JACQUES ATTALI ere argiturik

September 1st, 2010

Itzaletara ezin pasa nabilela dirudi, azken egunotan ARGIA aldizkariak berriki argitaratu bi artikulu interesgarri izan ditugulako hizpide, biak ere musikari buruz. Eta hain xuxen hauetako baten ondorioz Gorka Bereziartuak artikulu are zaharrago baten erreferentzia pasa digu (milesker Gorka), hain zuzen 1983an Jacques Attali ekonomistari Ruidos: ensayo sobre la economía política de la música liburu paregabearen argitalpenaren aitzakian egindakoa. Jakina da Argia aldizkariaren hemeroteka aberatsak sorpresa ederrak gordetzen dituela, baina honek zinez ustekabean hartu gaitu. Jatorrizko idatzia Gorritxo ezizeneko batek sinatzen du eta jatorrizko bertsioa oinarri hartuz, hemen birpublikatzerakoan zuzenketa batzuk egin dizkiot testuari, gaurko idazkerara moldatzeko asmoz.
Elkarrizketa hau egin zela 27 urte pasa dira honezkero, liburuak argia ikusi zuela 31 eta aipatu liburuarekin gertatzen den bezala frantziako pentsalari polemiko honek errandakoetatik gauza aunitzek oraindik guztiz zentzuzkoak dirudite.

MUSIKA, ZARATA BOTEREA

http://www.argia.com/argia-astekaria/978/musika-zarata-boterea

Jaques Attaliri elkarrizketa
Jacques Attali-ren Iritzi Batzuren Inguruan

Orrialde hauetan ez gara saiatu ere egingo musikaren azterketa bat egiten. Musikaren hizkuntza interpretatu ahal izateko musikari dagozkion parametroak erabili behar dira, eta ez normalean gure ingurunean “musika” kontsideratzen dugun fenomenoa ukitzeko erabiltzen ditugun iritzi, subjektibitate eta gustoak.
Baina ez gara hemen bide horretatik abiatuko. 
Bada aspaldidanik aski hurbil daukagun eta kezkatzen gaituen fenomeno bat. Fenomeno hau musikaren mugimenduaren alorrekoa da guztiz. Zer nolako loturak ote daude gero eta maizago antolatzen diren kontzertu monstruo horien, irratietako emisoren, pub eta drogaren mugida normalen artean?
Hor dago Belodromoa, hor Autodromoa. Kontzertuak astero. Diska berriak egunero, diska denda eta irratietan. 
Baina ez gara orain hortik abiatuko. Bada non aztertu eta hurrengo batetarako honako galdera edo susmoei erantzunak aurkitzen saiatuko gara.
Bada azkenik fenomeno guzti hauen aldamenean, edo azpian, “euskal musika” izenpean ulertzen den beste fenomeno bat. Zer nolako loturak eduki litzazke orain arte eta ondoren aipatuko ditugun iritziek “euskal musikaren” fenomenoarekin? Zein bide darama? Nola eman diezakiogu buelta gainean daukan harlosari? 
Ez dira gaur goizeko galderak, eta ez gara orain hauekin ere hasiko. 
Egia esan ez dira galdera berriak. Urte asko daramatzagu galderaok erantzuten. Agian askotan aipatu izan da musika horrek boterearekin daukan lotura. Eta hala ere onartzen dugu, jasaten dugu, gustatzen zaigu… Eta beste nahaspilo batean sar gaitezke bidezidor honetatik. Eta ez goaz horretara ere. 
Jende askok ezaguna izango du akaso Jacques Attali jauna eta Ruedo Ibericok gazteleratua argitaratu duen Ruidos, economia política de la música liburua. Beste jende askok ordea ez du seguruaski honako liburuaren beharrik ere izango musika eta boterearen arteko lotura hertsiak intuitzeko. Beraz, zuk jakingo duzu ondoren doakizuna interesekoa zaizun edo ez. Liburu horren egileak duela urte zenbait bat eskaini zuen elkarrisketa baten itzulpena da honakoa. Besterik ez bada ere beharbada arestian aipatu galdera eta kezka batzuri buruzko erreflexiorako oinarri batzuk jartzeko balioko digu agian. 
Ea nonbaitetik sortzen den eztabaida!
Boterearen Zarata Eta Zarataren Boterea 
Jacques Attali Frantziako Alderdi Sozialistako ideologi kontseilari bat da. Boterean dagoen partidukoa beraz, egiten dituen adierazpenen arabera kontutan hartu beharreko datua.

Galdera: “Ruidos” liburuan historian zehar musikaren eta botere politikoaren nahiz ekonomikoaren arteko loturak aztertzen dira…
Jacques Attali: Bai begibistakoa da lotura estuak daudela musika eta boterearen artean, baina musikologia ez da ia batere kezkatu arazo honetaz. Dena den eta Adornoren lanetaraino joan behar izan gabe zenbait lan idatzi izan da honi buruz. Egun ordea gaurkotasun berezi bat dauka gai honek nagusiki bi arrazoirengatik: Hasteko, botereari buruzko teoriak asko aldatu eta osatu direlako Foucault eta Barthesen lanen ondoren, eta ondotik azken hogei urteotan musika oinarrizko boterearen muinera iritsi delako. Hau da, merkantziaren boterera iritsi delako.

