Entzulearen eskubideei buruz (10)
June 24th, 2010Xabier Erkiziak BERRIA egunkariko A cappella atalean ekainaren 17an idatzi arabera.
Entzulearen eskubideei buruz (10)
Norbaitek imajinatu al du nolakoa izango litzatekeen gure egunerokoa arkitektoek, bereziki rock izar modukoak diren edo izan nahi luketen horiek, entzumenari eta akustikari arreta pixar bat eskainiko baliete?
Azken urteotan ezagutu dugun arkitektura erraldoi eta harroa, botere estamentuei (gobernu, enpresa, fundazio eta hiriei) propaganda lan faraonikoa egiteaz gain, erakutsi duen gorreriarengatik pasako da historiara. Gizakiaren ibilbidean ez da behin ere horrenbertze diru inbertitu arkitekturan eta ez dugu behin ere hain akustika txarreko eraikinik ezagutu. Gizarte indibidualista eta entzungor bati zuzendutako azken monumentu handiak dira eraikuntza hauek, kapitalismo klasiko eta inperialistaren dinosauroak. Elkar komunikatzea ia ezinezko egiten duten eraikinak dira, eroso baina kontrolik gabeko oihartzunen bidez deseroso sentiarazten gaituztenak; eduki interesgarriekin beterik egon beharrean panteoi erraldoien modura hutsik ageri direnak.
Norbaitek imajinatzen al du boterea praktikan jartzeko, erakusteko eta bere apologia egiteko modu hoberik?
Zorionez, azken urteotan joera horrek bertzelako norabideak dituela dirudi. Beharbada nekearengatik izango da, beharbada jada eredu hori higatzen hasi delako (Bilbon izan ezik, bistan da…) edo boteredunek beren metodoak praktikan jartzeko alternatiba hobeak topatu dituztelako. Modu batera edo bertzera, badirudi arkitekto eta konpainia anitzek soinu eta entzumenarekiko arreta hori areagotu dutela, bertze moduko arkitektura jasangarri eta entzungarriagoak proposatuz.
Horren adibide da Bartzelonako aireportuko terminal berria. Etengabe jendez beterik egon arren bereziki isila, erosoa eta belarrientzako goxoa baita aireportua. Horrenbertze, non bidaiaria arraro sentitzen baita pasabideetan ibiltzerakoan, erosoegi. Izan ere, jakina da arkitektura akustiko deserosoek gehiago kontsumitzera bultzatzen gaituztela, gu apenas konturatu gabe sortzen diguten estres efektuaren ondorioz.
Kontua, beraz, isiltasun berri eta orain arte ezezagun honek gure jokaeran zein ondorio dituen jakitea da. Beharbada goizegi da horretarako, baina ez da horregatik fidagarriagoa. Isiltasun berriak edo zarata zaharrak, hara hor dilema. Aireportu isiletik low cost konpainia ezagun baten hegazkin zaratatsuan sartu bezain laster topa daiteke lehen susmoa: «Badakizu, Vueling-en zure belarriez ere arduratzen gara».