Entzulearen eskubideei buruz (11)
July 26th, 2010Xabier Erkiziak BERRIA egunkariko A cappella atalean uztailaren 15ean idatzi bezala.
Entzulearen eskubideei buruz (11)
Jada 1979an Jacques Attali ekonomista eta pentsalariak modu zehatzean azaldu zituen zarataren, musikaren eta ekonomiaren arteko erlazio ugariak. Musikaren ekonomia politikei buruzko saiakera-n musika eta oro har zarata oro botere iturri amaigabea dela erakusteko helburuarekin, zarata sortzerakoan eta jasaterakoan praktikan jartzen ditugun jokaerak aztertzen ditu: zaratak, besteak beste, lurraldetasuna erreibindikatzeko (animalien gisara), kanpotarrak edo gutakoak ez direnak beldurtzeko, biolentzia izaera desberdinak kanalizatzeko eta antolatzeko, eta, azkenik, dena irensteko gai den kapitalismoaren ikuspegitik, kapitala sortzeko balio du, frantziarraren ustez. Eta lurraldea, kultura, biolentzia eta dirua nahasten dituzten teoria guztiekin gertatzen den bezala, askorentzat Attaliren iritziak eztabaidagarriak diren arren, egun, zaila da hark orain 30 urte azaldutakoak zalantzan jartzea. Joan berri den Munduko Futbol Koparen 2010eko saioak, Afrikan egin den lehena izateaz gain vuvuzelen kopa gisa gogoratua izango denak, eman digu horretarako aukera. Azken hilabetean mundu osoko telebista eta irratietako bozgorailuetatik birusa bailitzan zabaldu den mandeuli erraldoiaren garrasi etengabearen fenomenoa ederki uler daiteke Attaliren teorien bidez. Plastikozko milaka tronpetek batera jotzerakoan sortzen duten zarataren botereaz jakitun, ezin da ukatu hegoafrikarrek beraien lurraldetasuna baieztatu eta atzerriko selekzioak beldurtzeko erabili dutela vuvuzelaren orroa. Munduko Kopa hasi eta gutxira zenbait futbolari eta entrenatzailek FIFAri zelaian musika tresna debekatzeko egindako eskaerek erakutsi zuten oinazea sortzeko gai den benetako arma bat izateaz gain eraginkorra ere badela tronpeta ditxosozkoa. Zaratatsua bezain boteretsua dela. Bistan da tutuak ez diela afrikarrei Munduko Kopa irabazteko adina eman, baina ezta FIFAk debekatzeko erabakia hartzeko adina ere. Antolatzaileen zarataren aldeko ezohiko apustuak -seguruenik, Afrikan izan ezean onartuko ez luketenak- kontrako fenomeno bihurtu zuen eta du vuvuzela: zarata jasangaitza izaten hasi eta fenomeno komertzial bihurtu. Denbora gutxian miloika vuvuzela saldu dira mundu osoan, eta, Hegoafrikako kroniken arabera, bertako farmaziek belarrietarako tapoiak ere denbora errekorrean agortu zituzten. Hala, ez da harritzekoa Europako herrialde zaratatsu eta zaratazaleenaren taldeak irabaztea kopa.