematen duen babesarekin, entzule sutuak jaialdiaren kontrako salaketa jarri zuen kuartelean.
Errealitatearekin baino gehiago telebistako gag baten antza duen gertakizun hau aztertzerakoan dilema koxkorrak sortuko zaizkio edonori, hainbertze dira gordetzen dituen galderak… Hasteko, berriaren lerroburuak ikusle hitzaren ordez entzule jarri beharko luke, argi eta garbi, are gehiago kasu honetan. Baina ziur xehetasun hori ez zaigula arraro egin. Ikusle garela onartzeko ez dugu arazorik, eta entzule baten kexak, aldiz, xelebrekeriatzat hartzen ditugu. Oraindik. Bertzalde, jazz musika esperimentalen zaleek biharamunean hartuko zuten pozarekin gogoratu naiz, gehienetan aktualitateak bazterrean uzten dituen musika hauek bertzelako presentzia lortu baitzuten prentsan. Zoritxarrez, kasu bakar batek ere ez zuen musikaren kalitatea izan hizpide. Hori bai, ezustean, gertakariak Siguenzako jazz festibal ttikia, Donostiakoaren edo Gasteizkoaren aldean ñimiñoa, nazioartean ezagun egin du. Baina detaile guztien artean gehien harritu nauena medikuaren aginduarena izan da. Hamaika aldiz pentsatu dut halakorik existitzen ote den, eta orain, agerikoa denean, larritasuna eta lasaitasuna sortu dizkit aurkikuntzak: musika (ez bolumena) osasunarentzat kaltegarria izan daiteke, baina ez gaitezen larritu, zorionez gure entzumenaren osasuna zaintzeko prest dauden medikuak ba omen ditugu. Eta nik, behintzat, diagnosia behar dut lehenbailehen. Ez dut musika hau ulertzen.