KANTUAREN PREZIOA
March 4th, 2011Berria egunkariak 2011ko urtarrilaren 6ean A CAPELLA atalean argitaratu bezala:
Kantuaren prezioa
Joan den urteko azken hilaren hasieran jakinarazi zuten 2010eko Turner arte sari sonatuaren irabazlearen izena, Susan Philipsz. Soinu artista gisa defini dezakegun sortzaile eskoziarra da Philipsz, 45 urtekoa eta saria jasotzerako ibilbide luzea egindakoa. Espainian, erraterako, Vigoko Marcon edo Madrilgo Reina Sofia museoak Silosko monasterioan duen erakustokian jarri izan du bere lana, baita Donostian ere. 2002an D.A.E. egitasmoak gonbidaturik Philipszek kantu bat jarri nahi izan zuen Haizearen orrazia-ren ondoan, gero Front Line compilation liburu-CDan argitaratu zena.
Kantua baita eskoziarraren lanabes nagusia. Abestia, ahots hutsean, biluzik, inolako irudiren laguntzarik gabe eta bozgorailu batzuk ez diren bertze ikusizko erreferentziarik gabe. Soinu artearen definizio gordinenaren defendatzaile ortodoxoenak egingo lukeen modura.
Denok onartuko dugu kantuek, are gehiago a cappella kantatzen direnean, gugan sor dezaketen eragina ez dela nolanahikoa. Ezpata edo orratz bihurtzen direnean ez dugu zer eginik. Belarrietatik eta azal azpitik sartzen zaizkigu, zizareak edo usainak bezala. Eta ia konturatu gabe hunkitzen gaituzte, negar eginarazten digute, maitemindu egiten gaituzte edo, zergatik ez, gorrotoa pizten digute. Erlijioek adibidez, aspaldi ulertu zuten kantuaren boterea, baita ongi ikertu ere. Eta Philipszek itxura batean inuzenteak diruditen moduen bidez horixe kontatu nahi digula dirudi.
Baina inozentzia guti dago hemen. Bereziki Turner sariei buruz ari bagara. Tate Britain arte instituzio ofizial eta boteretsuari estuki loturik egon arren, bereziki bere izaera probokatzailearengatik egin da ezagun Turner Prize delakoa. Eta zenbait urtez erraz lortu du bere helburua. Saria irabazi duten artista gehienek polemikaz bilduta jaso dituzte dagozkien milaka liberak, eta kasu batzuetan, Damien Hirstenean adibidez, ezinezkoa bihurtu da polemika artelanetik banatzea. Eta polemikak, denok dakigu, saltzen du.
Badirudi azkenaldian artearen munduak eta bereziki merkatuak ukiezinak eta iragankorrak diren lanetan arreta berezia jarri nahi dutela. Ia dena erreproduzigarria, errepikagarria eta sailkagarria den garaiotan, soinuekin egindako lanek ederki egiten baitute bat artearen merkatuaren obsesio nagusiena den urritasunaren balioarekin. Eta oraindik polemika pizten dute.
Eta, gainera, boteretsuak dira.
Kantu batek 0,99 euro edo 0,99 dolar balio du Itunes dendan. Norbaitek ba al daki zenbat balio duen Tate Galleryn?
Xabier Erkizia