SOINUA ONDARE BIHURTUA
April 7th, 2011Gaurkoan Xabier Otamendi kazetariak idatzi du Berria egunkariarentzako, Soinumapa.net-i buruzko erreportaitxoa.
Soinuak ondare bihurtuta
Etengabe ari da soinumapa.net ataria eguneratzen; duela gutxi, adibidez, zenbait herritan ospatu diren inauterietako soinuak grabatu dituzte.
Xabier Otamendi Donostia
Milaka dira Euskal Herriak bere historia osoan sortu dituen soinuak. Urte horietan guztietan euskal herritarren izaerarekin, nortasunarekin eta inguruarekin komunikatzeko moduan eragina izan dute. Pertsonen oroitzapenetan egongo dira soinu horietako apur batzuk. Milaka (milioika seguruago) ahaztuta daude, eta inork ez du berriro haiek entzuteko aukerarik izango. Beste banaka batzuk grabagailuekin hartutakoak izango dira, eta norbaitek etxean izango ditu gordeta, beste batek noiz eskatuko zain.
Egoera horretaz ohartu zen lagun talde bat duela urte batzuk; horien artean, Xabier Erkizia musikaria. Soinuak grabatzen ibiltzeko ohitura handia dauka, ondoren horiekin musika sortzen baitu askotan. «Baina, musika egiteko erabiltzen ez nituen soinuak inork ez zituela entzuten konturatu nintzen. Horrez gain, guk entzun nahi genituen artxiboak ez genituen eskura. Historikoki giltzapean egon dira». Orduan, musika munduan zenbiltzan hainbat lagun bildu, eta proiektu bat gorpuzten hasi ziren; edozein pertsonak, edozein soinu entzuteko zein zabaltzeko aukera sortzea bururatu zitzaien.
Zortzi lagun inguru dabiltza lanean erregularki soinumapa.net webgunea soinuz aberasteko lanean, betiere, borondatez 2005etik. Hala ere, jende askok sartzen ditu bere ekarpenak atarian. «Gure orain arteko aurrekontua ia 0 eurokoa izan da». Kasu batzuetan, kanpainatxoak egiten dituzte soinuak biltzeko. Gai bat hartu, eta horren ingurukoak grabatzen dituzte. Azkena, adibidez, herrietako inauterien soinuak hartzen aritu ziren.
Horrelako lanei esker, beraien webgunean sartzen den orok Euskal Herriko herri askotan sortutako soinuak entzun ditzake. Mapan ikusten diren herrietan klikatuta, bertan grabatu diren soinu guztiak agertzen dira. Auto ilarak, zorroztailea, gizakiaren belarriak entzun ezin dituen animalien soinuak… Atalka ere banatzen dituzte horiek guztiak. Gizartea, Urbanoa, Seinale akustikoak, Natura, Mekanika, Bioakustika eta Besteak. Parte hartu nahi duenak oso erraza dauka; izan ere, web atariak horretarako aukera ematen du. Hala dio Erkiziak parte hartzeaz: «Edozein pertsona libre da bertan parte hartzeko. Oso praktikoa da, gainera; hezkuntzarako, ikus-entzunezkoetarako…».
Garbi dauka «gure ondare kulturala» dela soinuen mapa, eta etorkizunerako jendeak eskuragarri izateko erreminta dela artxibo librea. Proiektuarekin lortzen den gauzarik interesgarriena, ordea, gizartearentzat soinuek daukaten balioa aztertzean datza. «Garrantzitsua da artxiboak izatea, baina gehien interesatzen zaiguna, soinu horiei ematen diogun balioa da».
Mexikar baten soinuak oinarri
Proiektua prestatzen ari zirenean, Artelekuko Mediatekan bi CD aurkitu zituzten. Luz Maria Sanchez mexikarrak utzitakoak ziren. Bertan, Euskal Herriko zenbait bazterretako soinuak bilduta zeuden. Honako hau zioen ohar batean: Norbaitek noizbait erabili nahiko balitu soinu hauek, hemen ditu eskuragarri. «Berarekin harremanetan jarri ginen, proiektua azaltzeko eta bere lana oinarri gisa hartzeko proposatzeko».
Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, ikus webgune hau:
www.soinumapa.net