Zein egia? ESKLABOA ZARELA

August 25th, 2010

neska1

ARGIA aldizkariaren azken alean (2241) Gorka Bereziartua kazetariak musikak espazio publikoan, alegia gure belarrietan (eta batzuen kasuan burmuinean ere, hauetik ere baitira publikoak diruditenak behintzat) duen eraginari buruzko artikulu mardula argitaratu du. Idatziak eguneroko egoera batetik abiaturik, musikak gure egunerokoan dituen eragin horien alderdi on eta txarren inguruan erreflexio zabala aurkezten du, alor sozial, ekonomiko eta politikoak kontutan hartuz. Kontu hauei buruz irakurtzeko aukerak murritzak diren arren, seguruaski ez da musikaren eta boterearen arteko erlazioari buruz euskaraz mintzatzen den lehen artikulua, baina, garrantzitsuagoa dena: ez dadila azkena izan.

MUSIKAREN BOTEREA: DOINUAREN DIKTADURAZ BELARRIETARAINO
Gorka Bereziartua

Pare bat akorde entzutea aski da sarri, emozio berezi hori sentitzeko. Musika da, eta kanta gustukoa izan ala ez, portaera aldatzen digu, poztu, tristetu, lasaitu, bizkortu. Inoiz baino abesti gehiago belarriratzen dugun honetan ordea, ez diogu gure buruari galdetzen zergatik maite dugun halako ala bestelako doinua. Nolako erabilera soziala duen musikak. Zein harreman duen boterearekin. Zer egiten ahal dugun botere horren aurrean.

Edozein astelehen Lasarteko erdialdeko taberna batean. 1:35 PM. Lau kazetari, bi mekanikari eta erretiratu bakartia bazkaritarako. Ofizio ezezaguneko bizpahiru pertsona barran. Edalontzi, botila, plater hotsak, “avance, uno, dos”, txanponak, txiskero bat, sua, eztula, solasak, gosez denaren sabel-orroak; eta dena besarkatzen, barnebiltzen, zapaltzen, itotzen, musika bat: telebistako 40 Latino katekoa, ozen, frankotiratzaileen maneran paratutako bafleetatik. Ez du inoren arretarik deitzen, baina kanpoan hotz zein bero musika hori, jai eta aste, ez da isiltzen.

Astelehen konkretu batean bolumena bajatzeko eskatu diogun arte, sekretu bat musikaren erruz ozenegi kontatuko dugun beldur. Baita kasu egin ere. Egia esan, dio tabernako langileak, ez zeukan zentzu handirik, ez, musika hain altu edukitzeak. Eta orduan, zertarako? Behin ahapekoak botata, horri buruz jardun dugu; ez baita taberna hau bakarrik. Arratsaldean trena hartuko duzu eta pareko nerabeak kaskoak jantzita eramango ditu, zorrotz distortsionatutako gitarrek ezabatuko dizkiote bagoiko soinuak; afaria prestatzen hasiko zara gero, etxera iristean, baina ez zara eroso egongo irratia piztu eta edozein doinu nahastu arte zartagineko olio txinpartekin; eta konturatzerako abuztua, jaiak han eta hemen, eta txosnetako letania, 1980ko hamarkadako kantak hizketarako oztopo; ezinbestekoak dirudite jendea girora hurbiltzeko.

Dena inguratzen du musikak, nonahi sartzen da, gutxien espero duzun espazioa okupatzen du. Inoiz baino kanta gehiago entzuten ditugu XXI. mende hasieran, baina, zergatik? Zer dela eta melodia, erritmo eta armoniarekin daukagun dependentzia? Zein da musikaren zeregina gure gizartean? Beharbada txantxa hutsetik harago joan da The (International) Noise Conspiracy talde suediarraren izena, eta benetan existitzen da Nazioarteko Zarata Konspirazio bat, herritarrak dominatzeko? Zeintzuk dira musikaren erabilera politikoak? Nola manipulatzen gaituzte belarrietatik sartzen zaigun horrekin?

Zer gerta ere, ahapeka jarraitu dugu berbetan. Gaia ikertu behar da eta niri eman didate enkargua. Misioa.

