Entzulearen eskubideei buruz (9)

June 1st, 2010

Berria egunkariaren Kultura sailako A cappella atalean 2010eko maiatzaren 19an argitaratu bezala:

Entzulearen eskubideei buruz (9)
XABI ERKIZIA

Nork erabakitzen du zein soinu, musika edo hots den gure belarrientzako ona? Nork pentsatzen eta diseinatzen ditu gure herri eta hirietako soinuak eta haien garrantzia? Arartekoak ote du horretan eskumenik? Alkateek? Beharbada, teorian gai honetan iritzi eta irizpide -gerora ordenantza- egokiagoak dituzten ingurugiro zinegotziek? Edo udaltzainen belarri entrenatuek?

Horrelako galderak egiteak gehiegikeria eman dezakeen arren, ezin dugu ahantzi gure inguruan topa ditzakegun soinu gehienak, nagusiki artifizialak diren horiek, diseinatuak izan direla gure belarrietara iritsi aitzin. Janzten ditugun arropak eta gidatzen ditugun autoak bezala. No Sound is Innocent idatzi zuen Eddie Prevost musikariak inprobisazio askeari buruz teorizatzerakoan, eta orain zilegi zait premisa hori inguruneko soinuei buruz mintzatzeko berreskuratzea: ez dugu soinu inuzenterik gure inguruan. Eta, ondorioz, arduradun inuzenterik ere ez. Hasieran aipatutakoek, bertze hainbertzerekin batera, egunero gure belarriak zizelkatzen dituzten soinu horiek erabakitzeko ahalmena dute, bakoitzak bere modura. Baina Arartekoak soilik iradokitzen duen bitartean, alkateek -eta haien neurrigabeko egoek nahiz berandu eta estropezuka hartutako neurri populistek- inoiz baino zarata handiagoa ateratzen dutenean, ingurumen gaiei buruzko zinegotziek karrikak baino gehiago aurpegiak garbitzen dituztenean eta udaltzainek motorzale diruditenean, zaila da soinu edo zarata politiken nondik norakoa jakitea.

Orain urte guti Erresuma Batuan Peter Cusackek zuzendutako artista eta zientzialari talde batek, zarataren inguruko politika eraginkorragoak eta eguneratuagoak pentsatzeko eta proposatzeko asmoz, inguruneko soinuen ebaluaketa berriak egiteko balio izan zuen egitasmoa jarri zuen martxan: The Positive Soundscape Project. Agintariek ezarritako irizpideak itsu-itsuan onartu beharrean, herritarrei galdetuta ikuspegi berri bat proposatu zuen. Sistemak txartzat edo ontzat eman dituen soinuen balore eskala kolokan jarriz, azken urteotan zaratari buruzko balioak eta iritziak aldatu direla erakutsi zuen. Eta zaratatzat daukagun soinu aunitz gustuko ditugula ondorioztatu zuen. Bertze modu batean erranda: hirietako biztanle-entzuleek zarata zenbait ez soilik gustuko baizik eta beharrezko -ekonomikoki eta psikologikoki- dituztela ondorioztatu zuen. Erran bezala, ez baita soinu inuzenterik… gure belarriontzat.

Leave a Reply