G: Baina ez al dira azken urteotan, gero eta ilunago bilakatzen ari lotura hauek? Ez al dira ikertzeko zailagoak?
J. A.. Bai, ilunagoak dira, botereak bere hortan mantentzeko eta gehiago hedatzeko erabiltzen dituen estrategiak islatzen direlako. Boterearen izaearen garairik sinpleenean, nere liburuan errepresentazioaren garaia deitzen dudan hortan, boterea musika bezala eskenan jartzen zen, errepresentatu egiten zen. Musikariak eskenatokian bezala boterea ere hala zegoen, eskenatokian. Baina gaur ez da horrelakorik gertatzen. 
Noski, oraindik badira kontzertuak, politikaren espektakuloak badauden bezala. Teoriak ordea erakusten digu itxura batean boterearen funtsa ez dagoela eskenan jartzeko akzio hortan da musikaren funtsa kontzertutan ez daguen bezalaxe. Esan daiteke XVll.mendetik aurrera beheraka joan dela errepresentazioaren garrantzia eta lI. mundu gerratearen ostean bere nagusitasuna galdu zuela. Ondotik “espektakulua”ren logika bera auzitan jarri da.

G.:Eta haren ordez “merkantzia”

J.A.. Horren ordez, nere ustez tresna eta instituziotan gauzatu beharrean bere erreprodukzioa antolatuko duen kodigo batean gauzatzen den boterearen teoria bat dago. Boterearen funtsa gizartearen erreprodukzioaren mekanismoetan dago, eta boterea beraz erreprodukzioaren antolakuntza da, batez ere errepikapenarena. Eta merkantzia denez erreprodukzio honen berezko alorra, merkantzia da botere deslokakizatu honen generalizazioaren kokaleku funtsezkoena eta beraz kontra egiteko zailagoa.

(Aurrera segi baino lehen, eta hau ulertzeko, hona hemen Attaliren “Ruidos” liburutik itzulitako pasarte pare bat: 
Inguratzen gaituen musika serial hau industriaren produktua da. Kanpotik begiratuta, badirudi beste kontsumo industria baten sorkuntza dagoela hor, eta kapitala pilatzearen beste prozesu bat egongo litzatekela tartean. Baina askoz ere areago doa, arrunt ezberdina da. 
Kapitala, noski, hor dago, inoiz baino gehiago gainera. Disko batek diru kopuru handiak eskatzen ditu ekoiztu ahal zateko baita teknikarik aurreratuenak ere, baina potentzian dagoen errentagarritasunak musikaz interesatzera eraman ditu talde finantziero asko. Honela Gulf and Western etxeak (petroleoa, zigarroak, inmobiliariak…) Volt disketxea erosi du (Otis Redding kantaria barne), C.S.T. Corporationek Liberty and World Pacific (Ravi Shankar) erosi duen bezala. Halaere, gertatzen ari dena ez da bakarrik kapitalismo lehiakor batetik (“errepresentazioa”) kapitalismo monopolista batetarako (“errepikapena”) trantsizioa. Musikaren ekonomia are bereziagoa da. 
Musikaren erabilera-balioa ez dago besterik gabe produktu berarenpean, kontsumatzaileek daukaten errezeptorean baizik. Beraz, ez da posible difusio teknologia azkar aldatzea. Honela, produktoreen arteko konpetentzia ez da soilik produktuaren kalitatearen arabera sortzen, ezta prezioaren arabera ere. Biak ezberdinegiak baitira produktuak konparagarri izateko. 
Bestalde, disken ekoizpena industriaren parte txiki bat baino ez da. Funtsean, manipulazio eta promozio industria bat da, eta errepikapenak kontsumitzailea produzituko duten aktibitateen sorkuntza eskatzen du: kontsumo mota honek eskaera sortzea dakar, ez oferta ekoiztea (edo hobe, lehenengoan jartzen du pisurik handiena). Zaila da objektuaren balioa obra berberarengan ez dagoela onartzea, merkantziaren eskaera sortzen duten ekintza batzutan baizik. Hori da musikaren ekonomiaren logika berria, industria bilakatu zenetik.)

G.: Musika eta politika, musika eta progresismoa, musika eta iraultza… askotan aipatu izan ohi dira. 68aren ondorioz jende askok aldatu zuen bere afektibitate politikoa zenbait musika motatan: batzuk, pop jaialdi handi haiek mundua aldatuko zutela uste zuten; free-jazzean zapalduen garraxiak entzuteko gai zirenak ere bazeuden, beltzak eta beraien matxinada; Baina zuk jarrera ezkorra agertzen duzu musika guzti hauen aurrean…

J.A.. Saiakera horietan bazegoen musika berria izan zitekenaren hazitxoren bat, azken finean denek egin baitzuten duda merkatuan sartzeko edo ez sartzeko momentuan. Baina azkenean guztiak galdu egin zuten, merkatuan sartzea besterik ez zutenean izan. Pop jaialdiak disko jakin bat promozionatzeko baino izan ez direnean, Iparramerikako musika beltza hit-paradearen sostengu bat baino bihurtu ez denean, egia esan galdu dute bere funtzio subertsiboa, bere iraultzeko gaitasuna. Itxi egin dira, merkantzian kanalizatu. 
Dena den, bilatu behar duguna ez da musika berri bat, musikaren praktika berri bat baizik. 
Ideia solte batzuk baizik ez dira hauek. Noski, alde eta kontra jartzeko makina bat gauza dute. Hurrengo batean jarraituko dugu.
GORRITXO 
36-37

One Response to “JACQUES ATTALI ere argiturik”

  1. Mai Says:

    Kaixo!Euskal musika gustatzen bazaizue, gomendatzen dut Ibaimusic webgunea. Ibaimusic ekimena aukera aitzindaria da euskal musika munduan euskal diskoak edo euskal kantu solteak internetez eta legepean erosteko. Kalitate maila gorenaz (MP3 edo FLAC), erositakoa zeure ordenadorera ekar dezakezu, erabat legalki, eskubideak ordaindutako prezioaren barnean baitaude. Etxetik mugitu gabe!

Leave a Reply