Top Guantanamo
Matrix filmean bezala sentitzen naiz: badakit musikari buruzko orain arteko pertzepzioak auzitan jarri behar ditudala, baina ez dakit nondik jo. Erantzunak behar, Morpheusen pilula gorri bat, ongi etorri errealitatearen basamortura. Hitzordua zenbait egun beranduago da, Donostiako Artelekun, Xabi Erkiziarekin. Audiolab soinu laborategiko zuzendaria da; handik atera zen 2009an Noise and Capitalism (Zarata eta Kapitalismoa) liburua, sistemak soinuaren bidez gure praktikak eta subjektibotasunak nola baldintzatzen dituen aztertzea helburu duen obra. Kafe baten bueltan eseri aurretik aurreratua dit esparru arrunt zabalera ari naizela hurbiltzen, tekla asko jo daitezkeela, eta agian ez dudala topatuko bilatzen ari naizen hori. Hasteko, beste alorrekin alderatuta, musikaren funtzionaltasuna ez delako sobera ikertutako esparrua. Erkiziaren ustez, beldurra dago gaia ukitzeko.

Musika jendearen portaerak manipulatzeko nabarmen erabili denean ere, galdera batzuk egin gabe geratu dira. Adibidez, duela urtebete inguru zabaldu zen hedabideetan AEBek Guantanamoko presoak torturatzeko musika erabili zutela. AC/DC, Bruce Springsteen, Rage Against The Machine, Red Hot Chili Peppers… Hainbat artistek protesta egin zuten eta euren kantak zeregin horretarako ez erabiltzeko eskatu. “Baina inork ez du galdetzen zergatik erabili duten nire musika horretarako, eta ez beste bat” dio Erkiziak. “Akaso nire musikak ba ote du potentzial bat erabilera horretarako, beste musika batek baino gehiago? Zergatik du potentzial hori? Ez dago autokritikarik, musika egiten dugunean inoiz ez dugu pentsatzen erabilera txarrik izan dezakeenik”.

Eta torturarena muturreko adibidea da. Baina horraino iritsi gabe ere, aspalditik erabiltzen da musika manipulazio erreminta gisa. Erkiziak azaldu du 1940ko hamarkadan Muzak kontzeptua asmatu zutela, ospitaleetan eta espazio publikoetan hari musikalekin doinu lasaiak eskainiz jendea bare-bare mantentzeko. Ikusi zuten horrek bazituela funtzionaltasun garbi batzuk, eta hamarkadaz hamarkada, garatzen joan dira.

Non soinua, han dirua
Baita esparru komertzialera lerratzen ere, manipulazio musikala gaur egun kapitalaren beharretara makurtuta baitago. Supermerkatuetan ez dute musika bera jartzen irekitzean edo ixtean, denda motaren arabera, erosle potentzialaren arabera, aldatu egiten da ez bakarrik estiloa, baita bolumena ere. Lasarteko tabernan sortutako galderak aurkitu du aurreneko erantzuna: dirua. “Gezurra dirudi, baina musikak sekulako harremana du ekonomiarekin. Azkenean, zarata dagoen lekuan dirua sortzen ari da” dio Erkiziak.

Liburu bat aipatu du, Jacques Attalik 1977an idatzia: Bruits (Zaratak). Musikaren politika ekonomikoa aztertzen du bertan pentsalari frantziarrak. Eta liburu horretatik abiatuta azaldu du, zaratak badaukala gaitasuna zerbait martxan jartzeko. Adibidez, gure tabernako zerbitzariak 40 Latinoren erritmoa behar du bere lana egiteko; eta, bestetik, ez zaio komeni lau kazetari mahaian eserita egotea bi ordu baino gehiagoz. Bazkariak zerbitzatzeko orduak mugatuak dira, mahai kopurua ere bai. Tresna ona da musika, espazio eta denbora horien kudeaketa optimizatzeko. Eseri, Shakiraren metronomoak ezartzen duen erritmoan jan, eta alde: mahaia libre geratzen da hurrengo bezeroarentzat. “Hala ere, ez dugu pentsatu behar tabernaren jabea putaseme bat denik… baina erabilera hori hor dago, eta funtzionatzen du. Eta batzuetan inkontzienteki eragiten digun bezala, espazio horiek kudeatzen dituzten pertsonek ere inkontzienteki erabiltzen dute musika. Baina badu funtzionaltasun bat”.

