BIZARRAK ORRAZTEN
February 18th, 2010Aspaldian beraien berririk jaso ez izanak (kontuz, ez nahasi Bizardunekin) ez du erran nahi beren burua Bizarra deitzen dion musika proiektuak tresnak lurrean utzi dituztenik. Hain zuzen 2009ko martxoaz eman zuten abisua beraien webgunean “Hilabete batzuk itxi egingo dugu bizartegia, baina bueltan beharbada jendea gonbidatzen hasiko gara bizarra moztera” mezuarekin, baita bete ere, geroztik Bizarra bikoteak ez baitu grabaketarik zintzilikatu. Urtebete eskaseko isilune hori hautsiz (baina bizarra moztera inor gehiago gonbidatu gabe… momentuz) taldeak grabaketa berria estrenatu du berriki, grabaketa eta norabide berria. Jazz musikarengandik jasotako eraginak (behin behinean?) baztertuz, Asiako, zehazki kultura indiar nahiz arabiarretako aireetan bustita iritsi dira Iban Urizar eta Mikel Etxegarai. Gogoratzen hasita, 2008ko ERTZ jaialdiaren edizioan emandako kontzertu hartan iada sumatu ziteken halako usairik, inprobisazioa, helburu baino tresna bezala erabiliz kultura desberdinetan igeri egiteko proposamena iradoki baitzuten, orain are agerikoa egin dena.
Bizarra patxulian bustita edo patxuli usaieko bizarrak, nahi bezala.
[audiolab:http://ia341330.us.archive.org/1/items/bizarra_ahaztuak100206/bizarra_ahaztuak100206_vbr.mp3]