AGUR SOUNDTRANSIT

December 16th, 2010

sountransit

Beharbada sareari buruz dakiten askok errepikatzen ari diren bezala web 2.0aren amaieraren abisu bat bertzerik ez da. Bere garaian, orain 10 bat urte, lehenbiziko netlabelekin gertatu zen bezala. Haiek apenas arrastorik utzi gabe desagertu ziren egun batetik bestera. Artxibo osoak. Oraindik ez ziren esistitzen gaur sareak eskaintzen dituen gordailu zerbitzuak, ez sare sozialak, ezta gaurko abiadurak ere. Baina badirudi orduko arazoak ere antzekoak direla gaur.
Berriki jakin dugu sareko soinuen mapen aitzindari eta askorentzako inspirazio iturri izandako bat, Soundtransit webgune holandarra, 2010arekin batera itzaliko dela. Soinu bidezko bidai ajentzia eder hau orain 5 urte hasi zen martxan (soinumapa hastapenetan ari zen bitartean) eta geroztik etengabe hazitzen joan den egitasmoa da. Ia 500 artistek hartu dute parte mundu zabaleko soinuak eskuragarri jarriz, denetara ehundaka hiri, herri eta parajetako 2.000tik gora audio grabazio.
Eta abenduaren 31an, zerbitzariaren gastuei aurre egin ezinean, eta inolako laguntza instituzionalik gabe, bertan behera geldituko da Soundtransit. Garabaketen artxiboa Soundcloud webgunean zintzilikatuko dute egitasmoaren arduradunek, bidai ajentziak aldiz iada ez du funtzionatuko.

Batzutan errazegi pentsatzen dugu sarean dagoen hori hor egongo dela betirako, eta zenbait informaziori dagokionean egia bada ere (informazio pertsonala bereziki), bertze kasu batzuetan, eta honakoan bezala soinuak gorde eta konpartitzeko helburuarekin sortutako egitasmo independienteen kasuetan, guztiz bertzelakoa da errealitatea. Inor gutxi larrituko zen, artxibo osoa ere desagertuko balitz. Zorionez ez da kasua. Baina ezin dugu ahantzi hala izan zela netlabelen lehen belaunaldi haren amaieran eta hala izan daitekela orain ere.

Irudiak badakigu non dauden, non gordetzen diren, musikak ere bai, hitzak ere bai, baina non daude gure zaratak, gure ahotsak, aireak, gure arnasak, non galtzen dira? Non daude gure soinuak? Nork gordetzen ditu? Zein balio dute?

Eta erantzunak pentsatu bitartean, azkeneko bidai bat soundtransiten?

Milesker 5 urtez bidaiatzen laguntzeagatik.

One Response to “AGUR SOUNDTRANSIT”

  1. Carver Says:

    Excellent post! I will be also gonna publish a blog post in regards to this… many thanks

Leave a Reply