Heroina sonikoa?
Musikak bazkalorduan bakarrik manipulatuko bagintu, ziurrenik ez genuke erreportaje hau idatziko. Askoz sakonagoa da haren eragina. Musikaren funtzio sozial nagusienetakoa, Xabi Erkiziaren aburuz, identifikazioa da. Komunitate jakin baten barruan norbere burua kokatzen laguntzen du. Maila sozial eta kultural batekin, gizarte estatus batekin lotzen ahal dira pertsona bakoitzaren gustuak, eta merkatuak badaki hori. Gaur egungo kapitalismoa ez baita diruaren eta objektuen zirkulazio hutsa: kapitalak zentzumenen eremua ere ezagutzen du; hautematea, hunkidura erabiltzen daki.

Howard Slater-ek Noise and Capitalism libururako idatzi duen artikuluan azaltzen du pertzepzioa automatizatzen ari garela, ohitzen. Eta ohitura horiek gero kontsumo-produktuak eskaintzeko oso baliagarriak dira. Etsenplu bat eman du Erkiziak: nerabezaroa. “Zuk ez duzu entzuten gustatzen zaizun musika, zuri gustatu beharko litzaizukeen musika baizik, zure inguruari gustatuko zaiona, zure janzteko moduak markatzen duenarekin bat datorrena; nolabait, zure nortasuna sozialki markatzen duen musika”.

Hori jakinik, galdera arriskutsuagoak ere jar daitezke mahai gainean. Egin dezagun analogia bat, Euskal Herrian 1980ko hamarkadan heroinarekin gertatu zena abiapuntu. Demostratu samarra dago bazegoela intentzio bat droga hori hainbat lekutan sartzearen atzean; gazteak kontrolatzeko sartu zietela opio-zukua zainetan barrena. Erkiziaren itauna: “Norbaitek pentsatu al du inork musika bat sartu ote duen hemen, konkretuki, momentu jakin batean, komunitate bat modu batera moldatzeko?”.

Ze, musikak politikoki erabiltzen dira. Identitateak indartzeko, talde-sentsazioa areagotzeko, baliatzen dira. Hori jakinik, nolatan ez gara eszeptikoagoak entzuten dugunarekin? Zein puntura arte aukeratzen dugu entzuten dugun musika? Ez al gara errazegi mugitzen eragin jakin batzuen arabera? Erkiziaren ustez galderok ez dira egiten jende askori eragiten dietelako: musikariak, entzuleak, soinu-teknikariak, kultur-programatzaileak, aretoen jabeak, tabernariak, zerrenda amaigabea: “Industria sartzen da, ekonomia, kontsumoa… Musikak horregatik du egoera historikoak islatzeko gaitasuna, kapaz delako gure jokabideen alderdi mordo bat biltzeko, ukitu ezin den gauza batean”.

Iraultzaren soinu-banda
Baina historia ez da gertakari lasaien kateaketa. Gatazkak daude, aldaketa bortitzak, iraultzak. Kapitalismoak musika nola erabiltzen duen ikusi dugu, baina izango da modurik tresna bera errotiko aldaketaren zerbitzura jartzeko ere… ala ez? Noise and Capitalism liburuari egin dion sarreran Anthony Iles idazle eta editoreak zera dio: “Musikak ezin dio ihes egin erosotasunari, eta musikariek ezin diote ihes egin kapitalaren berehalako eskakizunei (beraien lan indarra saltzea). Egungo baldintzek egituratzen dute zein musika mota egin daitekeen eta nork egin dezakeen, baina musika bada, era berean, kultur forma bat existitzen diren baldintzen kontra erreakzionatzeko eta gainditzen saiatzeko”.

Punkak, new waveak, hardcoreak… hori egin nahi izan zuten, soinuaren bidez gizartearen zimenduei eraso. Garaian garaiko iraultza posiblearen soinu-banda izan ziren; erreka jo zuten iraultzak, bistan denez. Gaur egun, jostailuzko pistolen antzekoak dira estilo horiek, sistemak irentsi ditu eta galdu dute behin izan zuten potentzial eraldatzailea. Mende hasiera honetan zerbait aldatu nahi duen musikak bestelakoa beharko du izan, baina nolakoa? Aipatutako liburuan Csaba Tothek dio estilo horien ezaugarri amankomuna zera zela: ahotsa erdigune bihurtzea, mezu politizatuaren eroale. Abeslaria entzuleen ordezkari bihurtzen zen, eta haien egia kontatzen zuen mikrofonotik. Noise musikak –ingelesez zarata esan nahi du– ez du halako helbururik eta horregatik da interesgarria gizarte post-industrialetan: artistaren estatusa deseraiki nahi duelako, baita entzulearena eta musikarena ere. Generoa sortu zen garaiaz berba egiten du Tothen testuak: “Noise musikari izateak esan nahi zuen eguneroko jarduera subertsiboa, gerrilla taktika, etengabeko posizio-gerra”. Esperimentatzea, hitz bakarrean.

Puntu hori azpimarratu du Xabi Erkiziak ere. Bere ustez zaila da jarrera garbi bat hartzea inguratzen gaituen musika guztiaren aurrean, ze, batzuetan gogaitu egiten gaituen arren, festarako ere erabiltzen dugu, lasaitzeko, kontzentratzeko… “Esperimentu txikiak” egin daitezkeela uste du ordea, eta horiek egiteko espazioak sortu beharko lirateke. Adibidez, San Fermin jaiak urte batean musikarik gabe egitea. Edo, ohiko kanten ordez, txistu batekin egindako piezak bakarrik jartzea.

Halere, Erkizia bat dator Ilesen ideia nagusiarekin. Musikak bere horretan ezin du ihes egin kapitalismoaren atzaparretatik eta ez da erraza aldaketa posiblerako teoria orokor bat eskaintzea. “Etengabe esperimentatzeak esan nahi du egia bilatu nahi hori alde batera uztea; horrek nolabait suposatzen du musika egitearen oinarria bera zalantzan jartzea. Eta hori inork ez du zalantzan jartzen”.

Zalantza horietan murgildu zirenen artean, izen bat, John Cage. Soinuarekin egin zituen ariketa amaigabeen artean, musika desagerraraztea izan zen erradikalena. Estetikari arreta eskaini ordez, entzumenari eman zion garrantzia AEBetako konposatzaileak. Horren bidez, ikertu nahi izan zuen gure baldintza kulturalek nola eragiten duten entzuten duguna deskodetzeko moduan. “Gaur egun badago haren figuraren aldarrikapen moduko bat, baina berak planteatu zituen gauza batzuek orain dela 50 urte bezain deserosoak izaten jarraitzen dute”.

Soinuaren balioa
Eta musika alderdirik agerikoena baino ez da. Izebergaren punta ikusten saiatzen ari gara, baina ur-azalaren azpian ezkutatzen da munstro handiena. Erkiziak dio ez dela garai txarra kontu hauetaz pentsatzen hasteko. Orain arteko musikaren kontsumo ohiturak aldatzen ari dira, eta horrekin batera zalantza berriak plazaratu daitezke soinuen balioaz. Hau da: kanten kontsumoa desagertzen ari bada, musika doan eskuratzeko aukera badugu, ez al da une aproposa musika bakoitzaren benetako balioaz pentsatzen hasteko? Eta jada ez ginateke ariko musikari buruz bakarrik: “Frekuentzien ikuspuntutik aztertzen hasiko bagina, konturatuko ginateke badagoela soinu mordo bat gure espazio publikoan, funtzionaltasun garbi batekin”.

Artelekutik atera naiz. Autoaren motorra, CD hori, gurpilak asfaltoaren gainean, dena da diferente. Dena zalantza. Berriz entzuten ikasi behar. Soinuak zerbait estaltzen du, beharbada egiaren bat.
– Zein egia?– galdetzen zion Neok Morpheusi Matrixen.
– Esklaboa zarela.

One Response to “Zein egia? ESKLABOA ZARELA”

  1. audiolab » Blog Archive » DIKTADURAK Says:

    [...] hain zuzen ARGIArako Bereziartuak egindako artikulua aipatzerakoan, gogora etorri zait, aldizkari berak ale gutti batzuk lehenago (2236. alea, 2010eeko [...]

Leave a Reply